Olarizuko ikur frankista jomugan

Mendiolako herritarrek ebatzi dute beren ardurapeko lurretan dagoen gurutzea kentzea. Gasteizko Udalak ikurrari eutsi baina testuingurua ematearen alde egin du
JUANAN RUÍZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2018ko abuztuak 25
Gasteizen dagoen ikur frankista nagusietako bat kentzeko erabakia hartuta dago. Mendiolako (Araba) herri batzarrak Olarizuko gurutzea kentzea erabaki du. Uda aurretik herritarrek bozkatu zuten, eta hamarretik zazpi agertu ziren sinbolo frankista kentzearen alde.«Badakigu oso gai sinbolikoa dela, baina ezin dugu ahaztu ikur horrek zer sinbolizatzen duen», esan du Ibon Urizarrek, Mendiolako batzarreko fede emaileak.

Erabakiaren jatorria Gasteizko Udalaren eskaera batean dago. Urte hasieran, udalak Mendiolako administrazio batzarrari baimena eskatu zion gurutzean plaka informatibo bat jartzeko, sinbolo frankistaren «testuinguruaren» berri emateko. Udala urte hasieratik ari da hiriko hainbat txokotan plakak jartzen, memoria historikoa berreskuratzeko: Santa Isabel hilerria, hirian egondako espetxeak... Olarizuko gurutzea plangintza horren barruan zuen, Gasteizko landa eremuan baitago. Ordea, ikurra dagoen lurren jabea ez da Gasteiz, Mendiola herria baizik, eta hango herritarrek sinboloa kendu nahi dute.

Urizarrek jakinarazi du bildu duten informazioaren arabera herriak har dezakeela erabakia. Batetik, gurutzea dagoen lekua ez da erabilera publikoko mendia; hau da, haren jabeek ez dute aldundiaren oniritzirik behar gurutzea kentzeko. «Are gehiago, muinoaren gainean bi lursail daude, biek hiri-lurzoru izendapena dute, eta gurutzea horietako baten gainean eraikita dago». Halaber, gaineratu du gurutzeak ez duela inolako babesik, bildu duten informazioaren arabera. «Herriko zaharrenek gogoratu dute dirua jarri behar izan zutela hori egiteko, eta... Ea nor ausartzen zen garai horretan proiektua ezbaian jartzera».

Herriaren erabakiaren aurrean, Urizarrek azaldu du batzorde bat osatu dutela, etorkizuneko erabakiak aztertzeko: gurutzearen lekuan beste zerbait jarri, inguru horretan zuhaitzak jarri... «Edozein erabaki herri batzarrak hartuko du».

Egoera berria aztertu

Mendiolako herritarrek hartutako erabakia Gasteizko Udalaren asmoen kontra doa. Esan bezala, udala gurutzea mantendu eta plaka bat jartzearen aldekoa da. Hala aholkatu zuen udalak eskatutako ikerlan batek, eta, gerora, udalbatzaren oniritzia jaso zuen, PPren abstentzioarekin. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ideia hori berretsi zuen atzo, eta zalantzan jarri du gurutzea kentzeko erabakiaren zilegitasuna. «Udalaren esku badago, ez da gurutzea kenduko; ikusteko dago, era berean, Mendiolako batzarrak hori erabaki dezakeen».

Gasteizko Udalak egoera berria aztertzen duen bitartean, irailaren 10ean, Olarizuko erromeria egunean, gurutzeari testuingurua emateko plaka jarriko du. Ez gurutzean, baizik eta beheko zelaietan, Gasteizko lurretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna