Fiskaltzak lau urteko kartzela eskatuko du Cabezudoren kontra lehenengo epaiketan

Lekuko baten argazki biluziak sarera igotzeagatik epaituko dute Donostiako argazkilaria. Jadanik 22 andrek deklaratu dute epaitegian. Aurki itxiko dute auzi nagusiaren ikerketa
Kote Cabezudo argazkilaria, maiatzaren 4an, epaitegitik irteten. Egun hartan agindu zuten kartzelan sartzeko.
Kote Cabezudo argazkilaria, maiatzaren 4an, epaitegitik irteten. Egun hartan agindu zuten kartzelan sartzeko. J.C. RUIZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko irailak 14
Epaibidean dago Kote Cabezudo argazkilaria. Modeloei sexu abusuak egiteagatik salatua dute, eta kausa horretan jadanik hemezortzi emakumek jarri dute salaketa —beste lauk ere eman dute erasoen berri epaitegian, baina oraingoz ez dute salaketa aurkeztu—, BERRIAk auzitegiko iturrietatik jakin duenez. Kausa nagusia ari da bidea egiten, eta espero dute aurki amaituko dela lehen fasearen instrukzioa, udazkenean. Zeharkako beste kasu bat iritsiko da epaiketara lehenago: abusuak salatu zituen emakume baten argazki biluziak sarean jarri zituen Cabezudok, modeloak epaitegian deklaratu ondoren. Lau urteko kartzela zigorra ezartzeko eskatuko dute fiskalak eta akusazioak.

Epaitegian gorabehera handiko bidea egiten ari da Cabezudoren auzia. Gaur-gaurkoz, hiru bloke nagusi ditu. Bat: kereila jarri zuten lehen bederatzi emakumeen kasua. Modelo aritu ziren Cabezudorekin, eta azaldu dute argazki erotikoak egitera bultzatzen zituela, Interneten jarri zituela irudiak, eta adingabeekin ere egin zuela hori. Bi: beste zazpi emakumek jo dute auzitara gisa bereko salaketekin, eta aparteko piezak ireki dituzte haien salaketekin. Eta hiru: andreetako batek beste salaketa bat jarri du, eta adierazi du epaitegian deklaratu eta gero Cabezudok haren argazki gehiago jarri zituela Interneten; salaketa aurkeztu duen emakumea biluzik ageri da irudi horietan.

Fiskalak delitu batengatik eskatuko du espetxe zigorra: justiziari traba egitea. Uste du Cabezudok mendekuz edo salatzailearen jarrera aldarazteko argitaratu zituela argazkiak. Lau urteko zigorra eskatuko du, delitu horregatik eska dezakeen gehienezkoa. Eskari bera egingo du akusazioak, nahiz eta hiru delitu aipatu: justiziari oztopo egiteaz gain, intimitatea urratzea egotzi dio, eta andrea hertsatzea —jarrera aldarazten saiatzea, indarkeria fisikoaren edo psikologikoaren bitartez—.

Epaileak joan den astean kaleratutako auto baten bidez eman du epaiketa hasteko agindua. 24.000 euroko bermea ezarri dio Cabezudori, sententzian ezar ditzaketen isunei eta kalte-ordainei aurre egiteko; diru hori berehala aurkeztu ezean, ondasunak enbargatuko dizkiote. Ezartzeko dago epaiketa noiz egingo duten eta zer epaitegiri egokituko zaion.

Cabezudo argazkilaria Martuteneko espetxean dago joan den maiatzaz geroztik. Defentsak helegitea jarri dio erabaki horri, aske uzteko eskatu du, baina kartzela berretsi du epaitegiak orain arte.

Epaile aldaketa

Aldaketa izan zen maiatzekoa, argazkilaria espetxeratzea. Aurrez bederatzi aldiz eskatu zuen akusazioak neurri hori, baina atzera bota zuen epaileak, eta neurri arinagoak ezarri: pasaportea kendu, eta hamabostean behin epaitegian sinatzeko betebeharra jarri zion Cabezudori. Maiatzean, ordea, kartzelatu egin zuten. Pisuzko aldaketa bat izan zen tartean: instrukzioko epailea aldatu egin zuten. Laugarren instrukzio epaitegiaren esku egon da Cabezudoren kasua, baina akusazioak salatu egin zuen Ana Isabel Perez Asenjo epailea, prebarikazioagatik eta delituak ez pertsegitzeagatik —egotzi zion Cabezudok sarean zeuzkala artean modeloen argazkiak, eta ez zuela neurririk hartzen horren kontra—. EAEko Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu zuen salaketa, eta kasua beste epaitegi batera igorri zuen, hirugarrenera. Epaile berriak, Julian Garcia Marcosek, lehen saioan espetxeratu zuen argazkilaria.

Kasua epaile horren esku dago, eta hark agindu du lehen epaiketa zabaltzeko. Akusazioak salatu du orain epaituko duten kasuari ezikusia egin ziola aurreko epaileak, ez zuela delitutzat jo; orain, berriz, lau urteko zigorra du jokoan Cabezudok. Areago, litekeena da datozen asteetan mugimenduak izatea epaitegian berriro ere: Auzitegi Nagusiak atzera bota du Perez Asenjoren aurkako salaketa, eta, beraz, berriro hartu ahalko du kasuaren ardura. Akusazioak helegitea jarri du hori eragozteko.

Kausa nagusiaren instrukzioa azken urratsetan dago. Bederatzi emakumeren salaketak daude zati horretan, eta iturri judizialek espero dute urri-azaroan amaituko dela ikerketa. Epaiketara joango da orduan. Bederatzi horien ostean jarritako salaketak aparteko pieza gisa ari dira ikertzen, eta atzeratuago doaz. Beraz, horien epaiketa aurrerago egingo dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna