Erasoa aho batez arbuiatu dute Amurrion

Udal taldeek adierazi dute «onartezina» dela inoren etxeari tiro egitea. Sendiak dio ez duela ez etxea eta ez pentsaera aldatuko
Udalak deitutako elkarretaratzearen ostean, ehunka lagun batu ziren Sortuk antolatutako martxara.
Udalak deitutako elkarretaratzearen ostean, ehunka lagun batu ziren Sortuk antolatutako martxara. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 9
Amurrioko Udalak eta Arabako herri horretako herritarrek arbuioa azaldu dute igandean ezker abertzaleko familia baten baserriaren aurka eginiko erasoaren aurrean. Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaitzespen adierazpen bat onartu zuen atzo, aho batez, eta ordu laurdenez Juan Urrutia plazan elkarretaratzera deitu zuen 18:00etarako. Dozenaka lagun elkartu ziren bertan, eta, amaieran, Mertxe Azkarraga erasoa jasan zuen familiako kideak hartu zuen hitza. Mezu bat bidali zion tiro egin zuenari: «Jakin dezala ez garela mugituko: ez gure arbasoen etxebizitzatik, ez gure pentsamendu politikotik». Gogorarazi zuen hiru bandera dituztela etxean —Saharakoa, euskal presoak etxeratzearen aldekoa eta fracking-aren aurkakoa—, eta ohar egin zuen: «Banderak astintzen jarraituko dugu. Ez gaude beldurtuta».

Ikerketako iturriek zabaldu dutenez, erretiratutako polizia bat identifikatu dute, ustezko erasotzailea delakoan, baina hark ukatu egin du berak tiro egin izana. Polizia ohiaren etxea arakatu dute, eta munizioa topatu bertan, baina ez, ordea, tiro egiteko erabilitako pistola. Ertzaintzak ez du inor atxilotu.

Udalak «goitik behera gaitzetsi» du erasoa, eta «laguntza eta elkartasuna» adierazi die baserrian bizi diren familiakoei. Halaber, udalak uste du gisa horretako ekintzak «guztiz onartezinak» direla Amurrion, herrian «errespetuan eta bakean oinarritutako giroa» nahi dutelako: «Gure ardura erakutsi nahi dugu herritarren arteko bizikidetzaren kontra doazen eta horrelako ekintzak eragin ditzaketen indarkeriazko ekintzen eta mezuen aurrean».

EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSE-EEk, PPk eta Guk Bai taldeak osatzen dute Bozeramaileen Batzordea, eta talde guztien babesarekin onartu dute testua. Nabarmendu dute «askatasun publikoen edota politikoen esparrutik kanpo egon daitekeen edozein ekintzak» udalaren «erabateko gaitzespena» izango duela, eta eskatu dute gertatutakoa ikertzeko eta arduradunak identifikatzeko, «beren ekintzen erantzukizuna ordain dezaten». Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Josune Irabien (EAJ) alkateak esan zuen kasu «bakana» izan dela igandekoa. Jakinarazi zuenez, «baimendu gabeko arma motz batekin» egin zuten tiro.

Sortuk deituta, 19:00etan egin zuten manifestazioa herrian bertan, Ez dira pasako! Euskal Herria aurrera lelopean. Hasieran, Oihana San Vicente Sortuko Arabako arduradunak ohartarazi zuen ez dela kasu «bakana» izan, eta «arduragabekeria handia» iruditzen zaio «gertakarien larritasuna erlatibizatzea»: «Eraso faxistak ez dira isolatuak eskualde honetan», erantsi zuenez. San Vicenteren esanetan, testuinguru politiko zehatz bat du erasoak: «Eskuina tentsio, indarkeria eta gorroto giro bat ereiten ari da mugimendu independentisten aurka». Era berean, «arduratuta» agertu zen identifikatutako gizonezkoaren aurka kautelazko neurririk ez dutelako hartu.

«Larria eta kezkagarria»

Igandeko erasoaz mintzatu ziren atzo beste erakunde eta eragile politiko batzuk ere. Esaterako, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gobernu kontseilu osteko agerraldian, esan zuen gertatutakoa «oso larria eta kezkagarria» dela eta Ertzaintzak ikerketa bat abiatu duela. EAJko Euzkadi Buru Batzarrak «argi bezain sendo gaitzetsi» du erasoa, eta «elkartasuna eta hurbiltasuna» adierazi dio familiari. Ohar batean azaldu duenez, EAJk «nahi eta espero» du gertakariak «albait arinen argitzea eta erantzukizun penalak dagozkionari ezartzea». Aitzitik, ezker abertzaleari ere mintzatu zaio: «Eskatu nahi diogu irmotasun berberarekin eta [igandeko] gertakariaren aurrean hedabideetan egin zuen ahalegin berberarekin erantzun dezala erasoak pairatzen dituztenak batzokiak edo PSE eta PPren egoitzak edo ordezkari politikoen etxebizitzak, negozioak edo saltokiak direnean».

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, berriz, «oso larritzat» jo du gertatutakoa: «Agerikoa da eraso horren atzean dagoen motibazio politikoa, jatorrian Espainiako Estatuan areagotzen ari diren muturreko posizio totalitarioak daudelako, Euskal Herritik inoiz alde egin ez dutenak, hain zuzen ere». «Gertaturikoak duen garrantzia aintzat hartuta», EH Bilduk iragarri du adierazpen instituzional bat proposatuko duela Eusko Legebiltzarrean, «eraso larri horren kontrako gaitzespen zabalena bilatzeko».

Ahal Dugu-k ere azaldu zuen bere arbuioa: «Indarkeria ororen aurkako jarrera trinkoa dugu, edozein dela ere. Gertakariak argitzeko azterlan zorrotza egin dadin eskatzen dugu. Gure solidaritate guztia familiarentzat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna