Hamazortzi atxilotu eragin ditu Voxen azken ekitaldiak Bilbon

Ertzaintza oldartu egin zitzaien protestan ari zirenei, eta istiluak egon ziren Bilboko Euskalduna jauregiaren inguruetan. Atxilotuak kalean daude jadanik, baina epailearen aurrean agertu behar dute

Ertzainen oldarraldiaren ondorioz, Jesusen Bihotza plazan babestu ziren manifestariak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Joan den apirilean gertatu bezala, Vox eskuin muturreko alderdiak berriro ere ekitaldia egin du Bilbon —leku berean gainera, Euskalduna jauregian—, berriro ere mugimendu antifaxistaren protestak egon dira aretoaren aurrean, eta berriro ere Ertzaintza oldartu egin zaie protestan ari zirenei. Aldaketa bakarra izan da apirilekoan hainbat manifestari zauritu zirela Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz —neska bati masailezurra apurtu zioten—; oraingo honetan, berriz, ez da zaurituen berri izan, baina atxilotu kopurua oso deigarria izan da: hamazortzi, orotara.

Haietatik sei adin txikikoak dira, eta gurasoen esku utzi zituzten igande gauean bertan. Gainerako hamabiek ertzain etxean eman behar izan zuten gaua, eta atzo goizean eraman zituzten epailearen aurrera. Denak libre gelditu dira, baina epailearen aurrean azaldu beharko dute ostera ere.

Istiluak joan den igandean gertatu ziren. Vox alderdi ultraeskuindarrak ekitaldi politikoa egin behar zuen 18:00etan Euskalduna jauregian, eta ordu erdi lehenagotik ehunka manifestarik elkarretaratzea egin zuten jauregiaren aurrean, Casilda Iturrizar parkean. Manifestariek «Euskal Herria antifaxista», «Borroka da bide bakarra» eta antzeko oihuak egin zituzten, eta ez zen aparteko arazorik suertatu.

Ortega Smithen agerpena

Gauzak aldatu ziren Javier Ortega Smith Voxeko idazkari nagusia agertu zenean. Lehenbizi, manifestariengana joaten saiatu zen, eta, gero, jauregiaren kanpoko aldean zeuden Ertzaintzaren buruengana egin zuen. Ertzaintzaren buruak saiatu ziren Ortega Smith beste leku batera eramaten, lasaiago hitz egin ahal izateko, baina Voxeko idazkari nagusiak uko egin zion.

Kazetari guztien aurrean, Ortega Smithek «eskerrak» eman zizkien egiten ari ziren «lan bikainagatik», baina esan zien antifaxisten elkarretatzea «legez kanpokoa» zela eta haien kontra jo behar zutela. Ertzainburuek eztabaida txiki bat izan zuten Voxeko idazkari nagusiarekin; erantzun zioten antolatzaileek ez zutela elkarretaratzearen berri eman, baina horrek ez zuela esan nahi «legez kanpokoa» zenik, eta agindu zioten «behar denaren arabera» jokatuko zutela.

Ortega Smithekin elkarrizketa izan eta gutxira, ertzainak manifestariei oldartu zitzaizkien, eta balarik gabeko tiroak eginez eta foam balak jaurtikiz sakabanatu zituzten. Istiluak Sabino Arana etorbidera hedatu ziren. Ordu horretan hastekoa zen Athleticen eta Valladoliden futbol partida San Mamesen, eta jende asko zebilen inguruetan.

Gau osoan nahaste handia egon zen atxilotu kopuruaren inguruan, eta zenbait iturrik azaldu zuten 22 ere izan zitezkeela atxilotutakoak. Azkenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan du orotara hamazortzi izan zirela.

Atxiloketen ostean iritsi dira erreakzioak. EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek esan du antifaxistek Voxen kontra antolatzen dituzten mobilizazioak azkenean «Voxen aldeko» bilakatzen direla, Voxeko buruzagiei «iparraldeko gerra egiteaz harrotzeko» balio dietelako, eta, gustatu ala ez, Voxek «eskubidea» duela Euskal Herrian hauteskunde ekitaldiak egiteko.

Antzeko iritzia azaldu du Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak: haren aburuz, «Voxen mesedetan» ari dira alderdi ultraeskuindarraren kontra mobilizazioak egiten dituztenak, haien «jokoan» erortzen direlako.

Sortuk, aldiz, esan du «onartezina» dela «faxismoak leku publikoak erabiltzea», eta salatu du haren «inpunitatea» eta «edozein probokazio egiten» utzi izana. Halaber, «kaleen militarizazioa eta errepresioa» ere salatu dute. «Aurreko egunetan bezala, atzo ere [igandean] Jaurlaritzaren Polizia bortizki oldartu zitzaien manifestariei», azaldu dute. Atxilotuei elkartasuna adierazteaz batera, EAJri ohartarazi diote «oker» dabilela «errepresioaren bidea» aukeratuta.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko komunikazio idazkari Andeka Larreak gogorarazi du Voxek ez duela Euskal Herrian inolako ordezkaritza instituzionalik; hortaz, horrelako ekitaldien bidez «probokazioa eta ikuskizuna» bilatzen dutela deritzo. Larreak erantsi du Ahal Dugu ez dela eroriko «ultraeskuindarren probokazioan», eta «espektakuluaren gidoiari» jarraitu nahi diotenek «azalpenak» eman beharko dituztela.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogor salatu ditu Voxen ekitaldia eta Ertzaintzaren oldarraldia: «Urkullu eta Abascal ez dira hain desberdinak, klase interes berberak defendatzen dituztelako maskara ezberdinez». Haien ustez, «herriaren eskubidea da faxismoaren erasoei aurre egitea».

Atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko epaitegiaren aurrean, atxiloketak salatzeko. Atxilotuetako lau Ezkerraldekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.