Euskal presoen auzian «adostasun zabala» aurkitu du Foro Sozialak

Ondorio hori atera dute zenbait eragilerekin egin dituzten bileretatik. EPPK-ko ordezkariekin egindako bileran, egiaztatu dute presoak urratsak egiteko prest daudela
Juanjo Espina, Joseba Azkarraga, Patrizia Velez eta Teresa Toda, atzo, Bilbon.
Juanjo Espina, Joseba Azkarraga, Patrizia Velez eta Teresa Toda, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko uztailak 25
Foro Sozial Iraunkorrak, eta bertako kide diren bi elkartek —Sarek eta Etxerat-ek— agerraldia egin dute Bilbon, azken asteetan egin dituzten bilera eta kontaktuen berri emateko. Bilera sorta bukatu gabe dago oraindik, baina Foro Sozialak egiaztatu du «adostasun sendo eta zabala» dagoela eragileen artean presoen auziari dagokionez.

Foro Sozialak «konponbiderako premiazko agenda» deritzon neurri sortaren inguruan dago adostasun hori batez ere. Bost puntu daude aipatutako agenda horretan: gaixo handi diren eta 70 urte baino gehiago dituzten presoen auzia, urruntzearen amaiera, graduen aldaketa, Frantziako kartzeletan betetako zigorrak aintzat hartzea eta espetxe eskumenen transferentzia.

Foro Sozialeko bozeramaile Teresa Todak eta Juanjo Espinak esan dutenez, azken asteetan bilerak izan dituzte Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidente Ana Oregirekin, arartekoekin eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ordezkariekin. Horrez gainera, iritziak trukatu dituzte gizarte zibileko eragile ugarirekin eta 72 pertsona esanguratsurekin ere. Espero dute laster bilerak egitea Nafarroako Gobernuarekin eta Espainiako Gobernuak EAEn zein Nafarroan dituen ordezkariekin ere.

Bilera horien asmoa zen IV. Foro Sozialaren ondorioen berri ematea, konponbiderako premiazko agendaren bost puntuak aurkeztea. Horien inguruko adostasunaz gain, Foro Sozialak egiaztatu du «korapiloa askatzen» hasi dela, eta Espainiako Gobernua ere «bere bide orria marrazten» ari dela, oraindik «gauza asko definitzeke» dauden arren.

Bilera EPPKrekin

Bilera horietatik guztietatik, bereziki nabarmendu dute hilaren 21ean EPPK-ko ordezkariekin egindakoa Alboroteko espetxean (Granada, Espainia). Aurten Foro Sozialak EPPKrekin egiten duen hirugarren bilera izan da; orain artekoetan, Jon Olarra Guridi izan dute mintzaide, eta azken horretan Ainhoa Mujika Goñi ere batu zen elkarrizketetara.

Todak eta Espinak esan dutenez, baldintzak ez ziren oso egokiak izan; bilera egiteko gela eskatu zuten, baina espetxe zuzendaritzak ukatu egin zien, eta, hortaz, 40 minutuko bisita arrunta baliatu behar izan zuten horretarako, mintzaideen artean kristalezko hesia zegoela.

Hala ere, hainbat ondorio positibo atera zituzten; presoek «itxaropenez» hartu dutela egoera berria, nahiz eta «zuhurtziari» eusten dioten; eta presoak prest daudela euren ibilbidea espetxe legediaren barruan egiteko, eragindako minaren aitortzan urratsak egiteko eta «bide orriaren diseinuan» ekarpenak egiteko.

Biktimen atalari ere garrantzi handia ematen diote Foro Sozialean. «Biktimei entzun egin behar zaie», esan du Todak. «Biktima guztiei; antolatutakoei eta antolatuta ez daudenei».

Etxerat-eko Patrizia Velez bat etorri da Foro Sozialaren balorazioarekin, baina berriro gogorarazi du presoen senitartekoek ezin dutela sufrimenduaz hitz egin iraganeko kontua balitz bezala, eta 4.000 lagun inguru direla astero-astero bidaia luzeak egin behar izaten dituztenak gertukoak ikusi ahal izateko. Esan duenez, eskubideak «urratu edo errespetatu» egiten dira, «eta, oraintxe, Espainiako Gobernuak eskubideak urratzen segitzen du».

Sareko Joseba Azkarragak ere «itxaropena eta zuhurtzia» uztartu ditu bere hitzaldian. Presoak ekartzeko bidean «tarteko helmugak» ezartzeko aukeraz, galdetu du ea zenbat denborarako liratekeen: «Ezin dira askoz gehiago atzeratu beren legea betetzen; letra larriz idatzitako justiziaren ordua da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna