Balio gabe utzi dute polizia indarkeria Nafarroan ikertzeko diru laguntza

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du diru laguntza: EHUri eman beharreko 30.000 euro. Auzitegiaren ustez, laguntza ez da «bateragarria» Poliziaren indarkeria legea baliogabetzearekin

gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak eman asmo zuen diru laguntza, Espainiako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek herrialdean egindako indarkeriazko ekintzak ikertzekoa. Auzitegiaren arabera, diru laguntza hori ematea ez da «bateragarria» Polizia indarkeriaren Nafarroako legea indargabetzearekin.

Nafarroako Parlamentuak 2015ean onartu zuen Poliziaren indarkeria legea. Horren helburua zen Espainiako Poliziaren edo eskuin muturreko taldeen indarkeria pairatu zuten herritarrei aitortza eta ordaina ematea. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina, bertan behera utzi zuen lege hori 2016ko apirilean, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea aintzat hartuta, eta horren indargabetzea berretsi zuen 2018ko uztailean. Indarkeria mota horren biktimak haserre bizian agertu ziren albistea jakindakoan.

2017an, Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko diru laguntza onartu zuen indarkeria kasu horiek ikertzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitatea izan zen laguntza horren onuraduna; izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere EHUko talde batek hartu zuen bere gain Poliziaren indarkeria kasuak ikertzeko ardura. Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea jarri zuen erabaki horren kontra: haren ustez, ikerketa hori bat dator legean aurreikusitako ikerketa batzordearen eginkizunekin, eta batzorde hori baliogabetuta gelditu zen Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ondorioz.

Nafarroako Gobernua eta EHU helegitearen kontra agertu ziren, eta azaldu zuten diruz lagundutako ikerketaren asmoa ez zela gertatutakoaren interpretazioa egitea, metodo zientifikoak erabiliz gertaerak zerrendatzea baizik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, aldiz, ez ditu aintzat hartu Gobernuaren eta EHUren argudioak, eta arrazoia eman dio Espainiako Estatuaren abokatuari.

Ebazpenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak gogora ekarri du Konstituzionalak Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo zuela legean aurreikusten zenikerketa batzorde hori, Nafarroako Gobernuaren eskumenak gainditu eta Justiziaren esparruan sartzen zela iritzita. «Begien bistakoa da diru horrekin lagundu nahi zituzten lanak ikerketa batzordearen eskumenekoak ziren gertaeren ingurukoak direla», azaldu du Nafarroako Auzitegiak.

Ollok dimititzeko eskean

Ebazpenaren berri izan bezain pronto, Herritarrekiko eta Instituzioekiko Harremanetako kontseilari Ana Olloren dimisioa eskatu du Ana Beltran Nafarroako PPko presidenteak. Beltranen ustez, Nafarroako Gobernuaren asmoa «ETAren biktimak umiliatzea» da, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak indargabetutako legearen bidez poliziak «kriminal gisa» aurkeztu nahi zituzten, «benetako kriminal bakarrak ETAko terroristak diren arren».

Ahal Dugu-ko Mikel Builek esan du epaia «errespetatu» egiten duela, baina ez dagoela horrekin ados: «Ez dut ulertzen zer dela-eta indargabetu den hain profesionaltasun eta zorroztasun handiko ikerketa talde bati eman beharreko laguntza, gure herrikideen kontra egindako giza eskubideen urraketak jasotzeko eman beharrekoa».

Builen ustez, legea ezin da erabili «edozein biktimak egia, justizia eta ordaina izateko duen oinarrizko eskubidearen kontra».

Sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, EH Bilduk esan du «estatuko funtzionarioek egindako giza eskubideen urraketak ezkutatu» nahi dituztela epai honekin. «Tortura eta estatuko aparatuen indarkeria ikertzeko eskubidea du nafar jendarteak», azaldu dute; «inpunitateak gehiegi iraun du».

Antzera aritu da Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentarioa. Haren ustez, auzia «politikoa» da, ez juridikoa, eta «ukazioa eta inpunitatea nagusi» dira afera horretan; «errealitate gordina ezkutatu nahi dute, existitzen ez denak ez daukalako erantzulerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.