Erkidegoei ez diete zehaztuko zenbat etorkin adingabe hartu

Adingabe gutxien dituzten erkidegoek gehien dituztenei laguntzea nahi du Espainiako Gobernuak; borondatezkoa izango da. 40 milioiko diru laguntza iragarri du

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko irailak 6
Espainiako Gobernuak 40 milioiren diru laguntza emango die autonomia erkidegoei bakarrik iristen diren migratzaile adingabeei arreta eman ahal izateko. Diru hori, batez ere, migratzaile adingabe gutxiren ardura hartu duten erkidegoentzat izango da, gehien jaso dituzten erkidegoetakoak hartzearen truke. Harrera hori borondatezkoa izango da, hala ere. Eusko Jaurlaritzak beste eskari bat egina zion Espainiako Gobernuari: ezar dezala erkidego bakoitzak zenbat adingabe hartu behar dituen. Ez dute gisa horretako neurririk onartu, hala ere.

Urte hasieratik adingabe kopuru handiagoa jaso duten erkidegoek ere diru laguntza jasoko dute, gazte horiei arreta hobea eman diezaieten. Atzo iragarri zuen erabakia Carmen Monton Espainiako Osasun eta Gizarte Ongizate ministroak. Bilera egin zuten Madrilen autonomia erkidegoetako ordezkariek, Espainiako Gobernuko zortzi ministeriotako arduradunek eta fiskaltzak. Gaia aztertzen jarraituko dute: mahai bat sortuko dute bakarrik iritsitako adingabe etorkinez eztabaidatzeko.

Hiru lan ildo izango ditu mahai horrek: batetik, adingabe horiei emandako arreta aztertzea eta egokitzea, erkidego guztietan igualtsua izan dadin; bestetik, harrera protokoloa berritzea;eta, hirugarrenik, erkidego arteko elkartasuna sustatzea. Espainiako Gobernuak azken helburu hori lortzeko banatuko ditu 40 milioi horiek. Erkidegoek hamabost egun izango dituzte adingabeak jasotzeko prest daudela jakinarazteko, eta bakoitzari dagokion adingabe kopurua zehaztutakoan banatuko dute dirua. Urtebeterako laguntza izango da, eta, epe hori igarotakoan, gastuak justifikatu beharko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Libe Amilibiak balorazio «ona» egin du. Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, Araba, Gipuzkoa eta batez ere Bizkaia dira adingabe etorkin gehien hartu dituzten lurraldeak. Hiru herrialdeek guztira 700 bat adingabe dituzte. Bizkaian iritsitakoen kopurua nabarmen hazi da azken bi urteetan, eta hainbat eragilek salatu dute foru aldundiak «gainezka» dituela harrera zentroak.

Euskal erakundeak, «pozik»

Sailburuordeak «eskuzabal» jokatzeko eskatu die beste erkidegoei: «Gutxi batzuen kargu daude estatuko adingabe guztiak, eta beste batzuek ez dute ia bakar bat ere. Ezinbestekoa da adingabeak lurraldeen artean modu orekatuan banatzea, gazte horiei gizarteratzen lagunduko baitie horrek». Ondo hartu du Espainiako Gobernuak 40 milioi euroren laguntza iragarri izana, baina uste du neurri gehiago behar direla. «Horrekin ez dugu arazoa konponduko». Zehaztu du «arazoa jatorrizko herrialdeetan konpontzearen aldekoa» dela.

Nafarroako Gobernuak eskertu egin du Madrilek diruz laguntzea. «Orain arte geuk egin behar izaten genuen esfortzu guztia», ohartarazi du Jose Maria Mauleon Eskubide Sozialetako Departamentuko kabineteburuak. Uste du dirua banatzeko orduan kontuan hartu beharko litzatekeela erkidego bakoitzak arretan egiten duen ahalegina, eta ez soilik adingabe kopurua. Hain zuzen, Madrilen daukaten zerrenda zuzendu du: Nafarroak bere kargu dauzkan adingabeen erdiak baino ez dauzka zenbatuta. 44 ditu gaur egun. Adingabeontzako lan baimena ere eskatu du, gaur egun baimen hori gabe «zaila» zaielako lan-merkaturatzeko programetan parte hartu ahal izatea.

Andaluziak, Ceutak eta Melillak eskatu dute adingabeak sorterrira itzultzeko, euren familiengana. Azkenean, ez dute gai hori eztabaidatu bileran. Save the Children gobernuz kanpoko erakundea ez dago neurri horren aurka, baina ohartarazi du «berme guztiekin eta umeetako bakoitzaren iritzia kontuan hartuta» egin beharko litzatekeela. Adingabe horiei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean ere ipini du arreta. «Diputazioei eta Jaurlaritzari eskatzen diegu jar ditzatela zentroek gainezka egoteari uzteko behar diren baliabideak », ohartarazi du erakunde horren EAEko zuzendari Eva Silvanek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna