Hizkuntzaren bandera 'Zelaa legearen' kontra

Gaztelania babesteko eta «inposizioak» kentzeko proposamen bat aurkeztu du PPk Espainiako Kongresuan, hezkuntza erreformaren harira. Herri ekinaldi bat ere bidean da, 500.000 sinadura bilduta

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Aste gutxi barru onartuko du Espainiako Gobernuak LOMCE legea aldatzeko proposamena, eta eztabaida horretarako prestatzen hasi dira PP eta Ciudadanos. Hizkuntza hartuko dute ardatz. Hasi dira urratsak egiten. Gaztelania babesteko proposamen bat aurkeztu du PPk Espainiako Kongresuan: ikasketak gaztelaniaz egiteko eskubidea bermatzea nahi du, eta «inposizioak» saihestea. Ciudadanosek harago jo du, eta Isabel Zelaa ministroa gaitzesteko eskari bat eraman du Kongresura, ez delakoan ari hizkuntza eskubideak bermatzen, eta «doktrinatzea» onartu duelakoan.

Gobernuak otsailean onartzekoa du LOMCE aldatzeko proposamena. Finean, lege hori onartu aurreko egoerara itzuli nahi du Zelaak, LOE legera —2006koa da, PSOEren garaikoa—. LOMCEren ardatz nagusiak desegingo ditu Zelaak: errebalidak, ikasgai nagusien edukia Madrilek zehaztea, Erlijioko nota kontuan hartzea...

Proposamenean badago berritasun bat, BERRIAk aurreratu zuenez: irakats-hizkuntza ezartzea erkidegoen esku utzi asmo du Espainiak, eta nahi du eskolek neurriak hartzea ikasleek hizkuntza ofizialetan «beharrezko maila» badutela egiaztatzeko. Alegia, eskolek bermatzea euskaraz zein gaztelaniaz maila egokia dutela ikasleek. Aldaketa hori onartuz gero, eragin handia izango luke euskararen irakaskuntzan; izan ere, egungo azterketen arabera, ia ikasleen erdiek euskaraz ez dute lortzen «eskatutako gaitasuna».

Kataluniako eredua

Kontra dago PP. «Nahi duten erkidegoek erabilera bazterrekoa eman ahalko diote gaztelaniari». Irakats-hizkuntza, erkidegoek ez, estatuak ezartzea nahi du, eta bi argudio erabili ditu horretarako. Bat, konstituzioa: estatuko herritar guztiek eskubide berberak dauzkatela eta gaztelania jakitea derrigorrezkoa dela. «Hizkuntza inposizioaz» kexu da PP. Bestea, gaztelaniaren gorazarrea: «Hizkuntza komuna hori da, munduko biztanleen %8ren hizkuntza».

Gogoan izatekoa da LOMCEn sartu zutela gaztelania irakats-hizkuntza izatea bermatzeko atal bat, Kataluniako murgiltze eredu orokortuaren aurkakoa: agindu zuten Generalitateak eskola pribatua pagatu beharko ziela katalanez eskolatu nahi ez zuten sendiei. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpoko jo zuen.

Zelaak ez du horrelako neurririk aipatu hezkuntza erreformarako proposamenean, eta, beraz, ez dio eragozpenik jarriko Kataluniako murgiltze ereduari. Hori izan da sozialisten ildoa. Euskarari dagokionez, ereduen sistema gainditzearen alde agertua da Zelaa, hiru eleko sistema bat jartzearen alde —Jaurlaritzako sailburua zela, proba bat jarri zuen abian—. Euskarak zer leku izan, egoera soziolinguistikoa ikusita, hura «lehenestearen» alde agertu izan da.

Izatez, LOMCE aldatzeko zirriborroan proposatu du hizkuntza batean «hutsuneak» sumatzen direnean «konpentsatu» egin beharko dela desoreka. Gehienetan euskara da ikasleen gaitasunean «hutsuneak» dituen hizkuntza, baina formula horrek atea irekiko luke gaztelaniaz zailtasunak dituzten ikasleei ere «konpentsazio» neurriak jartzeko. Hori baita Zelaaren oinarria: egoera soziolinguistikoaren arabera egokitzea eskolaren jarduna.

Sistema horren kontra dago PP Espainian, nahiz eta Zelaaren hiru eleko eredua babestu egin zuen: «gaztelania erabiltzeko eskubidea Espainia osoan bermatzeko» eskatu dio Kongresuari. Ciudadanosek ere eskatu du hori, gaztelaniaz hitz egiten dutenen hizkuntza eskubideak urratzen ari direlakoan orain. Areago, hizkuntza eta «doktrinatzea» nahastu ditu proposamen berean, Katalunia eta Balearrak aipatuta. Zelaa gaitzestea proposatu du Kongresuan. Ministroak erantzun du «oinarririk gabeko jazarpen politikoa» egiten ari direla, eta hezkuntzan «planteamendu fundamentalistak» egitea deitoratu du.

Euskaraldiaren kontra

PPk eta Ciudadanosek gaztelaniaren irakaskuntzarekin hartutako jokabide irmoaren oinarrian badaude mugimendu handiagoak. Hablamos Español elkarteak herri ekinbide legegile bat aurkeztu du Kongresuan, Hizkuntza aukeratzeko askatasunerako legea izenburuarekin. 500.000 sinadura bildu ditu horretarako. Besteak beste, proposatu du lanpostu publikoetan «ezinbestekoa» denean soilik eskatzea hizkuntza koofiziala jakitea, eta hezkuntzan gaztelania irakats-hizkuntza izan dadin bermatzea leku guztietan. Eta hara: Ciudadanosek orain hilabete batzuk aurkeztu zuen langile publikoen hizkuntza eskakizunak mugatzeko proposamena, eta orain PPk hezkuntza arlokoa.

Hablamos Español taldeak baditu partaideak Euskal Herrian ere; zuzendaritza taldean dago Ernesto Ladron de Gebara arabarra, PSEko eta Unidad Alavesako ordezkari izandakoa. Bi adibide, taldearen nondik norakoaz. Bat, Euskaraldia: inoizko ariketa sozial handienaren aurka jo duen eragile bakanetakoa izan da Hablamos Español. Salatu du «herritarrak markatu» egin dituztela ahobizi eta belarriprest txapekin. «Pertsonen hizkuntza aldatzen saiatzeko ahalegin deitoragarria izan da». Bestea, Nafarroako hainbat herritan egindako kanpainak: afixak zabaldu dituzte ikastetxe batzuen inguruan, euskara «inposatzen» ari direla salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.