Espainiako inbestidura

Sanchezek lortu du aski babes

EH Bilduko kideek babestu egin dute zuzendaritza, eta abstenitu egingo dira inbestiduran. BNGk eta CCk ere ez diote kontra egingo Sanchezi, eta asteartean izango da presidente

Sanchezek lortu du aski babes.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Badu behar adina babes gobernua eratzeko. Pedro Sanchez PSOEren hautagaiak gaur goizean ekingo dio inbestidura saioari, eta azken orduan lortu du presidente izateko adina boto: batetik, EH Bilduren abstentzioa, zuzendaritzaren proposamena babestu baitute oinarriek; bestetik, BNGren baiezkoa eta Coalicion Canariaren abstentzioa. Horiekin, asteartean izendatuko dute Sanchez Espainiako Gobernuko presidente, bigarren bozketan. Horrela, frankismoaz geroztik lehen aldiz, koalizio gobernua izango dute Madrilen: PSOE eta Unidas Podemos.

Hiru eguneko inbestidura saioa goizean hasiko da, 09:00etan. Lehenbizi, Sanchezek berak hartuko du hitza, eta ondoren, parlamentuko talde guztiek, handienetik txikienera. Denek ez dute gaur hitz egiteko tarterik izango, eta falta direnek bihar goizean hartuko dute hitza. Haien atzetik, bihar eguerdian, bozketa egingo dute: gehiengo absolutua behar da lehenbiziko aldi horretan, eta Sanchezek ez du halakorik. Asteartean egingo dute bigarren bozketa, eta orduan, bai, lortuko du: ezezko baino baiezko gehiago behar ditu, eta abstentzioen bidetik lortuko du hori. Aldeko 167 boto dauzka —PSOE, Unidas Podemos, EAJ, Mas Pais eta Compromis, Nueva Canarias eta Teruel Existe—, eta aurkako 164 —PP eta Foro Asturias, Vox, Ciudadanos, JxC, CUP, Navarra Suma eta PRC—. Justu, baina aski babes izango du.

Giltzarri izan dira EH Bilduren eta ERCren abstentzioak. Katalanek ostegunean erabaki zuten abstentziora jotzea, Kontseilu Nazionalaren gehiengo zabalarekin (%96). PSOErekin asteetan negoziatu du ERCk, eta akordioa itxi ostean eman du pausoa. EH Bilduk ostegun-ostiralean galdeketa egin du kideen artean, eta babes handia lortu du zuzendaritzaren proposamenak, abstentzioarenak: bozen %81. Aukera zuten kideen %40k parte hartu dute bozketan; koalizioko iturriek BERRIAri zehaztu diotenez, gaur-gaurkoz 13.470 kide daude EH Bildun izena emanda —lehen aldia da kopurua jakinarazten dutena—; 629 azken bi egunetan erregistratu dira.

Sanchezek ez zuen aski, ordea, ERCrekin eta EH Bildurekin: behar zuen BNG eta Coalicion Canaria ezezkoaren blokera ez joatea. Izatez, azken orduan gizendu egin baita aurkako botoen zakua, PRC Kantabriako erregionalisten jarrera aldaketagatik: iragarri dute Sanchezen kontra bozkatuko dutela, ERCrekin ituna egin duelako. Hala esan du Miguel Angel Revilla alderdiko buru eta Kantabriako presidenteak: «Errepide edo AHT linea batek ere ez du justifikatzen Espainiaren batasuna zapuztea».

Akordio sorta bat

Azken orduan, atzo arratsaldean lotu zituen PSOEk hitzarmenak BNGrekin eta Coalicion Canariarekin. Galiziako alderdiak azpiegituren inguruko konpromisoak sinarazi dizkie sozialistei. Kanarietako alderdiak, berriz, gorabehera handiak izan ditu egunotan: Nueva Canarias alderdiarekin batera aurkeztu zen bozetara, eta hark iragarria zuen Sanchezen aldeko botoa —uharteetan bizi direnei hegazkin txarteletan beherapenak egitea itundu du trukean—. Zerga aldaketak nahi zituen Coalicion Canariak, uharteetako herritarrei eta enpresei zergak jaistea. Ez du halakorik lortu, baina abstentziora joko du inbestiduran.

Akordio sorta baten ondoren lortuko du, beraz, Sanchezek gobernura berriro iristea. Itun nagusia Unidas Podemosekin egin du: gobernuan sartuko da, eta, lehen informazioen arabera, lau ministerio eta presidenteordetza bat izango ditu. Itun mugatuagoak ere egin ditu PSOEk baiezkoa eman duten beste talde gehienekin —EH Bildurekin, ez—. Zeresanik handiena ERCrenak eman du, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko mahai bat aipatu dutelako, eta galdeketa bat. EAJrenak ere jarri du hizpidea: besteak beste, adostu dute trafikoko eskumena sei hilabete baino lehen izango dela Nafarroarena.

Asteartean hasiko du agintaldia gobernuak. Tartean ezusterik ez bada. Hiru botoren dantzan dago dena. Areago hauteskunde batzordearen azken erabakiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.