Kataluniako prozesu subiranista. Behatzaileak

Bermeen zaintzaileak, ilarara

International Trial Watch plataformako katedradunei behatzaile izatea ukatu zien Auzitegi Gorenak. Zailtasunekin bada ere, publiko moduan ari dira epaiketa entzuten.
Kazetariak Auzitegi Gorenean sartzeko ilara egiten, epaiketaren lehen egunean. Behatzaileek ikusle arruntentzako ilaran egon behar izan dute.
Kazetariak Auzitegi Gorenean sartzeko ilara egiten, epaiketaren lehen egunean. Behatzaileek ikusle arruntentzako ilaran egon behar izan dute. ANGEL DIAZ / EFE

Igor Susaeta - Berriemaile berezia

2019ko otsailak 15
Epaiketaren aurreneko egunak «kalbario» bat ari zaizkio iruditzen Merce Barcelo juristari, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradunari. ITW International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataformako koordinatzailea da, gainera. Agintari subiranisten aurkako epaiketan behatzaile gisa aritu ahal izateko baimena eskatu zion plataformak Auzitegi Gorenari, baina ukatu egin zion. Publiko moduan eta ilara egin eta gero bada ere, Barcelo eta haren zenbait kide, lauzpabost egunero hori zen eskaera, sartu ahal izan dira agintari subiranistak epaituak izaten ari diren aretora. «Barruko eszenografia» baino gehiago, Barcelori «deigarria» egin zaio kanpoan gertatzen ari dena. «Nola tratatzen gaituzten, nola tratatzen dituzten kazetariak haien lana egiteko orduan. Murrizketa handiak ezarri dituzte, inprobisazioa erabatekoa da, eta gaurko ezarritako arauek ez dute biharko balio». Barruan eta kanpoan gertatzen ari denari buruzko txosten bat egingo du plataformak astero, epaiketak iraun bitartean, baita epaiaren ondoren ere.

Oinarrizko eskubideen defentsan lan egiten duten Espainiako Estatuko sei elkartek eratu zuten duela lau hilabete, epaiketaren instrukzio fasean «hainbat urraketa» detektatu ondoren. «Zuzenbidean katedradunak diren hamabost kide daude taldean». Gainera, nazioartetik epaiketa behatzera iritsitakoak koordinatzen ari da plataforma. FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko abokatuak, EuroMed Rights-ekoak... «Behatzaile lanari eta giza eskubideen zaintzari dagokionez, jende oso potentea da».

Behatzaile gisa sartzea ukatu dietenez, ilara egitera kondenatuta daude. Lehendabiziko egunean, asteartean, 05:30erako zeuden Gorenaren eraikinaren kanpoaldean. Eta Barcelok dio egoera harrigarri batekin topo egin zutela. Publiko orokorreko 40-50 pertsonarentzako tokia dago aretoan, eta ilaran zeuden «200 pertsonetatik» asko Vox eskuin muturreko alderdiaren militanteak ziren. «Espainiako Poliziarekin ados jarrita, haiek hasi ziren ilara antolatzen». Plataformak hori salatu zuen, eta herenegun ez zen egoera errepikatu. «Goreneko funtzionarioek antolatu zuten ilara. Jende gutxiago zegoen sartzeko».

Barcelok saio hori entzun zuen, eta, behin bukatuta, Orellana kaleko jatetxe batean mintzatu zen BERRIArekin, Gorenetik 200 bat metrora. Beste behatzaile batzuekin bazkaltzen ari zen. «Lehertuta gaude», nabarmendu zuen. «Eta hori hasi besterik ez dela egin», bota zuen, umorez. «Baina sentipen orokorra dela esango nuke».

«Erantzun ere ez zigun egin»

Egoera bestelakoa litzateke, ziurrenik, behatzaile gisa akreditatu izan balituzte. Manuel Marchenak deliberatu zuen ezetz, ezin izango zirela gisa horretara sartu. Epaimahaiko presidenteak arrazoitu zuen epaiketa streaming bidez ikusi ahal izango zela, eta horrek gardentasuna bermatzen duela. Gutun bat bidali zioten harekin batzartzeko eskatuz. «Erantzun ere ez zigun egin. Guk deitu behar izan genuen Gorenera». Ezetz, halere. Barcelok azpimarratu nahi du ez dela ohikoena izaten behatzaileei eskaera hori ukatzea. «Orain dela gutxi, esaterako, behatzaile espainiarrak egon dira espainiar baten aurka AEBetan egindako epaiketa batean. Frantzian ere izan ziren behatzaileak korsikarren kontrakoan, Erdialdeko Amerikan egindakoetan...». Juristarentzat, streaming bidez emateak ez du zerikusirik «zigor prozedura bateko berehalakotasun printzipioarekin». Telebistaz ikustean, errealizadoreak «Gorenak agindutakoa» erakusten duela azpimarratu nahi du. Behatzailerik egongo ez balitz, detaile asko ez ziren kontuan hartuko. Barcelok kontatu du, esaterako, Carles Mundo akusatuak, lehen egunean, hiru aldiz altxatu behar izan zuela komunera joateko. «Kartzelan dago, etxetik 650 kilometrora, estresatuta... Horrek guztiak fisikoki ere eragiten du».

Bigarren egunean egin zuen fiskaltzak defentsako abokatuen alegazioen aurka, eta, Barceloren iritziz, fiskaltzak planteatutakoa «beldurgarria» da zuzenbide estatu batean. «Abiapuntua da akusatuek matxinada delitua gauzatu dutela, eta hortik aurrera zera planteatzen du: 'Zuk, matxino, oinarrizko eskubideak eduki nahi dituzu? Nola ausartzen zara? Erruduna zara. Nolatan eduki nahi duzu adierazpen askatasuna?». Beldur da, gainera, epaimahaiak ikuspegi hori bera ote duen. Horrek guztiak «zur eta lur» utzi du. «Espainiako Estatua ez da lotsagorritzen; ez dago horretarako modurik».

Nahastea ez da «sanoa»

Hori bera frogatzen ari da Alexandre Faro abokatu frantziarra. FIDHko kidea da, eta epaiketaren aretora asteartean eta asteazkenean sartu zen. «Klima astuna» nabari du, eta, oro har, «nolabaiteko antolakuntza gabezia». Voxekoak ikusten ditu, gainera, kausaz «ahaldundu» nahian bezala. «Zirku erromatarrean egoten zenaren parekoa da giroa; norbait lintxatzeko gogoa dagoela dirudi». Epaiketaren «izaera politikoa» azpimarratu du. Horrenbestez, ez daki akusatuetako bederatziri egozten dieten matxinada delituak nola «bat egin dezakeen» izaera horrekin. «Ez dut oso argi ikusten».

Telebistan ikusten ari dena da Goreneko jarduna eta Kongresukoa «lotuta» joango balira bezala. Faroren ustez, kontu handia behar da horrekin. «Ematen baitu botere judizialak ez duela independentziarik. Kontu penalak eta politikoak nahasten ari dira, eta hori inondik ere ez da sanoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna