Albistea entzun

Sutea Bidasoan

Bidasoko suteak galera natural «izugarria» eragin duela diote

2.800 hektarea inguru erre dira, lehen balorazioen arabera. Sua nahita piztu zuten susmoa zabaltzen hasi da. Lapurdin ikerketa bat abiatu dute su bidezko suntsitzeagatik

Larunbat goizean piztu zen sua, eta igande iluntzean lortu zuten menderatzea. Irudian, sutea.
Larunbat goizean piztu zen sua, eta igande iluntzean lortu zuten menderatzea. Irudian, sutea. LESAKAKO SUHILTZAILEAK Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat - Andrea Ibarra - Paulo Ostolaza - Irati Urdalleta Lete - Lander Muñagorri Garmendia -

2021eko otsailak 23

Itzali da Bidaso inguruan 2.800 hektarea baino gehiago erre dituen sutea. Garrak amatatuta, lurzoru errea aztertzen hasi dira Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko agintariak. Kalteak neurtzen ari dira, eta erretako eremua zenbaterainokoa izan den zehaztuko dute datozen egunetan. Suteak zerk eragin zituen ere aztertzen ari dira, baina nahita piztutakoa izan zela aditzera eman dute zenbait arduradunek. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak nahita eragindakoak diren ustea dutela azaldu zuen atzo Radio Euskadin emandako elkarrizketan, eta Aitor Elexpuru Berako alkateak ere hari horri eutsi zion. Suak ia aldi berean aparte dauden bi leku bereizitan piztu izanak hauspotu ditu susmoak.

Nafarroako Gobernuak ez du halako baieztapenik egin, oraindik. Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak esan zuenez, bi lantalde osatu dituzte sutearen eragina neurtzeko. Azterketa horietatik aterako da baita sutearen jatorria ere. Lantalde bat Bera-Ibardin hegalean osatuko dute, eta bestea, Lesaka-Irun hegalean. «Oso garrantzitsua da balorazio oso zehatza egitea, eta bukatutakoan tokiko erakundeei jakinaraziko zaie».Gomezek ez zuen zehaztu zenbat hektarea erre diren, baina, igandean egindako lehen aurreikuspenaren arabera, Nafarroan 1.600 hektarea inguru erre dira.

Mendozak ere eman zuen Gipuzkoan erretako eremuaren zenbatekoaren lehen balorazioa: 400 hektarea. Azken hamarkadan Gipuzkoan izandako suterik handiena izan dela ere esan zuen, eta suak baserririk edo bordarik harrapatu ez badu ere, erretako zatirik handiena baso autoktonoa izan zenez, ondare naturalaren galera «izugarria» izan dela nabarmendu zuen. Lapurdin 792 hektarea erre ditu suak, hiru fokutan: Biriatun, Urruñan eta Azkainen.

Larhun mendiaren aldean izandako suteen jatorria aztertzeko ikerketa bat ere abiatu du Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak, su bidezko suntsitzeagatik. Baionako Jendarmeriaren esku utzi dute afera. Bourrieren arabera, suteak jasan dituzten Lapurdiko herrietako auzapezek ez dute oraindik salaketarik jarri, baina Urruñako eta Azkaineko herriko etxeek salaketa ezartzeko asmoa dute; datozen egunetan erabakitzekoa dute zer prozedura eginen duten zehazki.

Lau sute bereizi dituzte Lapurdin. Biriatu (Lapurdi) eta Urruña artekoa Nafarroatik etorritako txinpartek piztu zuten: sute horrek borda bat kiskali zuen Biriatun. Beste hiru suteak Azkaine eta Ziburuko herrietan gertatu ziren, baina ez dakite nola piztu ziren. Horietako batengatik, arditegi bat eta etxebizitza bat erre ziren, Azkainen. Larunbatean, 200 bat pertsona sokorritu zituzten suhiltzaileek: horietako 40 bat, Ibardingo bentetatik, eta beste 150 bat ibiltari, Larhundik.

Le Moing-Surzurek adierazi du oraingoz Baionako Jendarmeriaren esku dagoela aztertzea ea laborantza suteak egiteko baimen eskaerarik pausatu zen astebururako. Izan ere, mendiko laborantza suteak egiteko, herriko etxearen eta suhiltzaileen baimena lortu behar da. Prefeturak ez du debekurik ezartzen, eguraldiak hala eskatzen ez badu. Halere, larunbatean izandako haize ufadengatik eta larunbat goizean piztutako suteengatik hartu zuen horiek debekatzeko erabakia, larunbat eguerdian. Suhiltzaile eta Urruñako axuanta Nikolas Regeratek azaldu duenez, ordea, ez zen mendiko laborantza surik iragarririk iragan astebururako. Horrenbestez, «zantzu guztiek adierazten dute gizabanakoak nahitara eragindakoa» izan zela.

Suhiltzaile profesional eta boluntarioak mobilizatu behar izan zituzten asteburuan. Ipar Euskal Herrikoez gain, Landetako eta Pirinio Garaietako langileak etorrarazi zituzten. Nafarroan ere handia izan zen larrialdi zerbitzuen jarduna: foru erkidegoaren baliabide propioak nahikoa ez, eta Espainiako Gobernuari laguntza eskatu zioten. Zehazki, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu ziren lanean. Haize ufada bortitzen ondorioz, baina, ezin izan zituzten helikopteroak erabili. Horren ordez, suteen aurkako ur hegazkin bat eta Kamov helikoptero astun bat bidaltzea galdegin zion Maria Txibiteren gobernuak Espainiako armadari. Horiek ere ez ziren iritsi, ordea: Torrejongo base militarretik aterata (Espainia), haizeteak eragindako turbulentziak «arriskutsuegiak» zirela ondorioztatu, eta bide erdian buelta eman zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

COVID-19a: urtebete gure artean

Izurri arorako lezioa

Arantxa Iraola

Zientzia ezinbestekoa izan da COVID-19a ulertzeko. Miren Basaras, Izortze Santin eta Ana Galarraga batu zituen BERRIAk 'online' solasaldi batean, ikasteko, ikasitakoa kontatzeko eta azken lezioak esplikatzeko; sarean dago.

Marienea barruko mural bat. ©Marienea

Eragiteko topagunea

Natalia Salazar Orbe - Bizkaiko Hitza

Hainbat herritan emakumeen etxeak sortzen ari dira. Portugaleten, esaterako, emakumeen ahalduntzea eta ahizpatasuna helburu nagusi dituen leku bat osatzen ari dira. Galdakaon, erreferentziazko toki bat eratu nahi dute.

Jendea paseatzen, Bilbon, iazko maiatzean. ©LUIS TEJIDO / EFE

HAMAIKA BIDE EBAKI DITU

Edurne Begiristain-Mikel P.Ansa

Gaur urtebete da SARS-CoV-2 birusaren lehen kasuak atzeman zirela Euskal Herrian. Lehen kasu haien ondorengo erauntsiak milaka lagunen bizitza jo du: birusaren ondorioz, 5.000 lagun hil dira, eta 20.000 inguru ospitaleratu behar izan dituzte. Urtebetean, hamaika bizitza zeharkatu ditu gaitzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna