Esparzak uko egin dio PPk luzatutako eskuari

UPNko presidenteak Beltrani esan dio komunikabideetan ez direla akordioak eskatzen. Balizko aliatuen artean sartu ditu PSN, PP eta Ciudadanos, «foru erregimena defenditzen dutelako»

Ana Beltran eta Javier Esparza, PPko eta UPNko buruzagiak. J. MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Eskuinak ere badu berea. Orain Bairen azken mugimenduak laukoaren barruan tentsioa handitu badu ere, beste aldean, eskuinean, ez dute erraz izango Nafarroako Gobernua berreskuratzea. Eta UPNko Jose Javier Esparzak badaki. Adibidez, parlamentuan sartzea oso zail izango duela iragartzen diote inkestek PPri, eta horren jakitun, etsituta, UPNrekin bat egitea proposatu du Ana Beltranek. Alta, eskaintza hori komunikabideen aurrean egitea ez du gustuko izan Esparzak. «Akordioak komunikabideetan jakinarazten direnean, akaso beste zerbait bilatzen da, baina ez akordioak egitea». Ironia ere ez zaio falta izan erantzuteko orduan: «PP erabat ziur badago parlamentuan ordezkaritza lortuko duela, ez dago arazorik. Akordio bat egingo dugu gero».

Atzo, 2019ari begirako prentsaurrekoa eskaini zuen Esparzak, eta, batik bat, hauteskundeak hartu zituen hizpide. Lau urtez zain egon ostean, UPNk eta, batik bat, haren presidenteak gorriz markatua dute egutegian maiatzaren 26a. Duela lau urte galdutakoa berreskuratzea du helburu nagusi eta bakar alderdiak, baina iraganeko jokalekuarekin alderatuta, diferentzia handi bat du oraingo testuinguru politikoak. Arerioak etxean ditu. Duela ez urte asko, UPN zen jaun eta jabe eskuin sektorean. Oraindik ere eremu horretako indar nagusi bada ere, lehiakide ugari ditu alboan: PP, Ciudadanos eta, hautagaitza aurkeztu zain, Vox.

Eskuineko komunikabideek esparru horretako boto emaileak mobilizatzean adimenez jokatzeko deia egin diete alderdiei, baina oso oreka zaila du UPNk. Lehenik eta behin, bere lidergoa sendotzea komeni zaiolako, balizko gobernuaren irizpideak ezartzeko. Hala, Beltrani erantzunez, argi utzi du aurretik ez duela hitzarmenik nahi. «Elkarrekin joanda ez da boto gehiago bilduko». Behin mugimendu taktiko hori eginda, kanpainara begira boto baliagarriaren karta joka dezake UPNk, herritarrei Barkos gobernutik kanporatzeko eskaintzarik onena eurena dela aldarrikatuz. Hala aurreratu zuen atzo: «Boto emaileei erantzukizuna eskatuko diegu».

Botoek ihes egiteko arrisku horren jakitun, PPk akordiorako eskua luzatu dio UPNri. Esanguratsua da, behin Andaluziako hauteskundeak amaituta, Pablo Casadok egindako lehen ekitaldi politikoetako bat Iruñean egin zuela abenduaren 27an. Nazionalismo espainiarra aldarrikatu zuen, eta diskurtsoa muturrera eraman. Hegoaldetik datozen haizeek gogor jo dezakete maiatzean. Ikusteko dago UPNk nola erantzungo dion lehia horri, baina legealdiak erakutsi du PPk UPNren mezua baldintzatzeko ahalmena duela.

Ciudadanosen aurrekaria

Paradoxikoki, mobilizazioaren bila, botoak nonahi galtzeko eta euren hankari tiro egiteko arriskua du eskuinak. 2015ean, Ciudadanosi gertatutakoaren antzera: ordu hartan, %3ko langara iristeko 200 botoren faltan, Ciudadanosek eskuratutako 9.983 boto zakarretara joan ziren. Gertakari hark erraztu egin zuen aldaketa.

Hala ere, maiatzaren 27tik aurrera ziurrenik lehiakide horien beharra izango du. Horrekin ez da aski izango, baina. Hala, UPNren kalkuluetan, bere betiko bazkide PSN sartzen da. Nola uztartu hori guztia? Hauteskunde osteko itunez hitz egiteko orduan, kontzeptu anbiguoa erabili zuen Esparzak. «Foru erregimena babesten dutenekin» egingo du akordioa, bere hitzetan. Gerora zehaztu zuen, aliatuen artean sartzen direla PP, Ciudadanos eta PSN. Nahiz eta Carlos Perez Nievas CDNko politikari ohiak eta Hezkuntza kontseilari ohiak, Ciudadanoseko buru gisa, Nafarroako foru erregimena babesten duela adierazi, ez dirudi Albert Rivera iritzi berekoa denik. Kontraesanak kontraesan, UPNk aliantzen ekuazioan sartu du.

Ez, aldiz, Vox. Andaluziako, gobernua osatzeko negoziazioetan, eskuin muturreko alderdiak genero indarkeriari aurre egiteko diru laguntzak kentzea jarri du baldintzen artean. «Nirekin, ez lukete akordio hori egingo. Genero indarkeria amaitu beharreko gaitz bat da», erantzun zuen Esparzak atzo, horri buruz galdetuta. Autonomien amaiera ere aldarrikatu du Voxek. «Erabateko okerra litzateke. Guztiontzat mesedegarria den adibidea da Nafarroa», zioen atzo UPNko presidenteak.

Esparzaren arreta batik bat PSNk bereganatzen du. Gero eta eskuinagorantz, zentraltasuna PSNri eman dio, eta orain hark bestelako indarrekin bat egiteko aukera uxatu nahi du. Zaharrak berri. Azkenaldian PSN estutzen ahalegindu da Esparza: «Datorren legealdian, edo gobernu nazionalista bat dago, edo UPNren gobernu bat beste indarrekin batera». Maria Txibitek iragarritako ezkerreko gobernua «errealitatetik kanpo» dagoela deritzo. «Zer inkestatan ateratzen zaizkio ezkerreko gobernu bat osatzeko kopuruak?». Haren irudiko, beste aukera da gobernu nazionalista bat osatzea PSNren babesarekin. «Joerek diote laukoak gehiengoa galduko duela, eta PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ere ez lukete gehiengorik. Beraz, Bildu behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.