Gatazkaren ondorioak. Eragileen hausnarketak

Bake «ekosistema» bat euskal bakegintzan

Herritarrek euskal gatazkaren konponbide prozesuan jokatutako rola ikertu dute EHUko udako ikastaroetan. Esan dute gauzatzen ari dela jada justizia trantsizionala, egiaren arloan urratsak eginda
Joxerramon Bengoetxea, Anaiz Funosas eta Paul Rios, ikastaroko lehen saioan, atzo.
Joxerramon Bengoetxea, Anaiz Funosas eta Paul Rios, ikastaroko lehen saioan, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko uztailak 6
30 urte dira Kortatuk bere azken kontzertua eman zuenetik; Azken guda dantza izena jarri zioten kontzertuari eta orduan grabatutako diskoari. Atzo, guda dantzaz baino, bake dantzaz aritu zen Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohi eta Agirre Lehendakaria Centerreko kidea; justuki, euskal gatazkaren konponbide prozesuaz: «Berrikuntza nagusia izan da eredu berri bat osatu dela; bik dantzatu ezinda, batek ez nahirik, dantzari gehiago sartu direla». Horrela, bake prozesu «klasiko» bat bainoago, bake «ekosistema» bat sortu da, askotariko eragileek osatua, Riosen hitzetan.

Trantsiziozko Justizia Euskal Herrian: ETAren desagerpena Nazio Batuen Erakundearen DDR irizpideen testuinguruan eta ETA-osteko agenda izeneko saioa antolatu zuten atzo Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroek. Bertan aritu ziren solasean Rios bera, Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramailea, Jean Pierre Massias Baionako Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea, Amaia Alvarez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlaria eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea.

Riosek «bere kontakizuna» egin zuen ETAren amaieran gizarteak izandako inplikazioaz. ETAk 2011n jakinarazi zuen bere jardun armatua behin betiko eteteko erabakia. «Has zitekeen bake prozesu klasiko bat: gizonak, armatuak, mahai baten bueltan, akordio bat lortzen. Eraginkorra izan da askotan, baina defizit ugari ditu», Riosek azaldu zuenez. Euskal ereduaren kudeaketa «askoz zailagoa» izan arren, uste du baketzea «iraunkorra» dela Euskal Herrian, eta herritarren parte hartzeak iraunkortasuna bultzatzen duela.

Alvarez Nafarroako errealitateaz mintzatu zen. Haren hitzetan, justizia trantsizionala «mekanismo sorta bat» da, trantsizio garaietan ezartzen dena. Alor horretan, uste du Nafarroan «asko aurreratu» dela urteotan, bereziki memoria historikoari dagokionez, baina aurrera egiten jarraitzeko «potentzialitate handia» ikusten du. Justizia trantsizionala euskal kasura «berandu iristen» ari dela pentsatu arren, azpimarratu zuen beste gizarte mugimendu batzuk loraldian daudela, eta Euskal Herriko justizia trantsizionala haiekin uztar daitekeela: «Olatuok aprobetxatu behar dira justizia trantsizionala osatzeko, zubiak eraikitzeko».

Ekintza «fundazionala»

Funosasek Ipar Euskal Herriko ikuspegitik jardun zuen. Aieteko konferentzia «ekintza fundazional» gisa deskribatu zuen, «askatze» ekintza bat, eta horrek Iparraldean izan zuen eragina xehatu zuen: «Lehen aldiz gonbidatu zituzten iparraldeko eragile politiko guztiak, eta bertara joan ziren ordezkari ugari, PStik eta eskuin frantsesetik ezker abertzalera. Gainera, Aieteko 2. puntuan, Frantziako Estatua aktore aktibo gisa aipatu zen». Aietekoaren ondoren eragileek «erantzukizuna» hartu zutela nabarmendu zuen Funosasek; gero iritsi ziren Frantziako Gobernuarekiko elkarrizketak, armagabetzea, presoen auziari heltzeko hizketaldiak Parisekin eta Emmanuel Macronen gobernuaren espetxe politikaren aldaketa: «Hona iritsi gara guztien arteko adostasun bat lortuta prozesuaren etapa ezberdinetan».

«Justizia trantsizionaleko prozesu batean gaude, horretaz hitz egiten ez bada ere». Horrela hasi zuen Pegok hitzaldia; Jaurlaritzarentzat eginiko torturei buruzko txostena aletu zuen, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren kontra emandako ebazpenak gogorarazi zituen. «Hori ere egia judiziala da», esan zuen ironikoki, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak herenegun txostenaz esandakoei erantzunez. Txostenaren ondorioen artean, aipatu zuen «tortura errazten duten baldintzak» egon direla, inkomunikazioa preseski aipatuta.

DDR armagabetze, desmobilizazio eta birgizarteratze estandarrak izan zituen hizpide Hernanek, eta honako hau galdetu zuen: balio izan al dute nazioarteko erreferentzia horiek euskal kasuan aurrera egiteko? Berak erantzun zion bere buruari: «Bai. Blokeoak egon dira, frustrazioa eragin dutenak. Nazioarteko erreferentziek korapilo horiek askatu dituzte». Erantsi zuen ETAren osteko aroan biktimek rol «nuklearra» izan behar dutela, eta, espetxe politikaren alorrean adostasun instituzionala, politikoa eta sindikala dagoela puntu ugariren inguruan.

Massiasen hitzaldiarekin amaitu zen saioa. Azaldu zuen justizia trantsizionalaren zutabeak egiarako eskubidea, erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzea direla, eta gaineratu gertatutakoaren azalpenean ez dagoela adostasun osorik: «Justizia trantsizionalaren zereginetako bat da desadostasuna antolatzea. Ez dago egia bat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna