Euskal estatuaren beharra ikusten du Ibarretxek, Madrilen «ukazioagatik»

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, udako ikastaroetan. Espainiarekiko eta Europarekiko «derrigorrezko dependentziaz» ohartarazi du

Juan Jose Ibarretxe, atzo, Donostian, EHUren udako ikastaroetan hitzaldia hasi aurretik.
Juan Jose Ibarretxe, atzo, Donostian, EHUren udako ikastaroetan hitzaldia hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko uztailak 20

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak aitortu du duela urte batzuk ez zuela pentsatzen Euskadi edo Euskal Herriak —bi adierak erabili ditu— estatu propioa behar zuenik, baina erantsi du Madrilen ukazioaren ondorioz izan beharko lukeela. 2002an, Javier Ortiz zenaren liburuan zioen «burujabetza Espainiarekin eta Frantziarekin partekatu» nahi zuela, «erabat posible delako beste denbora askoan elkarrekin bizitzen segitzea, elkarri errespetua izanda». 2010ean ere, Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen iraunkorra: eredu demokratiko baten oinarriak tesia aurkezteko garaian, ez zuen pentsatzen behar denik euskal estatua, EHUren Badu kosturik Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak? udako ikastaroetan azaldu duenez: «Doktore tesia egin nuenean galdetu zidaten ea pentsatzen al nuen estatua izan behar den protagonismo berri bat edo aktore berri bat izateko. Erantzun nuen ez dela behar-beharrezkoa. Pentsatzen nuen estatuen eraldaketa prozesu bat zegoela». Segida eman dio azalpenari, gaurko ikuspegitik: «Baina esaten bazait gure herria estatu ez delako zerga politikak defenditzeko tokirik ez dudala Ecofinen [Europako Ekonomia ministroen kontseilua]; gainera, esaten bazait gure herriaren garapenerako hainbat arlo funtsezkori eragiten dioten erabaki estrategikoetan ezin dudala parte hartu, ez naizelako estatu; edo ezin dudala izan kulturan edo kirolean nazioarteko ordezkaritzarik, ez naizelako estatu, hori dena ukatzen bazait estatu ez izateagatik, izan beharko dut. Denbora askoan pentsatu nuen ez zela behar-beharrezkoa».

Ibarretxek uste du «herri honek» Madrilekiko eta Bruselarekiko «derrigorrezko dependentzia» daukala oraindik ere, bi haien «mende» jarraitzen duela. «Onartuta dagoen independentzia da gakoa: nola lortu? Kostua da derrigorrezko dependentziak duena. Horretan datza arazoa».

Ondorioz, aske izatea aldarrikatu du Donostian, Derrigorrezko dependentziaren kostea hitzaldian, eta gogoratu 2004an EAEko Estatutu Politiko Berrian erabakitzeko eskubidearen kontzeptua onartu zuela Eusko Legebiltzarrak. «Boterea herritarrei itzuli behar zaie. Gizarte zibilak protagonismoa berreskuratu nahi du bizitza publikoan. Gakoa ez da independentzia edo dependentzia. Demokrazia da gakoa. Demokraziaren inguruan eztabaidatu behar da». Europako Batasuna erabakitzeko eskubidearen gainean eraikita dagoela esan du, eta adibide modura jarri ditu Norvegiak EBn ez parte hartzeko erabakia, Eskoziako erreferenduma eta Erresuma Batuaren brexit-a. «Gure nazioa eraiki behar dugu, baina oinarri soziala zabaldu egin behar dugu, eta demokrazia kontzeptuaren inguruan zabaltzen da, bai esateko Euskadiren independentziari edo Espainiaren batasunari».

Madrilen jarrera ikusita, ordea, zaila deritzo erreferendum«itundu»bat lortzeari. «Nola lortzen da hori aulki bat hutsik dagoenean?». Aurrerabiderako jarrera izanez gero, esan du «eskubide historikoak «eguneratuta» bide bat egin daitekeela —«Kataluniak ez duen aukera bat dugu»—, baina ohartarazi du ezin dela egon beti Espainiak zer esango. Beste batzuetan bezala, voice or exit printzipioa atera du: «Edo hitza ematen didazu, edo banoa»

Ohi duen legez, mapak eta datuak pantailan paratuz, Europan eta munduan «gero eta aktore berri gehiago» dagoela adierazi du Agirre Centerreko zuzendariak, eta seguru agertu da «Euskal Herria» ere izango dela aktore berri urte batzuk barru. «Ez dakit noiz eta zer harreman juridiko-politikorekin, baina izango da»; baita, uste duenez, Eskozia, Flandria, Katalunia eta Quebec ere.

Lana eta norabidea

«Euskadi ez dago munduko plazan, eta egon behar dugu». Bidea egiteko, bi oinarriri eman die garrantzia. «Erne: lan egin behar da. Eta, ahal dela, norabide berean». Beste oinarria: proiektuan, ikerketa+garapena+berrikuntzaz gain, euskal identitatea txertatzea. Gainera, hezkuntza sistema aldatzearen alde mintzatu da, «dagoeneko ez baita nahikoa jakitea; ulertu egin behar da».

Dependentziari buruzko udako ikastaroen zuzendari Iñaki Goirizelaiak sarrera hitzaldian adierazi du egin izan direla balizko Euskal Herri independente baten aurreikuspen ekonomikoak, «katastrofikoak», eta, bederen, horietako bat «bete» dela: langabeziarena, «krisiagatik...». Nekane Balluerka EHUko errektoreak esan du arduradun publiko izateagatik ezin duela gaiaz baloraziorik egin, baina ikastaroek «interes handia piztu» dute harengan. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea ere izan da hasierako ekitaldian.

Interdependentziaren bidea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: