Berta Caceresen hilketa. Ekintzaileak

Ingurumenaren defendatzaileak interes handien erdigunean

Praktika suntsitzaileen aurka egin zuten 207 pertsona hil zituzten gutxienez joan den urtean. Aurten, 66 aktibista hil dituzte jada. Lau ekintzaile hiltzen dituzte astean, batez beste

2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Global Witness eta The Guardian egunkariak elkarrekin egindako kontaketaren arabera, gutxienez 66 pertsona hil dituzte 2018an lurra eta ingurumen defendatzeagatik. Haien inguruko baso, ibai zein bizilekuak babesten dituzte industria suntsitzaileen aurrean. Bizi baldintza duinen eta idealen borroka horren ondorioz, ekintzaileak hil dituzten kasuek gora egin zuten pasa den urtean. 2017an, gutxienez 207 aktibista hil zituzten, iturri horiek jakinarazi dutenez. Global Witness GKE gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat argitaratu ohi du urtero 2015az geroztik eta, datuak biltzen hasi zirenetik, hildako gehien izan dituen urtea da 2017a. GKEak adierazi du hilketa gehiago daudela, baina ez direla dokumentatu.

Ikerketa egin duen erakundearen arabera, «hilketak jendea isilarazteko modu ankerrena dira». Hala ere, kasu guztietan ez dituzte hiltzen ekintzaileak, bestelako erasoak ere egiten baitituzte; bahiketak, zibererasoak, eraso sexualak edo salaketa judizialak dira horren adibide.

Agroindustria izan da sektore arriskutsuena ingurumenaren defendatzaileentzat. Orain arte meatzeen aurkako protestetan hiltzen zuten jende gehien, baina 2017an, lehen aldiz, agroindustriako hilketak meatzeetakoen aurretik kokatu dira. Guztira 46 pertsona hil zituzten produkzio eredu horren kontra egiteagatik. Meatzeetan eta petrolioarekin aritzen direnen lanei aurre egin eta erail zituztenak 40 dira. Ehiza ilegalarekin lotutako kasuetan, berriz, 23 hilketa egon ziren. Zuhaitzen mozketaren aurka egin zuten beste horrenbeste aktibista hil zituzten iaz.

GKEak dioenez, «praktika suntsitzaile hauekin jasotako lehengaiak, supermerkatuetan izaten diren xanpuak ekoizteko erabiltzen den palma olioa edo altzarietarako egurra dira, esaterako». Orokorrean gisa horretako erasoak indibidualak izaten diren arren, pasa den urtean hainbat ekintzaile hil zituzten aldi berean. Horrelako zazpi kasu egon ziren non lau pertsona baino gehiago hil zituzten eraso berean. «Eraso hauekin argi utzi nahi da inor ez dagoela salbu, hilketen biktima izateko arriskua ez dutela soilik komunitateetako liderrek», adierazi du Global Witnessek bere txostenean.

Latinoamerikan izan ziren hilketen erdia baino gehiago; ia %60 han izan ziren, hain zuzen ere. Brasilen jaso zen urte batean izandako hilketa kopuru handiena: 57 pertsona erail zituzten. Hauetako gehienak, %80, Amazoniako ingurumena babesteagatik.

Asiako herrialdeen artean Filipinetan egin zuten hilketa gehien. Pasa den urtean inoiz kontinentean izandako datu altuena batu zen, 48 hilketekin. Global Witnessen iritziz, Rodrigo Duterte presidenteak «giza eskubideekiko duen jarrera oldarkorra eta presentzia militarraren areagotzea da biolentziak gora egitearen arrazoia».

Herrialde guztien artean «arriskutsuena» Honduras da, Global Witnessen arabera. Izan ere, han daude hildako pertsona gehien biztanleko. Aitzitik, hilketa gutxiago egon dela adierazi dute azterketa egin duen gobernuz kanpoko erakundeak, «gizarte zibilaren aurkako errepresioa inoiz baino gogorragoa den arren».

Afrikako datuak biltzea zailagoa izan da Global Witnessentzat. Eskuartean dituzten datuek diotenez, hemeretzi hilketa izan ziren kontinentean joan den urtean. Horietatik hamazazpi ehiztari eta meatzari ilegalen aurka egiteagatik hil zituzten. Hilketa gehienak Kongoko Errepublika Demokratikoan izan ziren.

Gobernuei eskaera

Erakundeak gobernuaren segurtasun indarrak 53 hilketekin lotu ditu. Global Witnessek uste du gobernu eta enpresek «arazo» bat izan beharrean, «konponbidearen» parte izan beharko luketela. Hori dela eta, eraso horiekin amaitzeko eskaera egin die. Komunitate bakoitzak bere lur eta baliabideak zer modutan erabili nahi dituen erabaki beharko lukeela uste du gobernuz kanpoko erakundeak. Horrez gain, ekintzaileak lege, politika eta praktika zehatzen bitartez babesteko eskaera ere egin du.

Global Witnessek aitortu du zenbait enpresa eta gobernuk hartu dituztela neurriak arazo horri aurre egiteko, baina «oraindik ere askoz gehiago» egin behar dutela deritzo gobernuz kanpoko erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.