AHTaren Donostiako geltokia 2023an amaitzea aurreikusi dute

Eusko Jaurlaritzak lizitatu ditu obrak. Apirilean hasiko dira, eta 42 hilabete iraungo dute; 2023ko azarorako amaituta behar lukete. Proiektuak 97 milioi euroko aurrekontua du

Atotxako geltoki berriaren proiektua (Donostia). IREKIA.
Paulo Ostolaza.
Donostia
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ondo bidean, Donostiakoa izango da AHT abiadura handiko trenak Hegoaldean prest izango duen lehen geltokia. Obrak lizitatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta aurreikusi dute lanak 2020. urteko apirilean hastea; azaldu dutenez, 42 hilabete iraungo dute, eta, beraz, 2023. urterako amaituta behar lukete. Proiektuak 97 milioi euroko aurrekontua du, nahiz eta inbertsio osoa 101,5 milioikoa izango den.

Atzo goizean eman zuten albistearen berri Donostian Eneko Goia alkateak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak, eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Donostiako alkateak esan zuen «berri on bat aurkeztera» joan zela, eta nabarmendu zuen aurkeztu zuten proiektua «hiriarentzat urbanistikoki garrantzitsua» izango dela, AHTa iristeak izan dezakeen garrantziaz gain. Obrak izango dituen hiru ardatz nagusiak aurkezteaz arduratu zen Goia: geltokiaren gainean eraikiko duten plaza handia, Tabakaleraren parean —ia 6.000 metro koadro izango ditu—; trenbidearen azpitik igarotzen den Egiako pasabidearen zabalkuntza eta hobekuntza; eta gune intermodal baten sorrera, autobus geltokia eta AHTaren eta aldiriko trenen geltokia batuko dituena. «Gune neuralgiko bat» sortuko da, Goiaren ustez.

Xehetasun gehiago eman zituen Tapiak. Besteak beste, azaldu zuen egungo geltokiaren garaiera handitu egingo dela —eraikina berritu egingo dute—, baita Tabakaleraren pareko plazak inklinazioa izango duela ere, «anfiteatro moduko bat» izan dadin. Nabarmendu zuen obra horrek hiria «josi» egingo duela. Bestalde, goraipatu egin du Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana: finantzaketa Espainiako Sustapen Ministerioaren esku egongo den arren, Eusko Jaurlaritza izango da eraikuntzaren arduraduna, 2017. urtean egindako akordio baten ondorioz. Tapia pozik agertu da, «Euskadirentzat oso garrantzitsua baita iparraldera eta hegoaldera ondo konektatuta egotea».

Jesus Loza Madrilen ordezkariak ere bi erakundeen arteko «auzolana» nabarmendu du, «gakoa izan delako proiektu estrategiko hori aurrera eramateko». Haren hitzetan, «AHTa Espainiako Gobernuak Euskadin inoiz egin duen inbertsiorik handiena da».

Atotxako tren geltoki berriak lau solairu izango ditu, baina, ahal den neurrian, egungoaren arkitektura errespetatzen saiatu dira arkitektoak. Obrek irauten duten bitartean, berriz, behin-behineko geltoki bat eraikiko dute; Nestor Basterretxea plazatik izango du sarbidea, eta egungoaren parean egongo da.

2024, ustezko epea

Aurtengo apirilean eginiko adierazpenetan, Eusko Jaurlaritzak 2024. urtean ezarri zuen AHTa martxan jartzeko epea, baina ez dirudi orduan hitzemandakoa bete ahalko dutenik. Tapiak orduan esan zuenez, «hauteskundeen ostean Espainian agintzen duen alderdia ez da traba izango», lanak «geldiezinak» baitira. Oinarrizko azpiegiturak 2023rako amaituko zituztela esan zuen; orduan, «super egitura» delakoa eraikitzea faltako litzateke —errailak, elektrizitate sistemak, transformadoreak...—, baina horien lizitazioa Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen esku dago.

Ordutik, ordea, lanak gehiago atzeratuko direla iradoki du Jaurlaritzak. Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, uztailean Radio Euskadiri eginiko adierazpenetan, atzerapena «handia» dela aitortu zuen, baita gehiago atzeratzeko «beldurra» dutela ere. Gasteizko eta Bilboko geltokiak dira arazo nagusia. Espainiako Gobernuak oraindik ez du proiekturik aurkeztu Gasteizerako, eta jada iragarri du uste baino handiagoa izango dela aurrekontua —724 milioi eurokoa izan beharrean, 872 milioikoa—. Tapiak Espainia ez zela traba izango esan arren, Aizek esan zuen lanak atzeratzearen arrazoia «Espainiako ezegonkortasun politikoa» dela. Bilbon, berriz, obrak 2020. urteko ekainean lizitatzea espero dute. AHTa lur azpitik iritsiko da Abandoko geltokira, eta obra horiek 730 milioi euro inguruko kostua izango dute; 2023rako amaituta behar lukete.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTaren sarea Nafarroakoarekin nola lotu ere ez dute argitu oraindik erakundeek. Bi dira aukerak: Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik egin liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.