Gerra Ukrainan. Danimarkako erreferenduma

Salbuespen bat zokoratzear

Danimarkak EBko defentsa politikan sartzeari buruzko erreferenduma egingo du gaur. 1992tik dago kanpoan, baina Errusiaren inbasioak aldatu egin du gobernuaren asmoa.

Danimarkako Defentsa ministro Trine Bramsen, armadako gerraontziei ongietorria egiten, 2020ko abenduan, Korsoer hirian, Danimarkan. EMIL HELMS / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Danimarkan EB Europako Batasuneko defentsa eta segurtasun politikatik kanpo jarraitu ala ez erabakiko dute gaur 4,3 milioi herritarrek, erreferendum baten bidez. 1973tik da Danimarka talde komunitarioko kide, baina 1992an Bruselarekin botere gehiago eskualdatzearen aurka azaldu zen: herritarren %50,7k Maastrichteko Ituna errefusatu zuten, EBren sorrerako ituna. Hala, gizartea ituna onartzera konbentzitzeko, Kopenhagek lau salbuespen negoziatu zituen batasunarekin: defentsa eta segurtasun politika, ekonomia eta diru batasuna, justizia, eta EBko herritartasuna. Eskandinaviako herrialde horrek 235 aldiz erabili du baztertze klausula 30 urtean, Europa think tank-ren arabera.

Defentsako salbuespenak esan nahi du Danimarkak ez duela parte hartzen EBren defentsa arloko atzerri politiketan; besteak beste, operazio militarretan edota defentsarekin lotuta hartu behar diren zenbait erabakitan. Adibide bat jartzearren, Danimarkako armada ez zen aritu EBk 2004an Bosnia eta Herzegovinan egindako misio militarrean (EUFOR); bai, ordea, AEBek gidatutako operazioetan —Danimarka NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide da 1949tik—, hala nola Afganistanen eta Iraken. «Herrialdeko armadak misio militarretan parte hartzearen alde daude Danimarkako herritar gehienak. Hori ez da eztabaidagarria. Arazoa EB da. Gai labainkorra da, Erresuma Batuan izan den bezalaxe», adierazi dio BERRIARI Marlene Windek (1963, Skive, Danimarka), Kopenhageko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle eta Europako Politika Zentroko kideak.

Hain zuzen, Eskandinaviako herrialdeak aurka bozkatu du Bruselarekin lotura izan duten azken bi erreferendumetan: batean, 2000n, uko egin zion euroa dibisa nazional gisa onartzeari; eta bestean, 2015ean, ezezkoa gailendu zen justiziako salbuespena alboratzeko erreferendumean, «gizarteak EBri botere handiagoa eman nahi ez ziolako», Windek argudiatu duenez. Bide beretik, erantsi du Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenen gobernuak —2019tik dago agintean— eta parlamentuko alderdi gehienek behin baino gehiagotan esan izan zutela «ez zela beharrezkoa» salbuespen politikak «berraztertzea».

180 graduko bira

Harik eta Errusiak otsailaren 24an Ukrainaren inbasioa hasi zuen arte. «Errusiaren erasoaldiak, eta horren ondorioz Finlandiak eta Suediak NATOra hurbiltzeko erakutsitako jarrerek, zer pentsatua eman zioten Danimarkako Parlamentuaren gehiengoari, ea herrialdeak defentsako salbuespenarekin segitu behar zuen ala baztertu», azaldu du Kopenhageko Unibertsitateko irakasleak. Haren arabera, Ukrainako gerrak Danimarkaren asmoak eta jarrerak «erabat aldatu» ditu segurtasun alorrean.

Lehen ministroak inbasioa hasi eta bi astera deitu zuen gaur egitekoa duten erreferendumera, legebiltzarreko alderdi gehienekin adostu ostean; hamalau alderdietatik 11k babestu zuten. Horiek daude, zehazki, defentsako salbuespena alboratzearen alde. «Haien arrazoia da salbuespenen ondorioak gero eta handiagoak direla, eta Danimarka herrialde gisa gehiago ahulduko litzatekeela defentsako negoziazioetatik kanpo geratuko balitz».

Defentsa erreserba baztertzearen aurka daudenak, berriz, hiru dira: bi alderdi ultraeskuindar eta euroeszeptiko —Danimarkako Alderdi Popularra eta Eskuin Berria—, eta alderdi ezkertiar bat —Batasunaren Zerrenda—. Winderen esanetan, hirurek lehen ministroari eta gobernuari leporatu diete Ukrainako gerra «baliatzea» defentsako salbuespena mahaigaineratzeko. «Alderdi horiek, ultraeskuindarrek bereziki, ohartarazi dute Danimarkak erabakiak hartzeko boterea galduko lukeela baiezkoak irabaziko balu. NATO babesten dute, baina ez dute nahi Bruselarekin loturarik izatea. Funtsean, EBtik atera nahi dute. Arrazionala baino gehiago, gai emozionala da». Nolanahi ere, Windek argi dauka: «Esango nuke arrazoi gehiago daudela defentsako salbuespena kentzeko. Gisa horretara, Danimarkak bere eragina izango luke defentsa garatzeko zereginetan».

Baiezkoa gailentzen bada, halaber, gobernuak Danimarkako gastu militarra handituko du; barne produktu gordinaren %2ra igo nahi du —NATOk kideei ezarritako eskakizuna da—, azken hamarkadetan erabaki horren aurka egon arren. «Errusiaren erasoaldiaren ondoren, ezin dugu espero izan AEBek Europako herrialdeen arazoak konponduko dituztela. Danimarkak ardura handiagoa hartu beharra dauka; zehazki, defentsa arloa indartuz», nabarmendu du Windek.

Gazteen %39, zalantzan

Azken hilabeteotan egin diren zenbait inkestaren arabera, salbuespena ezeztatzearen aldeko babesa handitu egin da herritarren artean. Voxmeter etxeak maiatzaren 27an argitaratutako inkestak adierazi zuenez, herritarren %48k alde bozkatuko lukete; %31k, aurka. Datuak datu, Wind ez da fio inkestez: «2015ean, justiziaren salbuespena kentzeko erreferendumean, inkestek adierazi zuten baiezkoa gailenduko zela, eta ez zen hori gertatu. Beraz, ez naiz gauza esateko zer emaitza aterako den».

Bestalde, inkestaren arabera, herritarren %21 zalantzan daude edota ez dute bozkatuko. Zehatzago esanda, 18-34 urte bitartekoen %39k ez dute oraindik erabaki. Windek «kezkagarritzat» jo du hori: «Gazteek ez dute salbuespeneko gaiaren inguruan askorik entzun, ezta eztabaidatu ere. Beraz, etxean gelditu behar dutela sentitzen dute». Zergatik den itaunduta, uste du EB Danimarkako hezkuntza sisteman txertatuta ez egoteagatik dela. «Arazo oso handia da hori».

Zalantzati daudenen zaku horretan, «emakumeak dira gehienak, baita EBko misio militarretan parte hartzearen aurka daudenak ere», Windek aditzera eman duenez. «Uste dute defentsa arloa indartzeak tentsioa areagotuko lukeela, murriztu beharrean», biribildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.