AEBetako hauteskundeak. Botoen zenbaketa

Herdoilaren Gerrikoko estatuak erabakigarri bilakatu dira aurten ere

2016an bezala, Pennsylvanian, Michiganen eta Wisconsinen erabakiko da nor izango den AEBetako presidentea. Posta bidezko botoek eta helegiteek prozesua luzatuko dute; baliteke asteak irautea

Boto emaileak ilaran, herenegun, Pennsylvaniako Pittsburgh hirian. Boluntario batek ura eskaini zien. JUSTIN BERL / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aurtengo hauteskundeetako kuriositate bat: Donald Trumpek Herdoilaren Gerrikoko estatuei esker irabazi zuen 2016an, boto gutxiren tartearekin, eta aurten litekeena da Herdoilaren Gerrikoko estatuetako emaitzengatik galtzea, boto gutxiren tarteagatik. Georgiako (16 konpromisario) eta Ipar Carolinako (15) emaitzak edozein direla ere, aurtengo presidentetza Pennsylvanian (20), Michiganen (16) eta Wisconsinen (10) erabakiko da. Hortaz, orduak eta egunak falta dira behin betiko emaitzak jakiteko, posta bidezko botoaren eta emaitzei jarriko dizkieten helegiteen ondorioz.

Aurreikusitako eta Trumpek berak elikatutako egoera bat daukate aurrez aurre AEBek: bozen emaitzak estuak izango dira, pare bat estaturen menpe egongo dira, eta posta bidezko botoak erabakigarriak izango dira. Horrek azaltzen du hautagai errepublikanoak asmoa duela azken boto horien zenbaketa gelditzeko, eta kasu batzuetan auzitara eramateko; demokratek bozak «lapurtuko» dizkiotela ere adierazi zuen hauteskunde gauean.

Joe Bidenek lortu du boto gehien Wisconsinen, eta Nevadan (6) ere irabaziko balu, Michiganen eta Arizonan garaile izatea nahikoa luke bozak irabazteko; betiere, errepublikanoek soilik Pennsylvania, Georgia eta Ipar Carolina lortuko balituzte. Egoera horrek emaitza estua utziko luke, 270-268koa, eta, beraz, helegiteetarako aukera. Trumpen alderdiak jada aurkeztu ditu batzuk Pennsylvanian, eta atzo bertan ziren aztertzekoak; beste hainbeste egingo dute Wisconsinen. Nevadan zenbaketa gelditzea erabaki zuten, eta gaur ekingo diote berriz, baina ez helegiteengatik, logistika arrazoiengatik baizik.

Bidenek hainbat aukera ditu presidentetzara iristeko, baina, testuinguru guztietan, batez ere Pennsylvania izango da behin betiko emaitzak baldintzatuko dituena. 2016. urtean 266.000 herritarrek bozkatu zuten posta bidez, eta aurten hiru milioira igo da kopurua; legearen arabera, horiek aztertu, prozesatu eta zenbatu egin behar dituzte herenegun hasita eta gehienez bihar arte. Halere, zenbaketa atzo hastea erabaki dute. Horiekin batera, Michiganen eta Wisconsinen ere bozen egunera arte itxaron dute posta bidezkoak zenbatzen hasteko.

Beste estatu batzuetan oraindik jasotzeko dituzte posta bidezko botoak; esaterako, Nevadan, datorren asteartean eskuratuko dituzte, eta, Ipar Carolinan, datorren asteko ostegunean iritsiko zaizkie hauteskunde egunean bidalitako botoak. Georgian, bozen aurretik botoak prozesatzeko aukera izan dute, baina horien zenbaketa soilik hautetsontziak ixtean abiatu zezaketen; Wisconsinen, aldiz, ezin zituzten botoak prozesatu eta zenbatu hauteskunde egunaren aurretik. Ohion azaroaren 13ra arteko epea dute boto horiek jasotzeko.

Kathy Boockvar Pennsylvaniako agintariak aurreikusi du boto guztiak «egun batzuetako epean» edo «[bozen osteko] astebururako» zenbatuko dituztela; beste hainbat estatutako agintariek, aldiz, adierazi dute zenbaketak atzeratu dituztela.

Egutegiaren menpe

Printzipioz, AEBetako presidentetzarako hauteskundeetako botoen zenbaketek abendu hasierarako amaitu behar dute.

Epe horri begira, hauek dira datozen asteetako eta hilabeteko ekinbiderik garrantzitsuenak: abenduaren 8an, estatuek konpromisarioen izen-abizenak jakinarazi behar dituzte. Hortaz, emaitza guztiak egun horretarako beharko dituzte; halakorik gertatuko ez balitz, estatuetako parlamentuek horiek izendatzeko aukera izango lukete, eta, egun horretako egoeraren arabera, Trumpek auzitara jo lezake. Lehenago ere bai, batez ere Gorenera.

Hurrengo egun seinalatua abenduaren 14a da, konpromisarioak egun horretan baitira elkartzekoak AEBetako presidentea eta presidenteordea bozkatzeko. Egun horretako botoak Kongresura bidaliko dituzte, eta 2021eko urtarrilaren 6an zenbatu; orduan jakinaraziko dute nortzuk diren estatuburu eta estatuburuordeak, baina, halere, helegiteak jartzeko aukera egongo da.

Borroka judizialik egonen balitz, datorren urteko urtarrilaren 20rako konponduta egongo litzateke, garaileek egun horretan egingo baitute karguaren zina.

Aurtengo emaitzek 2000. urtean gertaturikoa oroitarazten dute. Aurreko mendearen amaierako bozetan, George W. Bush errepublikanoa eta Albert Arnold Gore demokrata izan ziren aurrez aurre, eta, azkenean, Auzitegi Gorenak jakinarazi behar izan zuen nor zen garailea.

Arrazoia zera izan zen: Floridan, egun hartan erabakigarri bilakatu zen estatuan, bi hautagaien arteko tartea oso txikia izan zen, eta 45.000 boto berriz zenbatzeko agindua eman zuen hango auzitegi batek. Bushen taldeak helegitea jarri zion erabakiari, eta AEBetako Auzitegi Gorenak zenbaketa blokeatzea ebatzi zuen. Hala, errepublikanoak irabazi zuen estatu horretan, eta, hortaz, presidente aukeratu zuten. Gorek emaitzak onartu zituen.

Urte hartan, 2016an bezala, demokratek jaso zuten boto gehien, baina ez zuten presidentetza lortu. Ikusteko dago aurten Trumpek nola erreakzionatuko lukeen berriz halako zerbait gertatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.