Koronabirusa

Aurrez aurreko kontsultak indartuko dituzte Nafarroan

Azken orduetan bost pertsona hil dira gaitzaren eraginez Hego Euskal Herrian, eta 603 kasu izan dira. Txibiteren ustetan, osasun sistema «prest» dago egoerari aurre egiteko

Osasun etxe baterako sarrera, COVID-19aren aurkako neurriekin, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Lehen arretaren ohiko funtzionamendua hankaz gora jarri du pandemiak, eta profesionalek moldatu egin behar izan dute beren jarduna. Kontsulta gehienak telefono bidezkoak dira gaur egun, eta aurrez aurreko kontsultak beharrezkoa den kasuetan soilik egiten dira. Nafarroan, ordea, ohiko jardunera itzultzen hasiko dira. Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du irailetik aurrera neurri berriak hartuko dituztela, lehen arretako aurrez aurreko kontsultetara itzultzen hasteko: denborak eta ordua hartzeko prozedurak egokituko dituzte. Kontseilariak zehaztu du helburua «irisgarritasuna hobetzea» dela, eta, horretarako, pazientearen beharretara egokitzen den eredu bat ezartzeko asmoa dutela. Aldi berean, gaixoen arretarako administrazioko langileak formakuntza hartzen hasiko dira. Formakuntz horren bitartez, paziente bakoitzari bere beharren arabera dagokion profesionalik egokiena esleitzea lortu nahi da, «modurik irisgarrien, errazen eta eraginkorrenean».

Nafarroako osasun etxeetan ohiko jarduerara itzultzen hasiko badira ere, gaitzak baldintzaturik jarraituko dute. Izan ere, birusaren agerraldiak ez dira baretu: bezperan baino kasu gehiago izan dira azken orduetan Hego Euskal Herrian. Beste 603 pertsonari atzeman diete gaitza; bezperan, 536 izan ziren. Halaber, proba gehiago egin dira azken orduetan, atzo baino mila gehiago. Iragan aste amaierako kopuru handien ostean, azken bi egunetan apalagoak izan dira kasuak, eta positiboen portzentajea ere jaitsi egin da: egin diren probetatik %7 izan dira positibo; iragan astean, %8-9 inguru ziren. Halere, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du goizegi dela joera hori aldatzen ari dela baieztatzeko. Herrialdeen artean, izan da alderik. Apaldu egin dira kasuak Bizkaian eta Gipuzkoan: 194 kasu atzeman dituzte Bizkaian, eta 146 Gipuzkoan. Araban, berriz, bezperako kopuru txikiaren aldean, azken orduetan bikoiztu egin dira: 89 kasu izan dira; atzo, 41. Nafarroan ere gorantz egin dute: 158 izan dira kasuak. Erkidegotik kanpo beste hamasei kasu detektatu ditu Jaurlaritzak.

Bada, ordea, nabarmen gora egin duen beste kopuru bat: ospitaleratuena. Bezperakoa izan zen Hego Euskal Herrian azken egunetan ospitalera jende gutxien sartu zen eguna: 30 ospitaleratze izan ziren. Azken orduetan, aldiz, 50 izan dira. Oraintxe bertan, 366 pertsona daude erietxeetan gaitzaren eraginez; horietatik 41 zainketa intentsiboetako unitateetan. Maria Txibite Nafarroako presidenteak, ordea, adierazi du osasun sistema «prest» dagoela bigarren olatuari aurre egiteko.

Bost pertsona hil dira

Kopuru beltzak utzi ditu COVID-19ak azken orduetan Hegoaldean, eta zahar etxeetako egoiliarrengan izan du eragina, bereziki. Pertsona bat zendu da Nafarroan, beste bat Araban, eta hiru Bizkaian. Laurak zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Udako agerraldiak hasi zirenetik, dagoeneko hamazazpi dira Bizkaian hildako egoiliarrak, gehienak azken bi asteetan. Beste herrialdeetan ere ondoriorik latzenak zahar etxeetan eragin ditu gaitzak: Gipuzkoan bi lagun hil dira gaitzaren ondorioz, eta Araban ere beste bi.

Kutsatze berriak ere izan dira zahar etxeetan. Bizkaian, 114 egoiliarrek dute gaitza, eta beste hamazazpi daude ospitalean, COVID-19ak jota. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du beste bi kasu atzeman dituztela Hernaniko zahar etxean azken orduetan; atzo beste kasu bat atzematen zuten. Herrialde horretan, bederatzi egoiliar daude kutsaturik, eta, Araban, 39. Zentroetako langileen artean ere zabaldu da gaitza. Bizkaian, 95ek positibo eman dute COVID-19aren proban, eta beste 88 bakarturik daude. Gipuzkoan, 32 dira kutsaturik daudenak. Bestalde, Gipuzkoako hainbat herritan egoiliarren irteerak bertan behera utzi dituzte, egoera epidemiologikoa dela eta. Besteak beste, Donostian, Irunen, Lasarte-Orian eta Errenterian. Kasuak dituzten zentroetan bisitak ere eten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.