Espainiako inbestidura saioa. Bigarren bozketa

Inbestidurarik zakarrena

Sanchez Espainiako presidente aukeratuko dute gaur, bi botoren aldearekin. Eskuineko alderdiek azken unera arte baliatu dute bozketaren tarte txikia boto aldaketa baten mehatxua elikatzeko

Inbestidurarik zakarrena.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
PSOEko Pedro Sanchezek bi botoren aldearekin besterik ez du lortuko Espainiako presidentetzara itzultzea, Diputatuen Kongresuan gaur egitekoak diren inbestiduraren bigarren bozketan: ezustekorik ezean, aldeko 167 boto jasoko ditu, eta kontrako 165, hemezortzi abstentziorekin batera. Tarte txiki horrek agerian utzi du Sanchezek oinarri ahula izango duela agintaldian, eta negoziazioetan oinarritu beharko dituela datozen lau urteak. Ez hori bakarrik: kopuru hori datorren ezegonkortasunaren erakusle ere bada, eta, hortaz, oposizioaren jarrerarena ere bai; asteburuan inbestiduraren eztabaida eta lehen bozketa egin zituzten, eta PP, Ciudadanos (C's) eta Vox hortzak erakusteaz arduratu ziren, datorrena aurkezteko. Inbestidurarik zakarrena gaur amaituko da, agintaldirik zakarrenari atea irekitzeko.

Espainiak gobernu koalizio bat izango du frankismoaz geroztik lehenengoz, PSOEk eta Unidas Podemosek (UP) osaturikoa, eta alderdi independentisten babesa beharko duena bizirik irauteko. Eskuineko alderdiek asteburuan frogatu dutenez, babes horren beharra nahikoa da Sanchez datozen hilabeteetan ahalik eta gehiena estutzeko; horretan aritu dira egunotan ere, bozketaren tarte txikiak eta Coalicion Canariaren boto aldaketak sortu duen ezinegona baliatuta. Oihuak, irainak eta haserreak ere ez ziren falta joan den asteburuko saioan, eta gaur ere antzeko giroa espero da Kongresuan.

Kasurako, EH Bilduren bozeramaile Mertxe Aizpuruari herenegun gertaturikoa: hainbatetan eten zioten hitzaldia, eta eskuineko diputatuen garrasiak eragin zituen Arnaldo Otegi aipatzean eta Espainiako erregea kritikatzean. CUPeko Mireia Vehiren hitzaldiari ere oihuen bidez erantzun zioten PPren, C's-ren eta Voxen diputatuek, batez ere honako adierazpen hau egin zuenean: «Espainiako monarkia ustela da, eta disidentziaren kontrako gorrotora bultzaturiko segurtasun indarrak ditu».

Egoera are gehiago gaiztotzeko, diputatu eskuindar batzuek atzo adierazi zuten ez ziotela zilegitasunik aitortzen Sanchezi, Esquerra Republicanarekin (ERC) ados jartzeagatik, eta militarren esku hartzea ere entzun zen batzuen ahotan. Hain justu, Felipe VI.ak atzo eskerrak eman zizkien soldaduei, Espainiako Konstituzioarekiko duten «konpromisoagatik».

Eskuineko alderdien presioa izan da egunotako protagonista, baita diputatu batzuek sare sozialetan eta posta elektroniko bidez jaso duten presioa ere. Tomas Guitarte Teruel Existeren ordezkari bakarra da kasuetako bat, baina atzo adierazi zuen ez duela baiezkoa «inola ere aldatuko».

C's-eko Ines Arrimadas da beste kasu bat, PSOEko diputatuei dei egin baitzien euren botoa aldatzera, indar independentistetan oinarrituriko gobernua eragozteko; dena den, Sanchezen inbestidura oztopatuko lukeen aldaketaren bat egongo balitz, EH Bilduko Jon Iñarrituk Catalunya Radiori adierazi zion baiezkora pasatzeko prest egongo liratekeela.

Berez, Sanchezek PSOEren, UPren, EAJren, Mas Paisen, Compromisen, Nueva Canariasen, Teruel Existeren eta Galiziako Bloke Nazionalistaren (BNG) botoak ditu ziurtatuak; baita ERCren eta EH Bilduren abstentzioak ere. 12:00etan hasiko da gaurko saioa, eta 12:45 baino lehen ez diote ekingo bozketari; hortaz, 13:00 aldera Sanchez Espainiako presidente bilakatuko da, bozak irabazi ondoren lehenengoz.



Sanchezek bide luze eta gatazkatsua egin du gaurko inbestidurara iristeko: bozak bitan egin dituzte; Quim Torra Kataluniako presidenteak inhabilitazio zigor bat jaso du; Luxenburgok eta Europako Parlamentuak diputatu katalan independentisten aldeko erabakiak hartu dituzte; eta PSOEk eta ERCk Madrilgo eta Bartzelonako gobernuen arteko mahai bat sortzea adostu dute. Kataluniako auziak eragin du eskuindarren haserrea, eta gauza bera espero da datorren agintaldirako.

Ministro berriak

Bozketaren ostean, Sanchezek berehala jakinaraziko du gobernu berriaren osaketa, ostiralean bertan lehen Ministroen Kontseilua egiteko. Orain arte jakinarazitako informazioaren arabera, gobernu berriak hiru presidenteorde izango ditu: PSOEko Carmen Calvo eta Nadia Calviño, eta UPko Pablo Iglesias. Calvo lehen presidenteordea izango da, eta profil politikoa izango du; Iglesiasek, soziala, eta Calviño Ekonomia ministro izango da.

Fernando Grande-Marlaskak Barne ministro karguan jarraituko du, eta Jose-Luis Abalosek, Sustapenekoan. Berritasunen artean, UPko Alberto Garzon Kontsumo ministro bilakatuko da, Yolanda Diaz Lanekoa eta Manuel Castells soziologo ezaguna, Unibertsitateetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.