«Pentsiodunen beharrei erantzuteko» eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Hori egin ezean, ez ditu aurrekontuak babestuko. Jaurlaritzak egindako eskaintza ez zaie nahikoa iruditzen: «Dirua badago». Pentsiodunen plataformek ere «irrigarri» deritzote proposamenari

EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu sailburua, Legebiltzarrean solasean. DAVID AGUILAR / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
PPren eta Elkarrekin Podemosen aukerak bazter utzi ondoren, badirudi bide bakarra gelditzen zaiola Eusko Jaurlaritzari aurrekontuak onartu ahal izateko: EH Bildurekin ituna egitea. Baina bide horretan ere zailtasunak daude, alde handia dagoelako batzuen eta besteen jarreren artean. EH Bilduren Mahai Politikoak, asteroko bilera egin ostean, agerian utzi du berriro ere alde hori: esan du Jaurlaritzak proposatutakoak ez diela erantzuten koalizioaren «sakoneko asmoei», proposatutako diru kopuruak ez dira «nahikoak» pentsiodunen beharrei erantzuteko, eta behar horiek ase ezean EH Bilduk ez dituela aurrekontuak babestuko.

EH Bilduk uste du Jaurlaritzak baduela eskumena pentsioen gaian eragiteko, eta horren froga da, koalizioaren aburuz, Jaurlaritzak egindako proposamenean bide bat eskaintzen dela pentsio apalenak osatzeko —diru sarrerak bermatzeko errentan aldaketak eginez, pentsiodun gehiagok hura jasotzeko eskubidea izan dezaten—. Baina Jaurlaritzak horretara bideratu nahi duen dirua ez da nahikoa, EH Bilduren ustez. Orotara, 48 milioi euroko diru poltsa bat zertan gastatu negoziatzea proposatu dio Jaurlaritzak EH Bilduri, eta koalizioak uste du, soilki pentsioen atalean, 350 milioi euro bideratu behar direla.

EH Bilduren ustez, «dirua badago». Gogorarazi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek «aspaldiko diru sarrera handienak» izan dituztela aurten, eta Jaurlaritzak iaz inbertsioetan gastatu ez zuen 700 milioi euroko diru poltsa bat ere badagoela. «Orain, lehentasunak ezarri eta inbertsioak egin beharra dago, aurrekontuak horretarako erabilita», esan dute.

EH Bilduk «erantzukizuna eta konpromiso osoa» azaldu du, bi legebiltzarkideren abstentzioekin aurrekontuei bide emateko «herritarren lehentasunezko beharrak eta arazoak konpontzea» xede jarrita, baina horretarako «beharrezkoa izango da pentsioen osagarrietarako diru poltsa nahikoak izatea». Gaur dute bilera EH Bilduko ordezkariek eta Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk, 12:00etan, Lakuan.

Ituna lortzeko dauden zailtasunen jakitun, asteburuan EH Bilduren gaineko presioa areagotzen saiatu da EAJ, eta EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, joan den larunbatean Araban egindako ekitaldi politiko batean, esan zuen EH Bilduk aukeratu egin behar duela «gehien behar duten pentsiodunei, larrialdi egoeran dauden familiei eta langabeei laguntzearen eta PPri laguntzearen artean».

Adierazpen horiei erantzun die Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean. Esan duenez, Jaurlaritzari «aitzakiak amaitu» egin zaizkio, eta gogorarazi dio harena dela aurrekontuak aurrera ateratzen ahalegintzeko ardura: «Utzi egin behar diote pilota EH Bilduren teilatuan jartzeari».

Pentsiodunek ere aztertu dute Jaurlaritzak egindako eskaintza, eta «irrigarria» iritzi diote. Jon Fano bozeramaileak esan duenez, Jaurlaritzak EH Bildurekin negoziatu nahi duen 48 milioi euroko poltsa horretatik, 12 bat milioi baino ez lirateke izango pentsioak hobetzeko. «Ulertezina» iruditzen zaie hori, kontuan hartuta Jaurlaritzak badituela iaz gastatu gabeko 700 milioi euro horiek.

Pentsiodunen plataformek biltzeko eskaera egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrean dauden alderdi guztiei.

Beste bideak, itxita

Aurrekontuak onartu ahal izateko gainerako bideak itxita daudela dirudi. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko komunikazio idazkari Andeka Larreak esan du Jaurlaritzak ez duela «inolako borondaterik» izan aurrekontuak Elkarrekin Podemosekin negoziatzeko, eta aurkeztu zizkieten hamabost proposamenetatik hamalau atzera bota zizkietela.

Beraz, negoziazio fasea «bukatutzat» eman dute Elkarrekin Podemosekoek. «Ez dugu ate danbatekorik eman, hori ezinezkoa delako aterik ez dagoenean», esan du Larreak.

PPk ere, Azpiazurekin bilera egin ostean, iragarri du eskatuko duela aurrekontuak Legebiltzarrera itzultzeko, eta ez dela negoziazioetan arituko EAJk eta EH Bilduk Autogobernu Lantaldean estatus berriaren inguruan duten itunari eusten dioten bitartean. Hori esan du Anton Danborenea alderdiaren bozeramaile ekonomikoak.

Jaurlaritzak uste du jarrera horrekin PPk «bere burua baztertu» egin duela negoziazioetatik, «aurrekontuekin zerikusirik ez duten beste gai batzuk» jarri dituelako mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.