Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Mobilizazioak

Generalitatea, mobilizazioen eta mossoen oldarraldien defentsan

Torraren gobernuak, nahiz eta desobedientziarako deiak egin dituen, polizien aireportuko indarkeria defendatu du. Gazte batek begi bat galdu du gomazko pilota batek jota

Polizia bat borrarekin manifestari bat jo nahian, atzo, AP-7 autobidean, Gironan. DAVID BORRAT / EFE.
ander perez zala
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako sententziari emandako erantzunak agerian utzi ditu Quim Torra buru duen gobernuaren kontraesanak: herritarrei desobedientzia zibilerako deia egiten die, baina mossoen oldarraldiak agintzen ditu herritar horien aurka, «segurtasuna» aitzakia hartuta. Herenegun Bartzelonako Prat aireportuan izandako mobilizazioetan, mossoek eta Espainiako poliziek 131 lagun zauritu zituzten; horietako bat begi bat gabe utzi dute, gomazko pilota batekin tiro egin ziotelako —Katalunian debekatuta daude horrelakoak—, eta beste batek barrabil bat galdu du.

Polemikaren erdian, kontraesan hori argudiatu nahian aritu zen atzo Kataluniako Gobernua, bi jarreren arteko oreka dagoela frogatu asmoz. «Konpontzeko zailak diren kontraesanak», hala deskribatu zuen Meritxell Budo Generalitatearen bozeramaileak aldi berean manifestatzeko eskubidea errespetatzea eta herritarren segurtasuna bermatzea.

«Enpatia dugu ekintza baketsuekin, baita Pratekoak bezalako ekintza biribilekin ere. Baina segurtasun indarrek herritarren aurka oldartu behar izan zuten haien segurtasuna bermatzeko», argudiatu zuen Budok. Generalitatearen azalpena zera da: manifestariak aireportuko eremu jakin batzuetara sartu izan balira—hegazkinen pistetara, esaterako—, sedizio delitua egotziko lieketela, Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentistekin egin bezala.

Kataluniako Gobernuaren eledunarentzat, «istilu batzuk» egon ziren Tsunami Demokratikoak deituriko mobilizazioetan, eta jakinarazi zuen horiek ikertzen hasiak direla: «Irudiak errepasatzen ari gara. Egoera argitu arte, ez dugu ezer esango. Jendetza horiekin, kolokan zegoen segurtasuna».

Ildo horretatik, Budok ez zuen adierazpenik egin polizien tiro baten erruz begia galdu duen gaztearen kasuaz. Kataluniako presidenteak, baina, adierazia du «ikerketak egon egongo» direla, eta «amaieraraino iritsiko» direla «gehiegikeriarik» antzematen badute; gauza bera, mossoek protokoloak errespetatu ez bazituzten.

Herenegun, Bartzelonako aireportuan mossoak eta Espainiako Polizia oldartzen ari zirenean, Torra hiriaren erdigunean zegoen, herritarren txaloen artean. Oldarraldien aurretik, Twitter sare sozialean honako mezu hau idatzi zuen, 14:16ean: «Mila esker preso politikoen zigor bidegabeen aurka mobilizatu zareten guztioi».

Oposizioaren partetik, kritika gehienak Torrak eta Miquel Buch Barne kontseilariak jaso zituzten. «[Kataluniako] Gobernuak esku batekin txioak idazten ditu mobilizaziora deitzeko, eta gero protestariak jotzeko argibideak ematen ditu», salatu zuen atzo Jessica Albiach Catalunya en Comuren parlamentuko bozeramaileak. «Buch karguan dagoenetik, indarkeriaren gehiegizko erabilera egiten ari dira».

Gabriel Rufian ERCren Espainiako Kongresuko diputatuak ere azalpenak eskatu zituen atzo, Budoren adierazpenengatik: «[Oldarraldiak] Neurriz kanpokoak eta onartezinak izan ziren».

Dena den, badirudi Generalitateak ez duela jarrera aldatzeko asmorik. Budok bide beretik segitzeko deia egin zien herritarrei atzo ere, eguerdi aldera, baina, arratsaldean, mossoak protestariei oldartu zitzaizkien Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren parean.

Torrari eta Buchi, gainera, beste aldetik ere iritsi zitzaizkien kritikak, Kataluniako Polizien Sindikatua kexu agertu baitzen agintariek ez zutelako «manifestarien indarkeria salatu».

Giza eskubideen defentsa

Novact, Irida, Iacta, La Fede eta Giza Eskubideen Defentsarako Elkarte Katalana taldeek atzo jakinarazi zuten Som Defensors (Defendatzaileak gara) taldea osatu dutela, giza eskubideen babesa eta defentsa egiteko.

Andres Garcia Berrio abokatuak hitz egin zuen Som Defensorsen izenean: «Gomazko balak erabili dituzte berriz Katalunian; onartezina da. 29 lesio egon dira; foam pistolekin tiro egindako sei kasu; bost kasu borrarekin buruan egindako erasoengatik, eta beste hamasei gorputzean emandako kolpeengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.