Korapiloa trinkotu egin da

Ostiralean, Orain Baik Ahal Dugu-rekin akordioa lortu zuen, eta Aznarezen dimisioa eskatu gerora. Oposizioak egoera baliatu du parlamentuko bi organoren arteko pultsuaren bidez

Laura Perez eta Carlos Couso, abenduaren 21ean, hiru parlamentariak kaleratzeko erabakiaren berri ematen. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Talkak saihetsezina dirudi. Azken orduetako mugimenduek ez dute balio izan. Ostiralean, Ahal Dugu-k eta Orain Baik parlamentuko talde barruko desadostasunak konpontzeko akordioa lortu zuten, baina azken orduan Orain Baik beste baldintza bat jarri zuen: Ainhoa Aznarezek parlamentuko presidentetza uztea, bere borondatez edo behartuta. Carlos Couso Orain Baiko eledunak atzo justifikatu zuen «Aznarezek karguaren erabilera pertsonala eta alderdikoia» egin duela. Atzo, parlamentuan bere indar posizioa baliatuz, hiru parlamentariak kanporatzeko Orain Baik abenduaren 20an aurkeztutako eskaria ez zuen atzera bota, eta posizio horri eusteak trinkotu egin du korapiloa.

Gertu egon da irtenbidea. Ostiralean, Ahal Dugu-k eta Orain Baik hitzartu zuten parlamentarien elkarte banatan banatzea euren jarduera. Barne gatazkaren ondorioz, taldeak jaso beharreko diru laguntza –ia 300.000 euro– blokeatuta egon da orain arte, eta egoerak bere horretan jarraitzea onartu zuten bi aldeek. Ahal Dugu-ren arabera, eurentzat «marra gorria da», kontu auzitegien aurrean diru hori arrazoitzea dagokielako. Bestalde, bi aldeak prest zeuden elkarte bakoitzak aholkulari bat izateko, eta «zarata mediatikoa eteteko».

Guztiz alderantzizkoa gertatu da, ordea. Igandean, Orain Baik Aznarezen kargugabetzea exijitu eta urtarriletik martxora bitartean taldeari dagokion dirua jasotzea eskatu zuen. «Eskaera horiek onartezinak dira, eta akordioa hautsi nahi izan dute. Gobernuak eta parlamentuak egun bizi duten ezegonkortasun egoeraren erantzule dira, beraz. Euren ardura zuritu nahi dute», salatu zuen Ahal Dugu-k oharrean. Gaineratu zuen Orain Baiko kideetako batek komunikabideei akordioaren nondik norakoak eman zizkiela, «negoziazio ororen erantzukizun logika oro hautsiz». Halaber, Ahal Dugu-k egiaztatu du Laura Perezek eta Fanny Carrillok ez zekitela ezer akordioari buruz.

Atzo, Carlos Cousok bere posizioa argitu zuen. «Dirua ez da arazoa». Haren esanetan, orain arte blokeatuta egon diren 300.000 euroak gizarte helburuetarako erabiliko dituzte, baina legealdi amaiera arte aholkulariak eta bitartekoak izateko eskubidea aldarrikatu zuen. Kritikatu zuen «baliabide falta» jasan dutela urtebetez, eta «aldaketaren gatibu» izan direla. Hori ahalbidetzeagatik, karguaz baliatzea aurpegiratu zion Aznarezi, eta egoerari irtenbidea emateko modu bakarra dimisioa dela deritzo. «Gure bazkideek UPNko presidente bati onartu ez dizkioten gauzak onetsi dizkiote. Guk ez diogu hori inori ametitzen». Halaber, salatu zuen etikaz jokatu dutela eta jazarpen kanpaina jasan dutela.

Talka bikoitza

Behin eskaera parlamentuko mahaira helduta, egoerak atzeraezinezkoa dirudi. Talde barruko gatazka baliatu du oposizioak, eta mahaiaren zein eledunen batzordearen arteko pultsua borroka politiko handiago baten jokaleku bihurtu du. Izan ere, mahaian, Aznarez presidente den bitartean, aldaketak gehiengoa du—bost kidetik hiru—; eledunen batzordean, berriz, Orain Bairekin bat egiten dute UPNk, PSNk eta PPk, eta denen artean 31 parlamentari ordezkatzen dituzte.

Juridikoki, eskaerak bidea egin dezake. Parlamentuaren orain arteko bederatzi legealdietan antzeko beste hiru aurrekari daude. Azkena, aurreko legealdian: Aralarrek NaBai-2012 taldetik kanporatu zituen Manu Aierdi eta Patxi Leuza, eta, aldi hartan, legelari nagusiak ondorioztatu zuen talde bat nahieran antola daitekeela. Alta, oraingo egoerak «ñabardurak» izan ditzake, EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, eta hori argitzeko txosten juridikoa eskatu dute. «2012ko txosten juridikoak zioen kaleratutako parlamentariak ez zirela aurka azaldu. Orain, berriz, aurka azaldu dira, eta, ondorioz, hori aztertu behar da araudia aplikatu aurretik».

Eledunen batzordean, berriz, oposizioak bestela ikusten du egoera: mahaiak eskaera jasotzat eman behar zuen, eta Aznarezek automatikoki presidentetza utzi beharko luke. UPNko Javier Esparzaren arabera, denbora irabazteko eta mahaian gehiengoa luzatzeko trikimailua da: «Nafarroan mundu guztiak daki hiru parlamentariak kaleratu dituztela, mahaiak izan ezik. Txostenak behar dituzte. Batek daki, hiru hilabete egin ditzakete horrela. Irain bat da; parlamentua zirku bihurtu dute», salatu zuen. Esparzaren arabera, horrek parlamentuaren jardueraren segurtasun juridikoa urratuko du, eta helegitea jarriko dute mahaiak txosten juridikoa onartzearen aurka. Esparzak aurreratu zuen «baliogabeak» izan daitezkeela Aznarezek bilkuretan onartutako lege zein bestelako neurriak.

Hartara, geldialdi moduko bat sortu da. Printzipioz, eledunen batzordeak datorren asteleheneko bileran aztertuko du helegite hori bera. Helegiteak erabakia azkar hartzera bultza dezake mahaia, eta, halaber, legelari nagusiaren erabakia baldintzatu. Azken batean, bere iritzi juridikoaren menpe egon daiteke parlamentuaren hurrengo hiru hilabeteetako jardun politikoa. Orain Bairen eskaeraren aldeko posizioa emanez gero, aldaketak gehiengoa galduko luke mahaian eta parlamentuko batzordeetan.

Ondorio hori eragozteko, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak «arduraz» jokatzera dei egin diote Orain Bairi, eta eskaera hori atzera botatzeko eskatu. Couso, berriz, oso gogor mintzatu zen mahaiak berak hartutako posizioaren aurrean. «Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu digute, txosten hori eskatzea ez baitzen inondik ere beharrezkoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.