Abertzaleentzat garestiago

Ciudadanosek ordezkaritza zaildu nahi die indar abertzaleei Espainiako Kongresuan, estatuko botoen %3 eskuratzera behartuta. Europan ere nekezagoa izango dute.

Marian Beitialarrangoitia, Aitor Esteban eta Pedro Azpiazu, Espainiako Kongresuan, 2016ko urriko irudi batean. BALLESTEROS / EFE.
jon olano
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak iragan asteartean eginikoa da oharra: «Legea horren modu bihurrian aldatzen badute, Euskadin hainbat egongo dira pentsatuko dutenak Kongresuan ez gaituztela nahi, eta ea zer egiten dugun estatu honetan». Lege bihurritze hori Ciudadanosen errezeta da, gaur egun alderdi abertzaleek Espainiako gobernabidean duten eragina murrizteko edo desagerrarazteko egina: indar politiko batek Espainiako Gorteetan ordezkaritza izateko «gutxienez» Espainiako Estatuko botoen %3 eskuratu behar izatea hauteskundeetan. Gaur-gaurkoz, Espainiako Hauteskunde Lege Organikoaren arabera, alderdiek ordezkaritza lor dezakete langa hori gainditzen duten barrutietan. Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak plazaratu zuen proposamena, ekain erdialdean.

Gaur egun, probintziak dira barrutiak Espainiako bozetan, eta alderdi batek barruti batean lortu behar du %3ko langa gainditzea ordezkaritza lortu ahal izateko. Adibiderako: Espainiako Gorteetarako 2016ko ekaineko bozetan, EAJk %3ko langa gainditu zuen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan nahiz Nafarroan, eta bost diputatu eskuratu zituen. EH Bilduk ere %3ko gutxienekoa gainditu zuen Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, eta bi diputatu lortu. Aitzitik, Espainiako Estatuko boto guztiak aintzat hartuta, %1,2 boto jaso zituen EAJk, eta %0,7 EH Bilduk. Elkarrekin aurkeztuta ere ez lirateke Espainiako Estatuko botoen %3ra iritsiko.

PPk Espainiako batasunari buruzko legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, eta hori baliatu Ciudadanosek, zuzenketa baten bidez, Hauteskunde Legea moldatu eta baldintza hori eransteko. Ines Arrimadas alderdiko bozeramaileak adierazi zuenez, Ciudadanosen asmoa da Espainiaren etorkizuna ez egotea harentzat «okerrena» nahi dutenen esku, eta alderdi abertzale eta independentistak ez izatea «agintzen dutenak».

«Ukazioa» helburu

EAJ kexu azaldu da erreforma asmoarekin. Elkarrizketa batean, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak ohartarazi zuen Espainiako Kongresuan ordezkaritza apalagoa duten alderdiak «isilaraztea eta ukatzea» dela Ciudadanosen nahia: «Ez dute estatuaren ikuspegi plurinazionala, eta uste dute alderdi minoritarioen ordezkaritza politikoa eta demokratikoa isilarazita eta ukatuta gauzatuko dutela Espainiarako proiektu handia». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ere kritikatu du; Andeka Larrea Komunikazio idazkariaren iritziz, proposamen «baztertzailea» da, Ciudadanosen «norabide ezaren» eraginez egindakoa, eta agerian uzten du «estatuaren pluraltasuna ulertzeko ezintasuna».

Ohikoa da gutxieneko boto portzentaje bat lortu behar izatea parlamentu eta udaletan ordezkaritza izateko. Hego Euskal Herriko udal hauteskundeetan, beharrezkoa da gutxienez botoen %5 eskuratzea, eta langa hori %3koa da Eusko Legebiltzarreko nahiz Nafarroako Parlamentuko bozetan —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herrialdeak dira hauteskunde barrutiak; lor daiteke ordezkaritza herrialde batean, nahiz eta beste batean ez gainditu %3a—. Ipar Euskal Herrian, berriz, bi itzuliko gehiengo sistema bidez hautatu ohi dituzte udal hautetsiak, diputatuak eta Frantziako presidentea, eta, beraz, alferrikakoa da gutxieneko boto portzentaje bat ezartzea.

Eusko Legebiltzarrak 2000. urtean aldatu zuen hauteskunde legea, barruti bakoitzean eskuratu beharreko boto portzentajea murrizteko. %5ekoa zen ordura arte, eta %3ra urritu zuen. Keinu hura Ezker Batuari mesede egiteko neurritzat ulertu zen, baina funtsean ez zuen zuzeneko eraginik izan, 2001eko hauteskundeetan alderdiak %5eko langa gainditu baitzuen barruti bakoitzean, eta hiru legebiltzarkide lortu guztira. Bozen ondoren, Ezker Batua Jaurlaritzan sartu zen.

EBn, 2024rako

Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan proportzionala da aukeraketa sistema konfederazio osoan, baina ezberdinak dira estatu kideek ezarritako langak. Frantziak %5ekoa du, eta, Espainiak oraingoz ez du gutxienekorik. Hala ere, Europako Parlamentuak uztailaren 4an onartu zuen 35 legebiltzarkide baino gehiago dagozkien estatuek gutxieneko langa bat jartzea, %2 eta %5 artekoa. Espainiari eta Alemaniari eragiten die horrek. Beranduenera ere, Espainiako Estatuak 2024ko bozetarako ezarri beharko du, eta eragin zuzena izan lezake soilik Hego Euskal Herrian aurkezten diren indarren ordezkaritzan. Neurria onartu zuten egunean bertan azaldu ziren kontra EAJ, EH Bildu, ERC, PDeCAT, BNG eta Compromiseko ordezkariak: «Erreforma hau balio europarren kontrakoa da, eta demokrazia txirotzen du. Gure demokrazietan sakontzeko oztopo bat izango da». Salatu zuten alderdi handien mesedetan eginiko aldaketa bat dela.

Datorren urteko maiatzerako daude deituta Europako bozak, baina ordurako ez litzateke ezarriko neurria.

Beraz, gutxieneko portzentajeak sistema proportzionaletan du zentzua, nahiz eta, hain justu, proportzionaltasun hori mugatzen duen; zenbat eta gorago langa, orduan eta desproportzionalagoa da hauteskunde sistema, langa horretara iristen ez diren indar politikoek ordezkaritzarik lortzen ez dutenez gero. Bi muturretan daude Herbehereak eta Turkia: aurrenekoan, alderdi politiko batek estatu osoko botoen %0,67 eskuratu behar ditu ordezkariak lortzeko; bestean, berriz, baldintza hori %10ekoa da. Zatiketa parlamentario handia saihestea eta gobernabidea erraztea izan ohi da gutxieneko langak ezartzeko argudio nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.