Gerra Ukrainan. Danimarkako erreferenduma

Danimarkak «seinale oso argia» bidali die bere aliatuei eta Putini

EBko defentsako salbuespena kentzearen alde egin dute boto emaileen bi herenek erreferendumean. Bruselak oniritzia eman dio emaitzari, eta neurriak hartzeko prest da

Mette Frederiksen, Danimarkako lehen ministroa, herenegun, Kopenhagen egindako agerraldian. MARTIN SYLVEST / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Danimarkak EB Europako Batasuneko Segurtasun eta Defentsako Politikan parte hartu ahal izango du aurrerantzean, 30 urtez kanpoan egon ostean. Hala erabaki zuten herenegun danimarkarrek, erreferendumean; %66,9k egin zuten herrialdeak indarrean zuen salbuespena kentzearen alde. Parte hartzea %65,76koa izan zen. «Pozik» hitz egin zuen Mette Frederiksen lehen ministro sozialdemokratak emaitzak jakin berritan. Haren esanetan, Danimarkak «seinale oso argia» bidali die bere aliatuei eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari. «Putinek herrialde aske bat [Ukraina] inbaditu duen eta Europaren egonkortasunari mehatxu egin dion honetan, besteok bat egiten dugu».

1973tik da Danimarka EBko kide, baina 1992an Bruselarekin botere gehiago eskualdatzearen aurka azaldu zen, Maastrichteko Ituna errefusatu ondotik. Hala, ituna berrestearen truke Kopenhageri lau salbuespen onartu zitzaizkion: defentsa eta segurtasun politika, ekonomia eta diru batasuna, justizia, eta EBko herritartasuna. Defentsako salbuespenak esan nahi du Danimarkak ez duela parte hartu EBk gidatutako operazio militarretan, Balkanetan esaterako; bai, ordea, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak gidatutako misioetan.

Lehen ministroaren antzera mintzatu zen oposizioko buru Jakob Ellemann-Jensen liberala ere. «Batasunaren eta askatasunaren aldeko garaipena da hau», esan zuen herenegun egindako agerraldian. Danimarkako Parlamentuko hamalau alderdietatik 11 defentsako salbuespena baztertzearen alde azaldu dira. Aurka, berriz, hiru: bi alderdi ultraeskuindar eta euroeszeptiko, eta alderdi ezkertiar bat.

Azken hiru hamarkadetan Danimarka gobernatu duten lehen ministroek eta parlamentuko alderdi gehienek behin baino gehiagotan esan izan dute ez zela beharrezkoa defentsako salbuespena berraztertzea. Errusiaren erasoaldiak eta horren ondorioz Finlandiak eta Suediak NATOra hurbiltzeko erakutsitako jarrerek, ordea, erabat aldatu dituzte Danimarkaren asmoak segurtasun alorrean. Horiek horrela, EBko defentsa politikan sartzearen aldeko iritzia nabarmen nagusitu da.

Horretaz gain, Eskandinaviako herrialdeak defentsarako inbertsioa handituko du datozen urteetan, 2033rako barne produktu gordinaren %2ra iristeraino —NATOk kideei ezarritako eskakizuna da—.

Erabaki «historikoa»

Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak nabarmendu zuen Danimarkak erabaki «historikoa» hartu duela. «EB eta Danimarka seguruagoak eta indartsuagoak izango dira». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bestalde, «oniritzia» eman dio «segurtasun komunarekiko» konpromiso mezu indartsuari. «Danimarkak defentsan duen esperientzia oso balioetsia da. Ziur nago Danimarkak eta EBk onura aterako dutela erabaki horretatik».

EBko diplomaziaburu Josep Borrellek ere «historikotzat» jo zuen erabakia. Ziurtatu zuen, gainera, talde komunitarioa prest dagoela neurri guztiak azkar hartzeko, «Danimarkak EBko Segurtasun eta Defentsako Politikan parte har dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.