Euskara batuak 50 urte. Arantzazuko biltzarra

Batua zizelkatzeko premia

Euskaltzaindiaren kongresua hasi da, euskara batua aztergai dela; hedabideetan egindako bideaz jardun dute, besteak beste. Eskuliburua aurkeztuko dute gaur
Ezkerretik eskuinera, Arrarats, Guenetxea eta Larrinaga, atzo, hedabideei buruzko solasaldian.
Ezkerretik eskuinera, Arrarats, Guenetxea eta Larrinaga, atzo, hedabideei buruzko solasaldian. JON URBE / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko urriak 5
Komunikabideetan egin du euskara batuak aurrerapen handienetako bat azken hamarkadetan. Euskal hedabideen bidez asko zabaldu da batua hiztunen artean. Komunikabideetan ia erabatekoa da batuaren aldeko hautua, baina zailtasunak ere agerikoak dira. Esate baterako, tokiko eremuan, nola lotu euskara batua eta eskualde horretako euskalkia, nola egin tokiko batua; hedabide jeneralistetan, berriz, nola eman egunero sortzen diren kontzeptu berriak, nola irabazi denbora eta ziurtasuna. Euskara batuaren urteurreneko kongresua egiten ari da Euskaltzaindia Arantzazun, eta euskal hedabideetako arduradunek ohartarazi dute estandarizazio bidean badagoela oraindik lana, harria zizelkatzeko beharra.

Martxan da Euskaltzaindiaren hamazazpigarren biltzarra. Euskara batua du ardatz; 50 urte dira Arantzazuko biltzarra egin zutela, euskara batuaren oinarri nagusia ezarri zuen biltzarra, eta urteurrenaren bueltan euskara batuaren erronkak dituzte aztergai. Arantzazun bertan egingo dituzte saioak. Gaur, besteak beste, Euskaltzaindiaren webgune berria aurkeztuko dute, eta urteotan taxutu duten proiektu handi bat ere bai: Euskara Batuaren Eskuliburua. Euskaltzaindiak hamarkada hauetan argitaratutako arauak bildu dituzte, modu didaktikoan.

Biltzarraren atarian, protesta egin zuten atzo Iruña-Veleia Argitu taldeko zenbait kidek: auziari buruzko idazki bat zabaldu zuten. Akademiari eskatu diote lan egin dezala zer gertatu zen argitzeko.

Batua eta tokikoa

Euskara batuaren sorreraren inguruko saioak izan ziren goizean; arloz arlo egiteko zer dagoen aztertu zuten. Beste hizkuntza gutxiagotu batzuetako batasun prozesuei buruz aritu ziren arratsaldean. Gaikako mahaiak egin zituzten gero; arlo digitalean zer erronka dauden, adibidez. Hedabideei buruzkoa ere izan zen, hiru hizlari hauekin: Irene Arrarats (BERRIA), Asier Larrinaga (EITB) eta Jone Guenetxea (Tokikom).

Hiru komunikabide esparruetan erabat sartua dute batua. Tokiko hedabideetan izan da gorabehera gehien, baina, Guenetxearen esanetan, ia denek egin dute jada estandarraren aldeko hautua. «Batua sendotu den heinean, bide horretatik jo dugu hedabideok». Herri edo eskualde zehatz bateko komunikabideak izanik, hedabide horiek ahalegina egiten dute estandarra bertako aldaerarekin lotzeko; hiztegian, adibidez.

Horrekin lotutako aurreiritzi batekin du kezka Arraratsek: argi ote dagoen batua zer den. Uste du zabalduak daudela okerrak: esaterako, bizkaieraz erabili ohi diren berbak ez direla batua. «Nahi bezain batua da gura; gabe bezain batua da barik». Hori zuzentzeko premiaz ohartarazi du. «Betiere txokokerietara jo gabe». Joera hori ere nabari baitu. Estandarrak ekarritako aurrerabideaz aritu da BERRIAko euskara arduraduna: «Denen topalekua da batua». Eta hori garatu egin behar dela aldarrikatu du: «Orotariko batua behar dugu: formala eta informala, idatzizkoa eta ahozkoa. Eta denon artean egin behar dugu hori».

Elkarlanaren premia

Elkarlanerako mezua ekarri du, hain justu ere, EITBko euskara arduradunak: egunero-egunero sortzen diren kontzeptu berriak nola eman, euskara nola landu, Euskaltzaindiaren premia dutela euskarazko komunikabideek. Hitzaldirik ez, bideo bidez eman du mezua Larrinagak: ETB1eko, Euskadi Irratiko eta Gazteako aurkezle sail bat, euskararekin lotutako zer premia dituzten azaltzen. Era askotako eskariak egin dizkiote Euskaltzaindiari. Batetik, kontzeptuei dagokienez, azkartasuna eskatu diote , eta «proaktibotasuna»; adibide jarri dute gaztelaniazko Fundeu Fundacion del Español Urgente, hitz sortu berriak nola eman zehazten duena denbora epe laburrean. Bestetik, zehaztasuna eskatu dute; komunikabideetan ere bada hizkera espezializatua, eguraldi iragarpenean esate baterako, eta kontzeptuak argi eta zehatz behar dituzte.

Oraindik argitu gabeko auziak ere badaude euskara batua garatzeko prozesuan. Adibidez, intonazioaren gaia, ahoskerarena, azentuarena. Hor sumatzen dute hutsune bat esatari batzuek. Edo gazteen hizkerara gerturatzeko garaian nola jokatu behar duten. Badago, beraz, estandarrean zer landu. Hedabideak eta akademia batera aritzeko premiaz ohartarazi du Larrinagak: «Euskaltzaindia lankide nahi dugu XXI. mendeko komunikazioa egiteko».

Bistakoa da euskara batua sortzeko biltzarretik asko aurreratu duela euskarazko komunikazio esparruak: inoiz baino hedabide eta kazetari gehiago ari dira euskaraz. Baina esparru mugatua da oraindik, erresonantzia txikikoa. Hori oztopo da euskarazko kontzeptuak herritarrei iristeko. «Ez daukagu indarrik modu naturalean hiztunei transmititzeko», ohartarazi du Arraratsek. Horrek badakar zama bat hedabideetara: ez direla ulergarriak eta halakoak. Komunikabideena bai, baina euskaldunen lana ere badela dio: «Hiztun osoak behar ditugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna