Greziako hauteskundeak. Alderdi politikoak

Greziako egoeraren ispilua

ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak boterera itzultzeko aukerak ditu. Varufakis Finantza ministro ohia parlamenturako bozetara aurkeztuko da lehen aldiz

Greziako egoeraren ispilua.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Duela hilabete bat baino gutxiago, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak Prokopis Pavlopulos presidenteari parlamentua desegiteko eta hauteskundeetara deitzeko eskatu zion. Maiatzaren 26an egindako Europako hauteskundeen ondoren, Grezian aldaketa politiko bat gertatzeko aukera sortu da; izan ere, herrialdea osatzen duten hamahiru eskualdeetatik hamabitan ND Demokrazia Berriak irabazi zuen, eta Syrizak alkatetza galdu zuen Greziako bi hiririk garrantzitsuenetan: Atenas eta Tesalonika.

Bihar Syrizak galduko balu ere, Greziako egoera politikoak ez luke zerikusirik izango duela hamar urtekoarekin. Bi alderdi nagusi egongo dira orain ere, baina inkesten arabera NDren eta Pasoken txandakatze garaiak iraganeko kontua dira. Txandakatze sistema berri bat sortuko ote den, edo 2015. urtean sortu zen zatiketak iraungo duen: horixe argituko da bihar. Hauek dira alderdi nagusiak, Syrizaz aparte:

ND DEMOKRAZIA BERRIA

Kyriakos Mitsotakis da alderdi politiko kontserbadorearen presidentea. Atenasen jaio zen, 1968. urtean, eta Nazioarteko Harremanak eta Negozioen Kudeaketa ikasi zituen. 2013. urtean, Erreforma Administratiboaren ministro izendatu zuten, eta gero, 2015. urtean, NDko presidente egin zuten. Izan ere, alderdiaren buruzagi zen Antonis Samarasek dimititu egin zuen, urte hartako hauteskundeetan emaitza txarrak izan zituelako.

ND 1974. urtean sortu zen, diktadura bukatu ondoren. Geroztik, lau legegintzalditan egon da gobernuan, azkenekoz 2012-2015 urteen artean. Krisialdiaren eraginez, boterea galdu zuen, baina botoen %33 lortu ditu aurtengo Europako hauteskundeetan. Inkestek hamabost puntuko aldea ematen diote Syrizarekiko.

EGUNSENTI URREKARA

Eskuin muturreko alderdia da, eta Nikolaos Mikhaloliakos da burua. Atenasen jaio zen, 1957. urtean, eta hiri horretako unibertsitatean ikasi zuen. Mikhaloliakos hainbat aldiz egon da kartzelan; 1970eko hamarkadan, diktadurako koronelak ezagutu zituen han. Azkenekoz 2013an egon zen kartzelan, eta orain auzipetuta dago, talde kriminal bateko kide izatea egotzita.

Egunsenti Urrekara 1980. urtean eratu zen. Hala ere, ia 30 urtez egon zen baztertuta. 2009. urteko hauteskundeetan botoen %0,3 besterik ez zuen lortu, baina 2012. urtean parlamentuan sartzea lortu zuen. Izan ere, botoen %7 eskuratu zituen, eta 21 eserleku. Hau da: ia bazterreko fenomenoa zen lehen, eta parlamentuan 21 diputatu lortu zituen gero. Hauek izan ziren Mikhaloliakosen hitzak urte hartan egindako elkarrizketa batean, etorkinei erreferentzia eginez: «Inbaditu egin gaituzte, ezin gara kalera atera, eta lana kentzen digute».

ANEL

Panos Kammenos Defentsa ministro ohia zen Greziar Independenteak (Anel) izeneko eskuineko alderdiaren presidentea. NDko kidea zen Kammenos, baina 2012an Anel sortu zuen, diskurtso nazionalistago eta euroeszeptikoago batekin.

2015eko bozen ostean, koalizioa osatu zuen Syrizarekin, eta gobernura iritsi zen, baina aurten alderdia desegin da, barne desadostasunak direla eta. Beraz, Anel ez da bozetara aurkeztuko; Irtenbide Greziarra izeneko alderdia saiatuko da haren lekua hartzen.

PASOK

Mugimendu Sozialista Panheleniarra (Pasok) zentro ezkerreko alderdi sozialdemokrata bat da, Fofi Gennimata duena buru. Gennimata Atenasen jaio zen, eta Zientzia Politikoak eta Administrazio Publikoa ikasketak egin zituen. 2012. urtean, alderdiaren bozeramaile izendatu zuten, eta hiru urte geroago presidente egin zuten.

Pasok 1974. urtean jaio zen. 1980. eta 1990. hamarkadetan, boterean urte gehien egon zen alderdia izan zen. Hala ere, 2012ko eta 2015eko hauteskundeetan gainbehera nabarmena izan zuen, eta aurten egin diren Europako hauteskundeetan botoen %8 besterik ez ditu lortu, beste alderdi batzuekin batera osatu duen koalizioarekin. Inkestetan aurreikusten dute Pasok hirugarren geldituko dela.

MERA25

Yanis Varufakis Desobedientzia Errealistaren Fronte Europarra (Mera25) izeneko ezkerreko alderdiaren burua da. Ekonomia matematikoa eta estatistikoaikasi zituen. Greziako Finantza ministroa izan zen Tsiprasen gobernuan, baina 2018. urtean, Mera25 alderdia sortu zuen; bihar aurkeztuko da lehen aldiz parlamenturako hauteskundeetara. Nahiz eta ez den ohikoena alderdi batek beste batentzako botoa eskatzea, Varufakisek galdegin du bere alderdiari ez bada KKE Greziako Alderdi Komunistari ematea botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.