Albistea entzun

Abertzaletasunari «harresia» jarri nahi dio Navarra Sumak

Hautagaiak aurkeztu ditu: Sergio Sayas (UPN) izango da Espainiako Kongresurako zerrendaburua, eta Ruth Goñi (C's) Senaturakoa. «Apustu ausart, tinko eta sendoa da»
Navarra Suma koalizioko zerrendaburuak, atzo, Iruñean egindako aurkezpenean.
Navarra Suma koalizioko zerrendaburuak, atzo, Iruñean egindako aurkezpenean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2019ko martxoak 21

UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako Navarra Suma koalizioak bere hautagaiak aurkeztu ditu Espainiako Kongresurako eta Senaturako. Eta hautagaiekin batera, helburuak ere finkatu ditu: «Abertzaletasunaren aurrerakadaren aurrean harresi» izatea, eta «bere nortasuna errespetarazi nahi duen Nafarroaren ahotsa» Espainiako instituzioetara eramatea.

Sergio Sayas UPNren foru parlamentaria izango da Kongresurako zerrendaburua. Horren gibelean, koalizioa sustatzen duten hiru alderdien ordezkariak azalduko dira: Carlos Garcia Adanero (UPN), Cristina Sanz (PP), Sonia Perez (C's) eta Alberto Picon (PP).

Senaturako zerrendan, berriz, Ciudadanos alderdiko kide bati dagokio lehenengo postuan joatea, eta alderdiaren Nafarroako antolakuntza idazkari Ruth Goñi izango da zerrendaburua. Ondoren, Alberto Catalan (UPN) eta Amelia Salanueva(PP) joango dira.

Hautagaiak ez ezik, koalizioak erabiliko duen logotipoa ere aurkeztu dute ekitaldian: laukizuzen moduko bat, gorria, UPNren ikurrean agertzen denaren oso antzekoa, eta barruan NA+ idatzirik duena.

Sayasen ustez, Navarra Suma «ilusioa eta ziurtasuna» sortzen duen egitasmoa da «Nafarroarentzat zein Espainiarentzat», eta «itxaropena» eskaini nahi die «Uxue Barkosen gobernua gehiago jasaten ez duten herritarrei».

Halaber, «askatasuna berreskuratu» nahi du Navarra Sumak, Sayasen hitzetan. «Pentsatzeko modu bat inposatu nahi izan digute, eta pentsatzeko modu horren arabera bizi behar izatea ere bai», esan du. Abertzaletasuna «sektario, endogamiko eta itxitzat» jo du.

Berriro ere, Espainiako konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kentzeko asmoa agertu du, hura «nafarrentzako tranpa» eta «abertzaleei egindako kontzesioa» delakoan.

Senaturako zerrendaburuak ere hitz egin du. Ruth Goñik eskerrak eman dizkie Ciudadanos osatzen duten kide guztiei, eta esan du koalizioa eratzeko hautua «apustu ausart, tinko eta sendoa» dela. «Batzen gaituena balioetsi eta desberdintasunak albo batera utzi ditugu, helburu bakar batekin: boto konstituzionalista guztiak bildu, Nafarroan agindu eta abertzaletasuna gobernutik kanpo uztea», azaldu du.

Goñiren ustez, Nafarroak ezin ditu beste lau urtez «identitatean oinarritutako politikak, bazterketa eta inposizioa» jasan. Horregatik, «oso desberdinak diren alderdiek» erabaki dute «indarrak batzea».

Ciudadanoseko ordezkariaren ustez, beharrezkoa da «espainiarrak batzearen alde lan egingo duen proiektu politiko bat», eta, aldi berean, «batasuna, berdintasuna eta askatasuna» defendatuko dituena «inolako konplexurik gabe».

Goñiren arabera, Nafarroa lehen «liderra» zen «Espainiaren aurrerabide sozial eta ekonomikoan», eta hara itzuli nahi dute, «lehen geundeneko tokira, inoiz utzi behar ez genuena».

Hautagaiekin batera, koalizioa osatzen duten hiru alderdien buruak ere egon dira aurkezpenean: Javier Esparza (UPN), Ana Beltran (PP) eta Carlos Perez Nievas (C's). Esparzak esan duenez, koalizioa osatu izanak «ilusio handia» piztu du; haren ustez, «pozik eta harro» egoteko arrazoiak badituzte hori lortzeko lanean ibili direnek. Haien helburua da «Nafarroak foru erkidego bereizia, espainiarra eta europarra izaten jarrai dezala» nahi duten nafar guztiak biltzea.

PPren zerrendak, «aurki»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PPk oraindik ez ditu Espainiako Gorteetarako zerrendak itxi, eta, askoren ustez, alderdian hautagaiak aukeratzeko prozesuaz dauden desadostasunen erakusgarri litzateke hori. Espainiako PPren komunikazio arduradun Marta Gonzalezek, aldiz, esan du zerrendak «aurki» egongo direla, eta ez du uste alderdiko kideen artean «ezinegonik» dagoenik horren inguruan. «Prozesu hauek beti dira zailak, pertsona batzuk aukeratu behar direlako, eta beste batzuk, berriz, kanpoan utzi».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.