Nafarroako Gobernuak eskatu du Altsasu «politikoki» ez baliatzeko

Nafarroako Gobernuak gaitzetsi egin du igandean Espainiako eskuinak Altsasun egingo den ekitaldia. Barkosek dio Altsasu «askatasun, elkargune eta elkartasun lurraldea» dela

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak eman du Altsasun igandean egingo den ekitaldiaren harira hitzartutako adierazpenaren berri. IÑIGO. URIZ / FOKU.
Maider Galardi
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Datorren igandean Ciudadanosek, PPk eta Voxek Altsasun (Nafarroa) España Ciudadana egitasmoaren izenpean egin behar duten ekitaldiaren oihartzuna heldu da Nafarroako Gobernura ere. Astelehenean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak adierazpen bat ekitaldia gaitzesteko, eta herenegun Altsasuko herri batzarrak jakinarazi zuen askatasunaren gune batekin eta manifestazio batekin erantzungo ziotela «eraso berri» horri. Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazpen bat kaleratu du Altsasu eta Nafarroa «helburu politikoetarako» ez erabiltzeko eskatuz.

«Nafarroak askatasunaren, aniztasunaren eta zintzotasunaren alde egiten du», adierazi du Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Horregatik, «errespetua eta erantzukizun politikoa» eskatu dute Altsasurentzat eta lurralde osoarentzat adierazpen instituzionalean. Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak azpimarratu zuen ekitaldia Altsasun egitea garrantzitsua zela, «zerbitzari publikoen lana aintzatesteko» herri «sinbolikoa» zelako. Nafarroako Gobernuak, berriz, erantzun du halako ekitaldiek «garaitu beharreko etsai bat» finkatzen dutela, eta «iraganeko muturreko joeretara» itzularazten dutela politikaren jarduna. Ciudadanosek egin zuen datorren igandean Altsasura joateko deialdia, eta gerora batu dira PP eta Vox ere. Bertan izango da, besteak beste, Santiago Abascal Voxeko presidentea ere.

Era berean, Solanak nabarmendu du Altsasuren historia ez dela «ez hasten ez bukatzen» 2016ko urriaren 16 hartan: «Altsasu historikoki desberdinen arteko elkarbizitzarako gunea izan da». Hala mintzatu da Uxue Barkos Nafarroako presidentea Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin bilera egin ostean ere: «Askatasun, elkargune eta elkartasun lurraldea da Altsasu». Barkosek bat egin du Nafarroako Gobernuak adostutako testuarekin, eta kritikatu egin ditu «konfrontazioa eta enfrentamendua sustatzen duten adierazpenak».

«Ezin dugu halakorik onartu, ezta Altsasu eta Nafarroa argazki bakarrean finkatzea ere», gehitu du Nafarroako presidenteak. Edonola ere, bai Barkosek eta bai Nafarroako gobernuak ere azpimarratu dute «adierazpen askatasunaren erabateko defentsa» egiten dutela, eta «neurrigabeko» adierazpenen aurrean «duintasunez» erantzuteko eskatu diete herritarrei.

«Errekonkista kutsua duten adierazpenak dira, eta hori ez da onargarria», ohartarazi du Barkosek. Irudi horren aurrean, presidenteak eta Nafarroako Gobernuak azpimarratu dute Altsasu eta Nafarroa «elkarbizitza eta elkartasun lurralde» direla, eta horren adibide jarri dute joan den urteko urtarrilaren 6an elurteen ondorioz errepidean harrapatuta gelditutako jendea artatu zutela altsasuarrek.

Hain justu, Altsasuko udalbatzak ere adierazpen bat kaleratu zuen, atzo, igandean España Ciudadanak antolatutako jardunaldia gaitzesteko. Udaleko alderdi politiko guztiek Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta Goazen Altsasuk testuaren alde bozkatu zuten, UPNk izan ezik. Nafarroako Parlamentuak egin moduan, Altsasuko herriarekin egiten ari diren «manipulazioa eta instrumentalizazioa» gaitzetsi dute udal ordezkariek.

Alderdi eta sindikatuak

Erakundeek ez ezik, alderdi politiko eta sindikatu batzuek ere eman dute iritzia. Sortuk salatu du Guardia Zibilak, Ciudadanosek, PPk eta Voxek «bizikidetzari eraso egin» nahi diotela: «Alderdi neofrankistek antolatu dute ekitaldia, baina Altsasun ez dute inolako babesik. Mina eragin nahi dute; sufrimendua areagotu». «Erasoari» aurre egiteko, Altsasun antolatutako ekitaldietara joateko deia ere egin du Sortuk, baina ohartarazi du: «Ultraeskuina amorrazio egoera sortzera dator, hori du xedea. Ez diegu nahi duten argazkia oparituko». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, berriz, esan du Espainiako eskuina «maskulinizatuta eta testosteronaz betea» dagoela.

LABek, nabarmendu du ekitaldira doazen hiru alderdiak «hondarrekoak» direla Nafarroan, baina igandean «bizikidetza haustera» doazela Altsasura. Horri aurre egiteko, herritarren batzarraren deialdiekin bat egin du LABek, hala larunbateko manifestazioarekin, nola igandeko askatasunaren gunearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.