PSOEk esan beharko du

Asteartean hasiko da EAJren proposamena tramitatzeko prozedura Kongresuan. Euskal presoen kartzela urteak ez zenbatzeko legea erreformatu nahi dute. EH Bildu ados agertu da

Aitor Esteban eta Mikel Legarda (EAJ) —eskuinean—, irailean, Espainiako Kongresuan, Adriana Lastrarekin eta Rafael Simancasekin (PSOE) hizketan. J.P.GANDUL / EFE.
enekoitz esnaola
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Espainiak euskal presoen Frantziako kartzela urteak zenbatzeko modurik «praktikoena» estatuko 7/2014 legea erreformatzea da, EAJren eta EH Bilduren Kongresuko taldeek BERRIAri adierazi diotenez. Uste dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak nekez onartuko duela defentsaren balizko helegitea tramiterako, eta, onartuz gero, nekez joko duela ontzat, eta zail ikusten dute Espainiako judikaturako instantziak Luxenburgoko Justizia Auzitegira zuzentzea Madrilek duela lau urte egindako moldaketaz. «Bermerik handiena lege erreformak ematen du», dio Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak. «Hor badago aukera bat», azaldu du Mikel Legarda EAJkoak. Hain zuzen, erreformarako lege proposamena aurkeztu du EAJk Kongresuan, eta, agian, urte hau amaitzerako parlamentariek erabakiko dute tramitatu ala ez. Orduan ikusiko da zein den PSOEren «benetako borondatea», Beitialarrangoitiaren arabera.

Estrasburgoko auzitegiak joan den asteartean jakinarazi zuenzigorrak euskal preso guztiei ez zenbatzeko epaia —Espainiako 7/2014ko legeak dakar soilik 2010etik aurrera zigortutakoak hartu behar direla aintzat—, baina EAJk, Aitor Esteban diputatuaren sinadurarekin, aurreko egunean erregistratu zuen lege proposamena. EAJk uste zuen Europaren ebazpena kartzela urteak batzearen aldekoa izango zela, eta, beraz, errazagoa izango zela erreforma egitea. Dena dela, saiatuko da.

Datorren asteartean, Kongresuko Mahaiak aztergai izango du lege proposamena, oker formalik-eta baduen ebazteko, eta, ez badu, ostiralean Gorte Nagusietako buletinean argitaratuko da. Hortik aurrera, Espainiako Gobernuak gehienez hilabete izango du txosten bat egiteko. «Gastu hazkunderik ez duenez gure planteamenduak, prozeduran aurrera egingo du», adierazi du, ziur, Legardak. EAJk abendura artean badu aukera Kongresuko ordu arteko saio bateko gai zerrendan proposamena sartzeko. Orduan, diputatu guztien txanda helduko da: saio batean bozkatuko dute lege proposamena tramiterako onartu ala ez. «Saio horietan asko finkatzen da talde bakoitzaren posizioa, eta ikusiko dugu zein den PSOErena», dio Beitialarrangoitiak. Diputatuen gehiengoak erabakiko balu EAJren lege proposamena tramiterako onartzea, taldeek batzorde batean zuzenketak aurkezteko tarte bat irekiko da. 7/2014 legea erreformatu ahal izateko prozedurari ekingo liokete, eta, gero, onartu edo ez bozketa egingo lukete parlamentuan. Legardak dio egun ez dagoela zuzenketen faserako epe jakin bat; «hurrengo astean hitz egingo da horretaz». Estatuko sekretu ofizialen lege proposamenak, adibidez, urtebete inguru darama batzordean.

EAJko diputatuaren esanetan, PSOE izango da haien egitasmoak aurrera egiteko «giltzarria». «Guk uste dugu Europaren epai honen ostean zigor batzeenauzia berriro planteatu behar dela politikoki. Urteak dira ETAk jarduera armatua utzi zuela, baina ez dakigu zer egingo duen PSOEk». Gogoratu du hainbat espainiar magistratuk ezbaian jarri zutela PPk 2014an egindako moldaketa.

EH Bilduk oraindik ez du EAJren idatzia xeheki aztertu, baina Beitialarrangoitiak iragarri dufuntsean «ados» daudela planteatutakoarekin. Urratsa egiteko eskatu dio PSOEri. «Gobernuak esana du beste kartzela politika bat egin nahi duela, oraindik pausorik eman ez duen arren. Orain dauka aukera hori erakusteko, 7/2014 legea erreformatuta. Azken batean, salbuespen legedia indargabetu egin behar da, eta 2014koa halako lege bat da. Legedi arrunt batera pasatu behar dugu; kasu honetan, Europaren zuzentaraua osorik ezarriz inplikatutako euskal preso guztiei».

EAJk badauka asmoa PSOEren gobernuaren 2019ko aurrekontu proiektua negoziatzeko, baina ez luke aldi berean jorratuko presoen zigor zenbatzeen afera. «Guk, normalki, gaiak bereizi egiten ditugu», esan du Legardak.

EH Bildukoaren iritziz, auzia ez dago amaituta. «Tranpa egin zutenek pozez hartu dute albistea, baina epaiak ez du esan ondo egin zutenik. Auzia konponduta dagoela pentsatzea arinkeria da». Hark ere nabarmendu du Espainiako epaileen artean «agerikoa» izan zela «aplikazioari buruzko desadostasuna». «Orain PSOEk borondatea badu salbuespen lege hau erreformatzeko, ez da Estrasburgoren eta Luxenburgoren beharrik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.