Fiskalak zigor gogorragoak nahi ditu

Helegitea aurkeztu du Altsasu, Beasain eta Errenteriako gazteen epaien aurka. Denak terrorismo delituagatik zigortzeko eskatu du
Gazteen kolektibo ugarik kanpaldi bat hasi zuten atzo arratsaldean, Altsasuko auzipetuen alde.
Gazteen kolektibo ugarik kanpaldi bat hasi zuten atzo arratsaldean, Altsasuko auzipetuen alde. IDOIA ZABALETA / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko ekainak 15
Espainiako Auzitegi Nazionalak Jon Ander Cob, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Julen Goikoetxea, Ainara Urkijo eta Aratz Urruzolari ezarritako zigorrak ez du Jose Perals auzitegiko fiskala asebete. Altsasuko (Nafarroa) zortzi gazteei bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri arren —Urkijori ez beste guztiei bederatzi eta hamahiru artekoak—, epaimahaiak ez zien terrorismo deliturik egotzi. Fiskala ez dator bat erabaki horrekin, eta helegitea aurkeztu du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan, 2016ko urriaren 15eko liskarrak terrorismo delitutzat jo daitezen.

Epaiketan, fiskalak hamabi eta 62 urte bitarteko zigorrak eskatu zituen auzipetu bakoitzarentzat, «lesio eta mehatxu terroristak» egin zituztelakoan. Epaimahaiak autoritatearen aurkako atentatuak, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egitea leporatu zien, baina terrorismo kalifikazioa baztertuta. Epaileek argudiatu zuten epaiketan ez zela frogatu gazteek «helburu terroristaz» jardun zutenik edo ETArekin loturarik zutenik.

Perals ez dago ados. Haren iritziz, zortzi auzipetuek «aurrez prestatutako erasoa» egin zuten bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurka, eta «helburu argia» zuten: «Erakustea Altsasun pertsona zehatz batzuen pentsamendu bakar eta baztertzaileak agintzen duela». Helegitea aurkezteko idatzian, fiskalak erantsi du pertsona zehatz horiek «bahituta eta beldurtuta» dutela «haien modura pentsatzen ez duten biztanleen parte bat», eta 2016ko urrian gertatutakoa «abisu bat» izan zela «gainerako biztanleentzat».

Bestalde, fiskalak gogorarazi du epaileek eurek «motibazio ideologiko bat» antzeman zutela auzipetuen jardunean, gazteak Ospa mugimenduarekin lotuta: «Horrek guztiak erakusten du Altsasun 2016ko urriaren 15 goizaldean gertatutakoa ez zela taberna borroka bat edo liskar bat izan. Guardia Zibileko bi kideren eta beren bikotekideen aurkako eraso antolatu bat izan zen».

Idatzian, fiskalak hizpide du ETAren jardun armatuaren amaiera. 2016ko urrian, bost urte ziren ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat jo zuenetik. Fiskalaren iritziz, ordea, «terrore hamarkaden oinordetza» dago oraindik, eta «intentsitate apaleko terrorismo» esaten dio horri: «ETA ez da soilik pistoladunen erakunde bat. Egitura askoz konplexuagoa da, hiru fronte nagusi zituena: masa frontea, instituzionala eta armatua». ETAk jardun armatua behin betiko eten zuenean auzipetuak adingabeak izateak ez du esan nahi «ideia horiek gazteon pentsamoldean txertatu ez direnik», fiskalaren esanetan.

Areago, azpimarratu du 2016ko urrian ETA «existitzen» zela, eta «nahiz eta ondoren bere burua desegin duen, bere ideologia inposatzen» zuela orduan. Peralsek gogorarazi du ETAk Altsasuko auziko epaiketa egiten ari ziren egunetan jakinarazi zuela bere burua desegiteko erabakia, eta uste du epaiketa horren «presioa» dagoela ETAren erabakiaren atzean, beste arrazoi batzuen artean: «Horrek ez du esan nahi [Altsasuko] ekintzek terrorista izateari uzten diotenik». Funtsean, fiskalaren arabera, «indarkeria ekintza bat erakunde terrorista batek sustatutako motibazio ideologikoarekin egin bada, ekintza hori terrorismoa da subjektua erakunde terrorista bateko kide ez bada ere».

Apirilean eta maiatzean egin zuten ahozko epaiketa, Madrilen, eta Auzitegi Nazionalak ekainaren 1ean eman zuen epaiaren berri. Ekainaren 5ean atxilotu zituzten Abad, Urruzola, Cob eta Goikoetxea, eta 2016ko azaroaz geroztik daude preso Arnanz, Ramirez de Alda eta Unamuno. Urkijo da aske dagoen bakarra. Espetxeratuak askatzeko eskatzeko eta epaiaren neurrigabetasuna salatzeko, manifestazio bat egingo dute bihar, Iruñean. Sadar futbol zelaitik abiatuko da, 17:00etan.

Ez da izango gazte auzipetuen aldeko mobilizazio bakarra. Atzo, Euskal Herriko hainbat gazte mugimenduk Elkartasun Gunea osatu zuten, Iruñeko Basotxo kalean, eta lo-zakuekin eta esterekin joan ziren, bertan egoteko asmoa baitute biharko manifestaziora arte. Bestalde, Ernai gazte antolakundeak deituta, mobilizazio ugari egin zituzten atzo: Durangon, Ondarroan, Barakaldon, Mungian, Gernika-Lumon, Galdakaon eta Algortan (Bizkaia), Errenterian, Anoetan eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta Gasteizen eta Laudion (Araba). Gaur ere elkartuko dira: Beasainen eta Zumaian (Gipuzkoa), Agurainen eta Murgian (Araba), Lesakan (Nafarroa) eta Bilbon. Hala ere, Iruñean gaur 18:00etan egingo dutena izango da mobilizazio nagusia: Basotxo kaletik abiatuko da.

Iruñekoa ere «terrorismoa»

Peralsek helegitea jarri du Iruñean iazko martxoan izandako istiluen harira auzipetutako lau gazteen aurkako epaiaren kontra ere. Auzitegi Nazionalak bina urteko zigorrak ezarri zizkien, baina fiskalak eskatu du auzi hura ere terrorismo delitu gisa zigortzeko. Zazpina urteko zigorra eskatu du laurentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna