Polizia abusuen biktimen legeak azken aurreko urratsa egin du

Giza Eskubideen Batzordeak ameto eman dio txostenari. Elkarrekin Podemos nahastu egin da puntu baten bozketan, baina osoko bilkuran konponduko du egindako «akatsa»
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideak, atzoko bozketa batean.
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideak, atzoko bozketa batean. DAVID AGUILAR / EFE

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2019ko martxoak 16
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran onartzea baino ez zaio falta polizia abusuen biktimen legeari. Giza Eskubideen Batzordean onartu zuten atzo 2016ko legea egokitzen duen txostena. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, PPk kontra bozkatu zuen, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin ziren punturik gehienetan. EH Bilduk hala eskatuta, bereizita bozkatu zen legearen aurreneko artikulua. Hura da garrantzitsuenetako bat, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren helegitea gainditzeko moldatu behar izan dutenetako bat: delituak egiaztatzeko prozesuek aurretik auzitegiek ebatzitakoa aintzat hartu beharko dutela esaten da bertan. Horren kontra bozkatu zuten EH Bilduk, PPk, eta baita Elkarrekin Podemosek ere, ezustean. Beraz, artikulu horrek ez zuen aurrera egin, baina Elkarrekin Podemosek argitu zuen nahastu egin zirela bozkatzean, eta legea osoko bilkurara iritsi eta bozkatzen dutenean konponduko dutela egindako «akatsa».

Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailaren 28an onartu zuen polizia gehiegikerien biktimen legea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen orduan, eta PPk eta UPDk kontra bozkatu zuten. Legearen helburua zen 1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Legeak espresuki aipatzen zituen Espainiako Estatuko funtzionarioen urraketak.

Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean eten zituen arauaren hainbat atal. Joan den urteko uztail amaieran, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, Madrilek helegitea kentzearen truke. Aldaketa horien funtsa da moldatutako legeak uko egingo diola delituen ikerketari eta, beraz, auzibideari. Eta testuak preseski jasoko duela auzibidea baztertzeko asmoa, eta argi utziko duela kasuak aztertuko dituen Balorazio Batzordearen xedea ez dela izango zer gertatut zen ikertzea. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak joan den urriaren hasieran aurkeztu zituen biktimen lege horri egindako moldaketak; Eusko Legebiltzarrak azaroaren erdialdera onartu zuen tramiterako, eta otsailaren erdialdera egin zuen aurrera Giza Eskubideen Batzordean, zuzenketa bakarra onartuta. Atzo egin zuen azken aurreko urratsa.

EAJk eta PSE-EEk eurek proposatutako legearen erreformak defendatu dituzte. Iñigo Iturrate jeltzaleak zioen «pauso garrantzitsu bat» dela giza eskubideen urraketen biktima guztiei aitortza eta ordaina emateko.

EH Bilduk abstentzioa iragarri du. Julen Arzuaga legebiltzarkidearen ustez, «estatuaren izenean delituak egin dizuztenei babesa ematen zaie legean, euren ohorea babestu behar delako».

«Egia ezin badugu lortu, ez dugu inoiz lortuko justizia demokratiko bat», adierazi du Pili Zabala Elkarrekin Podemosekoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna