Koronabirusa. Zahar etxeak

Koronabirusak apirilean hildako erien %62 zahar etxeetan bizi ziren

COVID-19ak 541 egoiliar hil ditu Hego Euskal Herrian, gaitzak orain arte hildako guztien ia erdiak. Apirileko lehen hamabost egunetan hil dira gehienak: 444; egunero ia 30, alegia

Tolosako Iurreamendi zaharren egoitza, herriaren gainaldean. Gipuzkoan hildako eta kutsatu gehien dituen zentroetako bat da. JON URBE / FOKU.
mikel p ansa
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herria ez da salbuespena: zahar etxeetan ari da COVID-19 gaitza sarraskirik handiena eragiten. Gaitzak Hegoaldean hildako guztien %44,45 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Baina azkeneko aste eta egunetan okertu egin da egoera zentro horietan: apirileko aurreneko hamabost egun hauetan, koronabirusak hildakoen hamarretik sei bizi ziren zahar etxeetan. Nahiz eta atzemandako kasu positibo guztien artean oso gutxi diren adinekoen zentroetakoak: %15 baino gutxiago —testak eginda atzeman dituzten 16.159 gaixoetatik 2.300 inguru daude zaharren egoitzetan—. Euskal Herriko datuak Europako batezbestekoen barruan daude: koronabirusak hildakoen %40 eta %60 artean ziren zahar etxeetako egoiliarrak.

Koronabirusari buruzko datu gehienekin bezala, nekeza bihurtzen da zahar etxeetako egoerari buruzko argazki osoa egitea. Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek egunero ematen dute zahar etxeetan COVID-19an hildakoen berri. Araban, atzo arte, 121 eri hil ditu gaitzak; Gipuzkoan, 125. Nafarroak maiztasun jakinik gabe berritu du datua; ezagutzen den azkenekoa atzokoa da: 138 egoiliar hil dira koronabirusarengatik. Bizkaiko Aldundiak, berriz, erabaki zuen hilean behin soilik jakinaraziko zuela datua. Baina atzo Unai Rementeria ahaldun nagusiak agerraldi bat egin zuen Batzar Nagusietan, eta han jakinarazi zuen atzo arte 157 adineko hil dituela gaitzak herrialdeko zaharren egoitzetan. Guztira, 541 hildako; alegia, hildako guztien (1.217 Hegoaldean) %44,45.

Koronabirusaren kolpea apirilean sentitu da, hala ere, nabarmen. Martxoaren 15ean hasi zen konfinamendua Hego Euskal Herrian, eta garai hartan apenas zegoen kutsatuen berririk adinekoen zentroetan, Araban salbu. Itxialdia agindu baino bi egun lehenago, martxoaren 13an, debekatu egin zituzten bisitak zahar etxeetara. Ez alferrik, zaharreierasaten die gehien koronabirusak: gaitza diagnostikatu dieten 70 eta 80 urte arteko pertsonen %10 inguru hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta 80 urtetik gorakoen %20 baino gehiago.

Apirileko kolpea

Baina prebentzio neurri horiek berandu iritsi ziren, datuek agertzen dutenez. Konfinamendua hasi eta handik bi astera, martxoaren 31n, zahar etxeetako 97 egoiliar zituen gaitzak hilak Hego Euskal Herriko lau probintzietan. Asko ziren; koronabirusak ordurako hilak zituen pertsona guztien %21 inguru. Baina apirila sartu denean hasi dira heriotza bat bestearen gainean pilatzen zaharrentzako zentroetan. Joera argia da probintzia guztietan: Gipuzkoan 11 hildako zeuden martxoaren 31n; orain, 114 gehiago; Bizkaian 33 ziren orduan, orain 124 gehiago dira; Araban 45 ziren, orain 76 gehiago; Nafarroan 7 ziren, orain 131 gehiago. Ondorioa: apirileko lehen hamabost egun hauetan Hego Euskal Herrian koronabirusak hil dituen 716 pertsonetatik, 444 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Alegia, hildako guztietatik %62. Neurria hartzeko balio dezake: egunero ia 30 adineko hil dira zaharren egoitzetan.

Baina ez dira horiek kopuru osoak. Nafarroako Gobernuak, adibidez, esana dauka bere lurraldeko zahar etxeetan hildako 138 gaixo horiez aparte beste 155 pertsona ere hil direla koronabirusak sortutako sintomen antzekoekin. Bizkaiak, berriz, aitortu du beste 20 bat izan litezkeela antzeko sintomekin hildakoak. Izan ere, testetan positibo emandako hilak soilik hartzen dituzte aintzat orain arteko estatistiketan. Badira gorabeherak, gainera: aldundiek Osakidetzari ematen dizkiote datuak, baina gero ez dira guztiz bat etortzen publiko egindakoekin.

Hego Euskal Herrian 26.000 adineko inguru bizi dira zahar etxeetan; ezaguna da horietatik %10 inguru kutsatu direla (2.300 gutxi gorabehera). Baina gaitza atzemateko probak ez dira orokorrak. Nafarroako Gobernua hasi da, modu sistematiko samarrean, PRC probak eta test azkarrak egiten zentro guztietan. 1.800 test inguru egin ditu, eta egoiliarren %53k eman dute positibo. Osakidetzak esana du testak orokortuko dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetan, baina ez du jakinarazi hasi denik.

Zahar etxeetako langileen artean ere kalte handiak egiten ari da COVID-19a. Langileei buruzko datuekin uzkurrago ari dira Araba eta Gipuzkoa; ez da ezagutzen zenbat langile kutsatu diren bi prontzia horietan. Bizkaian 247 langilek eman dute positibo probetan —askoz gehiago egon dira bakartuta—; Nafarroan, berriz, 397 langile kutsatu dira —sektoreko herrialdeko langileen %10—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.