Euskararen Legea «egokia» ez dela esatera mugatu da batzorde berezia

Nafarroako Parlamentuan sortutako batzordeak ibilbidea bukatu du, laukotean ondorio orokor batzuk adostuta. Legea berritzeko premia sumatu dute, baina «korapiloak» daude; ez dute pausorik zehaztu

Euskarabideko arduradunak, batzorde bereziaren bilera batean, laukoteko taldeetako ordezkarien aurrean. PSNk boto partikularra aurkeztu du, eta UPNk eta PPk ez dute parte hartu. IÑIGO URIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Aldatzeko premia badagoela esanez, baina horretarako urratsik zehaztu gabe. Euskararen Legeari buruzko batzorde berezi bat martxan izan da joan den apirilaz geroztik Nafarroako Parlamentuan, eta laukotearen botoekin ondorio orokor batzuk adostuta itxi du bidea. Gogoetatu dute egungo legea ez dela «egokia», aldatu egin behar dela, baina berretsi dute «korapiloak» daudela. Nagusia: ofizialtasuna eta haren ondorioak. Ez dute argitu orain zer urrats egin.

Gobernurako akordio programatikoan zintzilik geratutako gai nagusietako bat da Euskararen Legearena: ez zuten adostasunik egin. Zonifikazioa gainditzearen alde agertu ziren laukoteko hiru bazkide —Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu—, baina Ezkerrak eragotzi zuen adostasuna. Harrezkero egindako bidea antzua izan da. Aldaketa txikiago bat, bai, onartu du parlamentuak legealdi honetan Euskararen Legeari dagokionez: 44 udalerri eremu ez-euskaldunetik mistora igaro ziren, eta bat, eremu mistotik euskaldunera.

2017ko urrian, ezustean, Euskararen Legea aztertzeko batzorde bat sortzea erabaki zuen parlamentuak. Herrialdearen egoerari buruzko bilkuran aurkeztu zuen eskaria EH Bilduk; Ezkerrak abstentziora jo zuen, baina, UPNko kide bat falta zenez, aurrera irten zen. Apirilean hasi zituzten saioak.

UPN eta PP gabe

UPNk eta PPk ez dute batzordean parte hartu, «nazionalisten bozgorailu» delakoan. PSNk ere aipatu zuen batzordea uztea, baina bileretan parte hartu du azkenean.

Hogei agerraldi egin dituzte batzordean —bederatzi adituk eta 11 eragilek—, eta taldeak urriaz geroztik aritu dira ondorioak adostu nahian. Gobernuari eusten dioten alderdien botoekin onartu dituzte ondorioak, eta bistakoa da adostasun premiaren eraginez urardotu egin dutela azken ebazpena. Boto partikularra eman du PSNk.

Euskararen Legea desegokitzat jo dutela, hori da ondorioen gako nagusia: «Ez da egokia, zaharkituta gelditu da, eta berritu eta egokitu beharra dago, adostu beharko den norabidean eta neurrian».

Horretarako oinarri gisa hartu dute Nafarroako gizartea asko aldatu dela 1986tik, legea egin zuten urtetik, eta «errealitate berrietara» egokitu behar dela legea. Nabarmendu dute «eskari soziala eta politikoa» badagoela legea berrikusteko, eta «zilegi eta beharrezkoa» dela horretan hastea. Lehen talka hor izan dute PSNrekin: alderdi horren iritzirako, izan ere, Nafarroan ez dago «benetako eskari sozialik» Euskararen Legea aldatzeko. «Nafarrek ez dute kezka hori beren lehentasunetan». Hala dio boto partikularrak.

Aldatzeko premia sumatu bai, baina 1986ko legeari zuzeneko kritika bakarra egin diote ondorioetan: zonifikazioa egiteko modua. «Ez dio Nafarroako errealitate eta bilakaera soziolinguistikoari erantzuten». Areago, ohartarazi dute ez dagoela argi zer irizpideren arabera sartu zituzten herriak eremu batera edo bestera. Kritika horretatik harago, ez dute legeaz balorazio orokorrik egin, laukotean dituzten desadostasunen erakusgarri: batzuen iritzian, izan ere, «lege emankorra eta lagungarria» izan da; beste batzuen ustez, «kalte» egin duen «hesia».

Ofizialtasunaren auzia

Euskararen Legea aldatzeko prozesuan oinarri bat dago muinean: ofizialtasunaren auzia. Oraingo ereduarekin, zonifikazioarekin, euskara Nafarroa iparraldean soilik da ofiziala, eremu euskalduna delakoan. Eta hara: herritar eta euskaldun gehienak euskara ofiziala ez den udalerrietan bizi dira. Legeari buruzko eztabaida nagusia hori da: ofizialtasuna Nafarroa osora hedatu edo ez. Aitortu dute horri buruz ez dutela «adostasun espliziturik». Ondorioen arabera, atea ez dago itxita: «Ofizialtasunak izanen lituzkeen ondorioak argitzeak eta adosteak ekarriko du estatus hori erabaki politiko eta instituzional baten bidez Nafarroa osora hedatzeko proposamena egitea edo aukera gisa alde batera uztea. Eztabaida irekita dago».

Ofizialtasuna aitortzeaz harago, funtsa da horrek zer ondorio praktiko lituzkeen. Esate baterako, hezkuntzaren arloan: euskara ofiziala balitz, euskara ikastea derrigorrezkoa ote litzatekeen edo ez. Hala balitz, G eredua desagertzea ekarriko luke, Euskara ez da-eta ikasgaia ere —eremu euskaldunean ez dute G eredua eskaintzen—. Kontua da Nafarroako ikasleen %61 daudela G ereduan.

Horri heldu dio PSNk, ofizialtasuna «inposizioa» litzatekeela argudiatzeko: «Nafarroa ez da euskaraz bizi». Laukoak ondorioetan aitortu du horrelako «korapiloak» daudela argitzeko, eta «prozesu bat» beharko dela proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko. Horretarako ardura parlamentuko taldeen gain utzi dute. «Ahalegina eskatzen diegu urrats eraginkorrak egin ditzaten». Ordea, ez dute zehaztu zer eta noiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.