Koronabirusa

Txertatze kanpaina ostegunean hasteko asmoa dute Ipar Euskal Herrian

Zahar etxeetako egoiliarrak eta 60 urtetik gorako osasun langileak lehenetsiko dituzte. 5.000 txerto jasoko dituzte Baionako ospitalean. Jaurlaritzak neurriak atxiki ditu

5.000 txerto iritsiko dira Baionara asteazkenean. MARTIN BUREAU / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ostegun honetan abiatu beharko lukete txertatze kanpaina Ipar Euskal Herrian, ARS Eskualdeko Osasun Agentziak iragarri duenez. Asteazkenean, 5.000 txerto dosi jasoko dituzte Baionako ospitalean, eta hortik kudeatuko dute kanpaina, ospitaleari lotuak diren zahar etxeen bidez. Lehentasunez, zahar etxeetako egoiliarrei emanen diete, eta, ondotik, 60 urtetik gorako osasun langileei. Uda bitartean, pixkanaka populazio guziarengana iristea da Frantziako Gobernuaren helburua.

Eskualdeko Osasun Agentziako arduradunek azaldu dute txertoaren kontserbatzeak eskatzen duen logistikak eta zahar etxeetako egoiliarren oniritziak jasotzeak luzatu dituela orain arteko epeak, eta horregatik doazela beste herrialde batzuetan baino geldoago. «Denbora hartu behar da esplikatzeko, eta egoiliarren oniritzia lortzeko. Familia anitzek ere informazioa galdetzen dute. Badira tutoretzapean diren pazienteak ere, eta horrek ere zailtzen du». Txertatze kanpaina antolatzean etika lehenesten ari direla azpimarratu du. «Ezin ditugu herritarrak animalia tropa bat bezala txertatu». Behin oniritziak jasota, gune bakoitzak beharrezkoa duen dosi kopuru zehatza banatuko dute.

15.600 txerto EAEn

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.600 txerto eskuratu zituzten atzo, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, eta Osakidetzak zahar etxeetako egoiliar eta osasun langileen txertatze kanpainarekin segituko du aste honetan ere. Lehen asterako aurreikusitako 8.000 txertoetatik 6.000 eman dira. «Helburua erreserba estrategiko bat mantentzea da, bermatzeko hornidura arazoak izanez gero ez dagoela pertsonarik lehenengo dosia jaso eta 21 egunera bigarrena jaso ezin duenik, txertoaren zehaztapenetan aurreikusten den bezala».

Horrez gain, indarrean dauden murrizketak atxikiko dituzte, oraingoz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo eguerdian batzartu zen Babes Zibileko Planaren (Labi) batzorde teknikoa, neurri berriak hartu ala ez erabakitzeko. Bileraren ostean argitaratutako agirian, Eusko Jaurlaritza pandemiari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruz aholkatzen duen aditu taldeak aitortu du hiru probintzietako bilakaera «ez dela ona», baina ez dutela «aparteko alarma zantzurik» ikusten. Ostiralean batzartuko dira berriz egoera aztertzeko, baina ez dute baztertzen bitartean neurri gogorragoak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.