Gatazken konponbidea Frantziako Asanblean. Palestina eta Israel

Gazako erasoek «muturrak» indartu dituztela dio Knesseteko presidente ohiak

Bi herrialdeei buruzko saioan, Avraham Burgek azaldu du Israelgo eta Palestinako lurretan eskumenak dituzten aginteak «ahul» daudela. Irtenbide politikoa giza eskubideak bermatzearekin lotu dute hizlari guztiek

Haur bat suntsitutako eraikinen hondakinen artean korrika, joan den astean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Palestinaren eta Israelen arteko harremana hizpide hartuta hasi zituzten Frantziako Asanblean nazioarteko gatazkei buruz atzo eta gaur egitekoak diren jardunaldiak. Azken orduko hutsune batekin hasi ere, Hanan Axrawi PAE Palestina Askatzeko Erakundearen batzorde exekutiboko kidea ez baitzen izan bertan, hasieran iragarritakoaren kontrara.

[Youtube]https://youtu.be/pnkX_ZsWe6U[/Youtube]

Haren faltan, Avraham Burg Israelgo Knesset parlamentuko presidente ohi eta Israelgo Alderdi Laboristako kide izandakoaren parte hartzeak eman zion ikusgaitasuna saioari, batez ere. 2003ra arte izan zen parlamentuko presidente karguan Burg, baina garai hartan defendatzen zuenarekiko oso kritikoa da egun, eta aldendu egin da sionismotik. Harekin batera, hizlari aritu ziren Charles Enderlin kazetari frantsesa eta Hagit Ofran Peace Nowren Kokalekuen Behaketa gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaria. Gatazkaren konponbiderako baldintzak zehaztean bat etorri ziren hirurak, eta nabarmendu zuten edozein konponbide politikok gatazka pairatzen duten guztien giza eskubideak bermatu behar dituela.

Burgek adierazi zuen atzokoa «gerraren ondoren» egin den nazioarteko lehen jardunaldia zela, azken egunetan Israelek Gazan egindako erasoaldiari erreferentzia eginez. Garaiaren «berezitasunak» xehatu zituen Israelgo politikari ohiak, gatazka militarraren gorakada azaltzeko. Nabarmendu zuen inplikatutako hiru gobernuak —Israelgoa, Gazakoa eta Zisjordaniakoa— «ahul» daudela, eta ahultasun horrek eta balizko negoziazioei berriz ekiteko lidergo faltak areagotu egin duela tentsioa.

«Gerran» aktiboen izan direnak beren «konfort eremuan» gotortzera eraman ditu agertoki horrek, Burgen arabera, eta, testuinguru horretan, «muturrak» indartu egin dira. Azaldu zuen horrek edozein konponbide posible deuseztatu, eta egungo egoera kronifikatzen duela. Haren esanetan, konponbideak ez dio begiratu behar hainbeste administratiboki palestinarrek eta israeldarrek izango duten banaketari, «eskubideei eta askatasunei» baizik: «Uste dut Jordan ibaiaren eta Mediterraneoaren artean bizi diren guztiek eskubide berberak izan behar dituztela». Premisa hori izango duen eredu baten alde egin du, baina, hala ere, berea defendatu du: «Ez dut uste bi estatu egiteko aukera posible denik. Osloko negoziazioak hilda daude. Nik sinesten dut herrialde bakarraren soluzioa posible dela».

Bide beretik jo zuen Enderlinek gatazka politikoa hartzen ari den joera aztertzean, eta aitortu zuen ez dagoela lur egonkorrik negoziazio posibleetarako. AEBetako Gobernuak hartuko duen rola ikusteko dagoela azaldu zuen, eta erronka izango duela Donald Trump presidente ohiak hartutako bidean atzera egitea. Adibidetzat jarri zuen Trumpek AEBen enbaxada Jerusalemera lekualdatzeko hartutako erabakia.

Israelgo Gobernuaren eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren borondate falta ere kritikatu zuen kazetariak. Azaldu zuen Tel Aviv tematuta dagoela Hamasekiko etsaitasuna erakustean, horrek gatazka politikoaren erroetara joateko ardura kentzen diolako: «Netanyahuren politikak zentratu dira Hamasekin adostasun militarrak egitean eta Palestinako autoritateak ahultzean». Posizio horretan, Netanyahuk helduleku izan du eskuin muturra, Enderlinen arabera, zeinak gero eta presentzia handiagoa duen Israelgo Parlamentuan. Argitu zuen mugimendu politiko horrek ez duela onartuko palestinarrei eskubideak bermatuko dizkien konponbiderik, eta, aitzitik, gero eta ozenagoak direla arabiarren aurkako mezuak; hala nola arabiarrak eskualdetik kanporatzea eskatzen dutenak.

Mahmud Abbas PANeko presidentearen jarrera ere gaitzetsi zuen Enderlinek, esanez bere helburua boterean mantentzea izan dela. Gaineratu zuen presidenteak «neutralizatu» egin dituela blokeo egoera gainditzen saiatu diren haren inguruko hainbat.

Erroa, kolonialismoan

Beste bi hizlarien diskurtsotik apur bat aldendu zen Hagit Ofran Peace Now gobernuz kanpoko erakundearena; bai, behintzat, indarkeriaren jatorriari buruz hitz egiteko orduan. Gatazkaren eztanda Palestinako lurren «okupazioarekin» lotu zuen, eta kolonizazio prozesuaren zenbait adibide eman zituen, arreta jarriz Jerusalem ekialdeko auzo arabiarretako kasuetan. Sistema judiziala bere helburu politikoak lortzeko erabiltzen du Israelek, Ofranen esanetan: «Gobernuak dio koloniena gai judiziala dela, baina mugimendu politiko bat da, lege prozesu baten bidez egiten dena».

Sistema politikoak baimentzen du halakoak egitea, Ofranek azpimarratu zuenez, eta, horregatik, konpondu beharreko arazoa hori dela zehaztu zuen: «Auzia demokrazia falta da, kolonizazio prozesuak giza eskubideen aurkakoak baitira». Herritarren parte bat bazterrean uzten duen eta eskubideak bermatzen ez dizkien sistema politiko bat da Israelgoa, haren arabera, eta nazioarteko komunitateari dei egin zion presio egin dezan eskubide urraketa horiek baztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.