Politika orokorreko eztabaida. Gobernuaren planak

Jaurlaritzak enpresetan soldata arrakala badagoen ikuskatuko du

Azaroan aurkeztuko du ordain diskriminazioa amaitzeko estrategia. Aurrekontuak luzatu behar izateari garrantzia kendu dio Egibarrek, PPren babesa galdu dutela ikusita
Erkoreka, Urkullu, Uriarte eta Azpiazu, politika orokorreko bilkurara iristen, atzo.
Erkoreka, Urkullu, Uriarte eta Azpiazu, politika orokorreko bilkurara iristen, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 21
Soldata arrakalaren aurkako estrategia bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. 2030. urterako gizonen eta emakumeen ordainen arteko ezberdintasuna amaitzea da helburua. Azarorako aurkeztu nahi du dokumentu osoa. Laneko diskriminazio horretan «Europako herrialde aurreratuenen pare» jarri nahi dute EAE, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan. Politika orokorreko eztabaidan aurreratu zuen estrategia horrek lehen ekintza programa bat izango duela 2019-2020 urteetarako. Neurrien artean, enpresetan ordain berdintasuna betetzen dela egiaztatzeko ikuskaritza plan bat aurreikusita dago.

Soldata arrakalari buruzko eztabaidak indarra hartu du aurten. Martxoaren 8ko greba feministaren ondoren, patronalaren eta sindikatuen arteko mahai bat eratu nahi zuten gaia aztertzeko. Pare bat bilera eginda, ez aurrera ez atzera geratu zen mahaia. Orain, Jaurlaritza egitasmo propio bat lantzen ari da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soldata arrakala zuzena —emakumeek orduko zenbat gutxiago kobratzen duten— %14,3 izan zen 2016an, eta soldata arrakala osoa —ordu gutxiago lan egitearen ondorioak aintzat hartuta— %24,4 zen.

Legealdiaren erdia igarota, Urkulluk nahiago izan zuen orain arte egindako aurrerapenei lehentasuna ematea politika orokorreko eztabaidan. Hala, agintaldi berriaren hasieran jarritako helmuga —langabezia %10etik jaistea— heldu den urterako beteko dela ziurtatu zuen, «aurreikusitakoa baino urtebete arinago». 20.000 gazteri lehen lan esperientzia ematea ere bazen helmuga. 2017rako 5.000 izan behar zuten, eta lehendakariak zehaztu zuen 6.800 baino gehiago izan zirela. Azkenik, pobrezia tasa %17,6tik %14,1era jaisteko konpromisoa hartua zuen gobernuak. Eurostatek EAEri emandako azken datua %14,5 da.

Hilabete barru, gobernuak aurrekontu proiektu berria aurkeztu beharko du. Aurreko bi urteetan popularrak izan ditu bidelagun kontu publikoak Eusko Legebiltzarrean aurrera atera ahal izateko. Aurten, EAJk PPrekin dituen harremanak tenkatu egin dira, Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko babesa dela eta. Hitzaldi gogorra egin zuen atzo Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak, eta nahiko argi geratu zen gobernuarekin zuten lankidetza hori amaitutzat jo daitekeela oraingoz.

Lehendakariak agindu zuen «ahalegin guztiak» egingo dituztela aurrekontu horiek adosteko. Zertzeladaren bat ere aurreratu du: inbertsioak lehenetsiko dituzte, inbertsio propioak %7 handituta. Aurtengo aurrekontuetan, inbertsio errealen barruan, 131 milioi dira inbertsio propioak.

Aurrekontuak luzatzea

Popularren babesik ezean, EH Bilduren edo Elkarrekin Podemosen laguntza beharko dute jeltzaleek eta sozialistek. Joseba Egibar EAJko bozeramaileak garrantzia kendu zion —«Ez da mundua geldituko», esan zuen— kontuak luzatzeko aukerari. Hala ere, koalizio abertzaleari bota zion erronka, negoziazioekin engaiatzeko: «Utzi ikuskaritza lanak egiteari, eta jaitsi herrigintza politikara».

Defizit mugak estu betetzen segitzeko asmoa argi utzi zuen Urkulluk: «Geure konpromisoa da garapena eta giza kohesioa bermatzea etorkizuneko belaunaldiak hipotekatu gabe». Espainiako Gobernuak heldu den urterako erkidegoen defizit muga %0,3 izatea nahi du, aurtengoa baino %0,1 txikiagoa, baina administrazioen gastu sabaiari buruzko proposamena aurrera atera ezinik jarraitzen du Kongresuan. Ez bada aldatzen, %0,1 izango da.

Gobernuak bidean aurkitu dituen arazo batzuk onartu zituen lehendakariak, halaber. Kritikoa izan zen berrikuntzan emandako pausoekin. «Ez dugu behar adina inbertitu ere, eta giltzarria da hori etorkizuneko garapenerako», zehaztu zuen. I+G atalerako aurrekontua urtero %5 handitzea jasotzen zuen gobernu programak. Hazkunde hori ematen ari da, baina ekarpen publikoari ez dio jarraitu sektore pribatuak: «Ez dugu nahikoa aurrera egin, enpresen bultzada behar dugu».

Protekzionismo ekonomiko eta sozialaren aurka ohartarazi du hitzaldian —merkatu irekien aldeko aldarria propio eginda—, eta ziklo ekonomikoa «heldutasun puntu batera» iristen ari dela uste du. Ziurgabetasun ekonomiko eta komertzialak handitu dira, baina, hala ere, joera ekonomikoa «aldekoa» izan daitekeela sinetsita dago. Jaurlaritzak, momentuz, eusten dio joan den maiatzean egindako kalkuluari. Aurten ekonomia %2,8 haziko dela uste du —iaz baino hamarren bat gutxiago—, eta datorren urtean abiadura gehiago galduko du, %2,3 handitzeko.

Kalean dauden kezka batzuei heldu zien. Esaterako, pentsiodunen eskaerei. Lehendakariak ziurtatu zuen «agerikoa» dela landunen ekarpenekin ez dela nahikoa izango pentsio sistemaren etorkizuna bermatzeko, eta ohartarazi zuen etorkizunera begirako irtenbideak mahaigaineratu beharko direla, «errealismoarekin eta ardurarekin».

Eztabaida horiek plazaratzeko lekua Toledoko Ituna da, lehendakariaren ustez, baina Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa eskualdatzea exijitu zuen berriro: «Berriro diot, pentsioek berme handiagoak izango dituzte hemen kudeatzen badira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna