Etorkizuna «aske» erabakitzeko aukeraz galdetuko dute Donostian

Azaroaren 18ko kontsultaren galderaren berri eman dute: «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?». Herritarrei dei egin diete antolaketan parte hartzera

Donostiako galdeketaren sustatzaileak, hainbat eragiletako ordezkariekin, atzoko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
Donostia
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformaren gerizpean herriz herri sortutako taldeek Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketak egin izan dituzte azken bi urteetan. Ia guztietan, euskal errepublikaz edota euskal estatu burujabeaz edo independenteaz galdetu izan dute, baina bestelakoa izango da Donostian egitekoak diren galdeketako galdera; ez dute preseski estatus politikoaz galdetuko, erabakitzeko eskubideaz baizik. «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?» izango da itauna.

Donostia izango da gisa horretako galdeketa bat antolatzen duen lehen hiriburua, azaroaren 18an, eta Donostia Galdeketa plataformak atzo eman zuen galderaren berri, eragile politiko eta sindikal ugariren babesarekin. Kaian eginiko agerraldi batean, Maria Mungiak eta Ibon Rosalesek azaldu zuten hamazazpi lagunez osatutako «adosgune» batek erabaki duela galdera, 1.500 ekarpen baino gehiago jaso eta gero. Izan ere, beste hiru aukera ere bazituzten: euskal errepublikaz, Euskal Herri independenteaz edo euskal estatu burujabeaz galdetzea. «Etorkizun politikoaz» galdetzea lehenetsi dute, aho batez.

Galdera aurkeztuta ekin diote kanpainari, eta, bidean, egitasmo baten berri eman zuten: «kalejira erraldoi» bat egin nahi dute urriaren 28an, Dantzatu dezagun erabakia lelopean. 11:30ean, hiru zutabe abiatuko dira, eta Bulebarrean elkartuko, ordubete geroago. Alde Zaharra zeharkatu eta gero, ekitaldi bat egingo dute, 13:00etan, kaian. Egun horretan iritsiko dira hautetsontziak hirira, eta orduan zabalduko dute boto aurreratua emateko prozesua.

Mila boluntarioren beharra

Aurreikusi dutenez, mila lagun ingururen laguntza beharko dute bozketaren egunean bertan. Horregatik, herritarrei deia zabaldu zieten antolaketan parte hartzera, «auzoko taldera batuz» nahiz Donostiagaldeketa.eus webgunean boluntario aritzeko izena emanez. Bozeramaileek azpimarratu zuten Donostia «aitzindari» izango dela, gai horri buruzko galdeketa bat antolatzen duen lehen hiriburua izango denez gero: «Lehen aldiz, aukera izango dugu gure etorkizunaz hitza hartzeko. Ez baitigu inork behin ere galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun». Mungiaren hitzetan, argi dute prozesuak «merezi» duela: «Galdeketaren ostean, gure herria helduagoa izango da, ahaldunduagoa, burujabeagoa. Eraiki nahi dugun etorkizunetik eta erabakitik hurbilago egongo gara».

Azaroaren 18an bertan, galdeketak egitekoak dira Irunen (Gipuzkoa), Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin ere (Bizkaia). Orain arte, 203 herritan egin dituzte galdeketak, eta 189.000 lagun inguruk eman dute botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.