Koronabirusa

Kutsatzeen katea ez da eten, eta goia jo du ospitalean daudenen kopuruak

Nafarroan bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena izan dute (578), eta Gipuzkoako kutsatze tasa 500 kasutik gorakoa da jada. Murrizketak Iparraldean ere: ostatuek 22:00etarako itxi beharko dute

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren - Irati Urdalleta Lete
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Itxura beltza hartzen ari da pandemia. Koronabirusa oldartuta dabil azkenaldian, eta positibo kopurua da horren erakusgarri: beste 1.203 kasuren berri eman zuten atzo Hego Euskal Herrian, bezperan baino 80 gehiagorena. Birusa bereziki indartsu dago Nafarroan eta Gipuzkoan. Hamalau eguneko datuak kontuan hartuta, 100.000 biztanleko 945 kasu daude Nafarroan, eta Gipuzkoan, 506. Atzo gainditu zuen lehen aldiz 500 kasuren langa Gipuzkoak. Positibo tasa ere gorantz doa. Astelehenean, koronabirusa atzemateko 13.109 proba egin zituzten, eta %9,2k eman zuten positibo; bezperan baino ia puntu bat handiagoa da ehuneko hori. Datua bereziki adierazgarria da Nafarroan: PCRen %14k eman zuten positibo. Kutsatzeen igoera erasaten ari da ospitaleetan, eta bigarren olatuko paziente kopururik handiena daukate oraintxe.

Datuei lurraldez lurralde erreparatuta, kasuen ia erdiak (578) Nafarroan atzeman dituzte, eta pandemiako daturik okerrena da hori. Ez dute itxura onik Gipuzkoako zenbakiek ere: 304 positibo atzeman dituzte, astelehenean baino 29 gehiago. Halere, joan den larunbatean iragarritako 430 kasuetatik urrun dago kopuru hori. Zenbakiak apalagoak dira Bizkaian eta Araban. Bizkaian, 265 kasu atzeman dituzte, azken asteko kopuru txikiena; Araban, 55, daturik onena urriaren 14tik.

Positiboak areagotu ahala, ospitaleak ere betetzen ari dira. Astelehenean, beste 79 pertsona erietxeratu behar izan zituzten Hego Euskal Herrian, bigarren olatuko kopururik handiena. Eta COVID-19arekin ospitalean dauden lagunen kopuruak ere goia jo du: 634 dira. Gaixoen egoera ere okerrera egiten ari da: 97 larri daude, ZIU zainketa intentsiboko unitateetan. Bigarren olatuko kopururik handiena da ZIUetakoa.

Datuon gaineko ikusmina handia da. Izan ere, izurriarekin lotutako aldagaiek asteak daramatzate igoera etengabean, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan. Buelta eman nahian, astelehenean jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak itxi egingo duela herrialdea: sartu-irtenak kontrolatuta egongo dira; taberna eta jatetxeak, itxita; eta kalean egiten den jarduera oro eten egin beharko dute 21:00etarako. Gaur dute araua argitaratzekoa. Oraindik Nafarroakoetatik urrun egon arren, Gipuzkoako datuak «bereziki kezkagarriak» direla aitortu zuen atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Bilera egin zuen herrialdeko alkateekin, eta «erabateko babesa eta lankidetza» eman zien gaitzaren hedapena «guztien artean» mugatzeko. Herritarrei ere mintzatu zitzaien: «Harreman sozialak ahalik eta gehien mugatuta soilik lortuko dugu kasuen gorakada geldiaraztea eta kutsatze lerroak moztea».

Neurriak, zalantzan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere aitortu zuen herenegun birusaren «transmisio handia» dagoela. Halere, intzidentziarik handiena duten herriak ixtea ez dute buruan, Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak adierazi zuenez. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo zehaztu zuen ez dutela «ezer» baztertzen, baina oraingoz ez daudela mahai gainean konfinamenduak eta etxeratze agindua.

Jaurlaritzak larunbatean eman zuen neurri gehiagoren berri —sei lagunetik gora elkartzeko debekua, adibidez—, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren zain dago orain. Neurriak babestu ditu fiskaltzak.

Baina Espainiako Gobernua aurreratu daiteke. Salvador Illa Osasun ministroak atzo adierazi zuen autonomia erkidegoekin aztertuko duela etxeratze agindua ezartzea —erkidego batzuek eskatua dute—, eta ohartarazi zuen horretarako alarma egoera ezarri beharko luketela. Bihar daukate bilera Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek.

Bitartean, Osakidetza hasia da Durangoko (Bizkaia) baheketa egiten, eta berdin egingo dute Ordiziako eta Zaldibiako herritarren artean: gaur hasiko dira probak egiten, 13 eta 40 urte artekoei.

Ipar Euskal Herriko datu zehatzak eskuratzea zaila den arren, datuak okerrera egiten ari dira. Maritxu Blanzaco Akitaniako ARS osasun agentziako Pirinio Atlantikoetako ordezkariak koronabirusari buruzko departamenduko datu orokorrak eman zituen atzo. Intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 209koa da Pirinio Atlantikoetan, eta positibo tasa, berriz, %11,9koa. Baiona inguruan, hobea da egoera: Baiona-Angelu-Miarritzen %8,8ko positibo tasa dutela jakinarazi du Blanzacok, eta Baionako ospitaleko ZIUan sei paziente daudela orain.

Erremedioa jartze aldera, hainbat neurri iragarri zituen atzo Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Ostatuei dagozkie gehienak: 22:00etan itxi beharko dute; ordu horretatik aitzina, ezin izanen dute eramateko alkoholik saldu, eta musika ezinen dute ozen jarri irekita dauden bitartean. Jatetxeak salbuetsita daude itxiera ordutik, Spitzek azaldu duenez. 22:00etatik 08:00etara karrikan alkohola edatea ere debekatu du prefetak. Bihartik aitzina egonen dira neurriak indarrean, gutienez hamabortz egunez. Egoera «kontrolatua» dagoela uste du Spitzek, baina ez du baztertu egoera okertzen bada neurri gehiago hartu behar izatea.

Egoitzak, larriago

COVID-19ak gogor erasan du zahar etxeetan: hala izan zen lehen olatuan, eta bide beretik doa bigarrenean ere: mila egoiliar baino gehiago hil dira denera. Nafarroak, Arabak eta Gipuzkoak eguneratu zituzten atzo datuak. Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuten uztailaren 1etik adinekoen egoitzetan 38 lagun hil direla; azken zenbaketan baino zazpi gehiago dira. 152 kasu positibo dituzte —jaitsi egin da kopurua—. Arabako egoitzetan beste bi egoiliar hil dira: Zuiako Orobidean eta Gasteizko Florida Etxean. Gainera, Pablo Neruda egoitzan, positibo bat atzeman dute, eta PCRak egingo dizkiete egoiliar guztiei. Gipuzkoan, lau egoiliarrek positibo eman dute, eta 63 kasu daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.