Zaintza eta arreta espezifikoa «haur motxiladunentzat»

Sarek unitate didaktiko bat aurkeztu du, gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten haurren errealitatera hezkuntza ikuspegitik gerturatzeko eta haien hutsuneak betetzeko

Marian Bilbatua, Inaxio Oiarzabal eta Esti Amenabarro unitate didaktikoaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Gaur egun indarrean dagoen espetxe politikak zuzenean eragiten die eskolatzean haur motxiladunei», adierazi du Esti Amenabarro EHUko irakasleak. Horrela, Sarek abiatuta, Amenabarro eta Marian Bilbatua hezkuntza alorreko adituek osatutako Motxiladun haurrak. Hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik hezkuntza premien inguruko analisi eta proposamenak unitate didaktikoa aurkeztu zuten atzo, EHUko Donostiako campusean. Lan horren bitartez, ikuspegi pedagogikotik gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten haurren errealitatera «gerturatzen» saiatu direla azpimarratu du Amenabarrok.

Hezkuntzan hutsune eta behar bat dagoela adierazi du: «Eskolak, agente sozial bezala, zeresan eta zeregin garrantzitsua du eremu horretan. Gure ustez, hezkuntzaren ikuspegi inklusibotik, motxila hau duten haurrak zaintza zehatz bat izan behar dute, eta arreta espezifikoa izateko eskubidea dute». Bi norabidetan egin dute azterketa: alde batetik, espetxeak eta dispertsioak haur horiei eskolatzean nola eragiten dien aztertu dute; bestetik, eskolak horren aurrean erantzunak emateko orduan dituen mugak eta zailtasunak analizatu dituzte.

Azaldu dute sakabanaketak eragin «zuzena» duela eskolaratzean, eta egin beharreko bidaia luzeen ondorioz haurrek jasaten duten «neke fisikoa» azpimarratu dute. Bestetik, familia egiturako erreferentziazko pertsona bat edo biak kartzelan egoteak sortzen dituen ondorioak nabarmendu dituzte. Errealitate hori duten irakasleekin egin dute lan txostena osatzeko. Ikuspegi kualitatiboa erabiliz, irakasleek gai horri lotuta dituzten kezkak eta hutsuneak biltzen saiatu dira. Horrela, irakasleen formakuntzan «gabezia» bat hauteman dute: «Profesionalek galdera asko zituzten trebakuntza mailan, eta, nolabait, autoformakuntza bitartez erantzun behar izan diote. Prestakuntza espezifikoaren beharra dago», azaldu du Amenabarrok. Horrez gain, ikasgelan lantzeko «baliabideen beharra» ere badagoela onartu du.

Proposamenak

Unitate didaktikoa lau ataletan dago banatuta, eta, premien inguruko analisia egiteaz gain, horri aurre egiteko hainbat proposamen egiten ditu. Hasteko, gurasoak espetxean dituzten haurren «egoera deskribatzen» saiatu dira. Bigarren atalean, berriz, haur eta nerabe horien egoerari erantzun egokia ematea proposatzen dute, eta hainbat printzipio lantzen dituzte: «Eskola eta hezkuntza komunitateak haur hauen ongizatea bermatu behar du. Esparru horretan proposamenak egiten ditugu, lau nabarmenduz: ikasleen aniztasunaz nahiz egoeraz jabetzea; politika eta jardunbide inklusiboak garatzea; hezkuntza komunitatearen esparruan kokatzen dela kontuan hartuz, eskola bakoitzak izatea horri erantzuteko baliabide eta bide nahikoa; eta azkenik, hizkuntza komunitatearen inplikazioa».

Txostenaren hirugarren zatian, irakasleen esperientziak jaso dituzte: «Lau ikastetxetako hainbat irakasleen ideiak eta ekimenak bildu ditugu. Haurren beharrak aztertu ditugu, eta lan egiten jarraitzeko hainbat bide ematen dira. Egoera horretan dauden haurren irakasleekin hausnarketa bat egiteko abiagunea izan daiteke». Azkenik, baliabideen bilduma bat osatu dute, bai eta bakoitzaren inguruan proposamen didaktiko bat ere.

Bilbatuaren arabera, txosten hori prozesu baten «abiapuntua» da. «Erreminta dinamikoa da, eta etengabe hobetzen eta berritzen joan behar du. Gure helburua da ikasle hauei zaintzarako behar dituzten mekanismo espezifikoak eskaintzea, beraien errealitatetik abiatuta», gaineratu du Amenabarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.