Aurrekontuak. Nafarroako Gobernua

Navarra Sumatik gero eta urrunago da Txibite

Nafarroako Gobernuko lehendakariak lehentasun gisa jarri du 2020ko aurrekontuak onartzea. Zergetan, Navarra Sumak osoko zuzenketa aurkeztu die gobernuak aurkeztutako hiru lege proiektuei

joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Maria Txibitek «abiada betean» ikusten du Nafarroako Gobernua. Agintean 125 egun beteak ditu, eta, legealdi hasierari begira, lehentasun gisa jarri du hurrengo urteko aurrekontuak aurrera ateratzea. Nahiz eta gobernuak oraindik ez duen aurreproiektua aurkeztu —hilabete honen amaierarako egingo duela zin egin du—, baikor ageri da Maria Txibite: espero du aurrekontuak aurrera ateratzeak «erregai gehiago» emango liokeela orain arte hartu duen abiadura iraunkor horri. Hala ere, hori gertatzeko, Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesa, edo gutxienez abstentzioa, beharko du. Gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuko lehendakariak bi talde horien atea irekita dagoela irudikatu nahi badu ere, errealitateak islatzen du Navarra Suma koaliziotik gero eta aldenduago daudela PSN zein Maria Txibite.

Duela bi aste, azaroaren 27an, Maria Txibitek Nafarroako jauregian hartu zituen Navarra Sumaren ordezkaritza eta EH Bildurena. Koalizio abertzaleak dokumentu bat helarazi zion gobernuari, bai negoziazio esparruaren ingurukoa, bai zerga neurrien eta gastu atalen ingurukoa ere. Txibitek aitortu du proposamen horietako batzuekin ados daudela eta beste batzuekin ez. Dena den, oraindik ez diote erantzun ofizialik helarazi EH Bilduri. «Oraindik ere baloratzen ari gara proposamena, baina, ulertuko duzuenez, gobernuak haiei helaraziko die balorazio hori zuzenean». Navarra Sumak duela bi asteko bilera hartan ez zuen egin inongo proposamenik, baina orain arte diru sarrerei erreparatu die, gastuei eta inbertsioei baino gehiago.

Izan ere, gobernuak hiru lege proiektu aurkeztuak ditu parlamentuan: lehenik, 2015etik 2018ra arteko amatasun laguntzen gaineko kenkariak ezartzea; bigarrenik, enpresen ondasunen gaineko zerga kentzea; eta azkenik, hainbat zergatan aldaketak egitea —nagusiena errenta zergaren tarifaren deflaktazioa, inflazioaren eragina leuntzeko asmoz—.

Navarra Sumaren lehia

Atzo jakin zenez, Navarra Sumak hirurei aurkeztu die osoko zuzenketa, eta, urrats horrekin, argi utzi nahi izan dio gobernuari diru sarreren eta zergen atala bataila politikorako baliatuko duela. Hain zuzen ere, bere proposamena hiru lege proiektutan bereizita, gobernuak Navarra Sumaren baiezkoa lortu nahi izan zuen lehen bietan. Dialektikaz harago, zaila dirudi Navarra Suma kontra agertzea, baina hori bozketaren garaian ikusiko da. Osoko zuzenketaren testuan argudiatzen duenez, «Nafarroak sakoneko zerga erreforma behar du, egungo zerga sistema ez baitago testuinguru ekonomikora egokituta». Funtsean, PPk eta Ciudadanosek agintzen duten Espainiako erkidegoetan egin bezala, Navarra Sumak errenta, sozietate eta oinordekotza zergeten jaitsiera orokorrak proposatu ditu, tasak apalduz eta kenkariak ezarriz.

Osoko zuzenketa horren edukia jakin aurretik ere, Maria Txibitek argi zuen eskuineko koalizioaren jarrera: «Bileran, ez ziguten agiririk aurkeztu, eta prentsaren bidez jakin dugu proposamenaren berri. Ez dakit modurik onena ote den».

Ezkerrean, berriz, EH Bildu du zain. Koalizio abertzaleak zatikako zuzenketak aurkeztu ditu—osokoa, enpresen ondasunaren zergaren proiektuaren kasuan; Ezkerrak bezala—. Eskuinaren bestelako diskurtsoa du. «2018an, enpresek inoizko etekinik handienak izan zituzten, eta, aldiz, sozietate zergaren bilketa oso maila apalean dago», adierazi du Adolfo Araizek. EH Bildu enpresei ondasun zerga kentzearen aurka dago, baina ez du uste hori oztopo izan daitekeenik baldin eta beste zergetan akordiorik lortzen badute: «Hitz egiten ari gara. Ez dugu akordiorik lortu, baina ez dugu negoziazioa hautsi».

Geroa Baiko Uxue Barkosen ustez, «nolabaiteko sintonia bat dago» gobernua babesten duten lau alderdien eta EH Bilduren artean; aldiz, Navarra Sumaren posizioa « ez da eraikitzailea». Barkosek «urrun» ikusten du eskuineko koalizioa, hiru lege proiektuei osoko zuzenketa aurkeztu baitie. «Ez dirudi elkar ulertzeko abiapuntu ona denik hori».

Txibite, pozik

Zergekin eta aurrekontuekin gertatzen denaren zain, legealdi hasiera honetan Txibiteren badu beste lehentasun bat: Espainiako Gobernua osatzea. Apiril hasieratik, Madrilgo gobernua jardunekoa izateak hainbat kontu oztopatzen ditu: trafiko eskumenen itzultzea edo bestelako negoziazioei ekitea. Asteburuan, PSOEren bilkura batean izan da Txibite, eta baikor dago: «Hobe da inbestidura prozesua ongi egitea presaka egitea baino, baina egia da premia dagoela». Adibidez, Nafarroak «lehenbailehen» ekin nahi dio Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioari, eta, jarduneko gobernu horrekin «solasaldi ez-ofizialak» izan baditu ere, ezin da ofizialki hasi gobernua osatu arte.

Lehen hilabeteoi begira, mugimenduan den gobernu bat irudikatu nahi izan du Txibitek, eta departamentuz departamentu hartu dituzten neurri nagusiak laburbildu ditu. Adibidez, gobernuaren erronken artean enplegua dago, eta uste du gizarte eragileekin enplegu plana hitzartzea dela «erremintarik onena» horretarako. Halaber, gogora ekarri du Espainian PSOEren eta Unidas Podemosen akordioan lan erreforma aldatzea proposatu dela.

Bestelako neurrien artean, adibidez, 2019rako 725 lanposturako lan deialdia onartu dute (337 Hezkuntzan, 219 Osasunean, eta 169 administrazioan bertan). Halaber, Belateko eta Almandozko tunelak bikoiztea erabaki dute, eta horren finantzaketaz hitz egiten ari dira orain Madrilekin. Txibiteren esanetan, «hogei urte berandu» dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.