Koronabirusa

Koronabirusak ez du mugarik

Nafarroaren mugan dauden herriek egoera berezia dute; adibidez, Vianak, Logroño gertu baitu. Denek onartu dituzte neurriak, baina hainbat herritar kexu agertu dira.

Guardia zibilak fusilekin, Nafarroa eta Errioxaren arteko mugan, Viana inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Viana
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Vianatik Logroñora hamabi kilometro daude, eta Oionera, zortzi. Beratik Irunera, hamabost; Luzaidetik Arnegira, hiru; Ziordiatik Eginora, lau, eta Agurainera, hamalau; Betelutik Lizartzara, 11... Koronabirusak ez du mugarik, ez ditu ulertzen lurralde batzuen eta besteen arteko diferentziak. Atzo, Nafarroa luze-zabalean, mugaren ertzetan dauden herriok oso desberdin hasi zuten eguna euren alboan dituzten beste herrien aldean: ostalaritza itxita, errepideetan kontrolak, gainerako saltokien eta jardueren edukiera %40ra mugatuta, eta kalean, sentsazio orokor bat: «tristezia eta ezinegon handia dago», laburbildu zuen Vianako okindegi bateko jabeak, Dori Arrietak.

Viana Bideko autobideko azken herria da, edo lehena, norabidearen arabera. Biztanleek, neurri handi batean, Errioxako hiriburuari begira egiten dute bizimodua. Lizarra urrun geratzen zaie, eta Iruñea, are urrunago. Lan eta ikasketa arrazoiak tarteko, hartu-eman handia dute Logroñorekin, bi zentzutan.

Adibidez, German Estevezek arlo sozialean egiten du lan Vianan, besteak beste, migratzaileei gaztelania klaseak emanez. Euskara ikasten ari da, eta Logroñon bizi da. Mugitzeko baimena bazuenez, lasai dago. «Lehen orduan, ez dut inor ikusi errepidean, baina zer gertatuko zain gaude. Ez dut arazorik ikusten, neurri prebentiboa baita. Papera erakutsi, eta kito». Gaur bertan, Nafarroaren antzera, Errioxa ere itxi egingo dute, baina han neurriak diferenteak izango dira: ostalaritza, kasurako, ez dute behartuko pertsiana jaistera.

Estevezen antzera, lana amaitu berri du Andrea Martinek ere, eta Logroñotik etorri berri da herrira. Ez du arazorik izan kontrolekin. «Goizean, lanera bidean nindoala, guardia zibilek gehiago erreparatzen zieten Nafarroara sartzen ziren autoei». Lanaz gain, vianar askok baliatzen dute Errioxako hiriburua erosketa handiak egiteko. Martinen arabera, muga ixtera zihoazela jakinik, askok bezperan egin zuten erosketa handia.

Kexu dira, baina, herrian. Logroñorekin mugan, Vianako lur eremuan, orain gutxira arte Las Cañas merkataritza gunea zegoen, baina itxita dago orain. «Herrian denda txiki ugari ditugu, baina arropak eta bestelako erosketak egiteko Logroñora jo ohi dugu, eta orain Lizarrara joan beharko dugu. Ez da gauza bera hamar minutura izatea edo 40ra», dio Dori Arrietak. Haren esanetan, herritar asko haserre daude, ez baitute ulertzen nolatan itxi den Nafarroa osoa, Iruñerria edo Erribera itxi beharrean. «Hemen ez gaude hain gaizki. Kutsatzeak igo dira, baina pixkanaka».

Antzeko iritzia du Susana Etxeberriak: «Mugan bizi garen herriontzat neurri zorrotzegiak dira, kaltetuenak baikara». Semeak Logroñon egiten ditu ikasketak eta kirola, eta azken orduetan «eskaera ugari» egin behar izan ditu.

David Sadak, berriz, nahiago du egoera berrira egokitu, eta erabakiak ez eztabaidatu, jabetzen baita aldagai asko hartu behar direla kontuan: «Hau guztia hain da handia... Ihes egiten dit. Ez dakit zer den, eta pazientziaz hartu besterik ez dago. Osasunez ongi nago; bizikleta dut, eta ez dut gaur baino harago pentsatzen. Ea noiz amaitzen den hau dena. Ez dakit». Haren ustez, arazoetako bat da bakoitzak bereari begiratzen diola: «Zergatik ezin dut hau egin, edo beste hura? Ez gara jabetzen dena lotuta dagoela».

Ostalaritza, itxita

Vianako taberna gehienak alde zaharrean daude, herriaren goiko aldean. Guztiek dute pertsiana jaitsita, Nafarroako gainerako herrietan bezala. «Triste dago dena», aipatu du Lierni Algaba zarauztarrak. Done Jakue bideak azken urteetan erromesen joan-etorri handia izan duenez, senarrarekin aterpe bat ireki zuen, baina aurten itxi egin dute, turista gutxi ibili baita. «Lehen, ehunka pertsona ibiltzen ziren, eta orain ez zegoen jenderik».

Dori Arregik okindegia irekita duen arren, kafetegia itxi egin behar izan du. Goizean goiz kafeak banatu dituen arren, foruzainekin argitu behar izan du egoera: «Eramateko zerbitza zitekeela esan didate, baina udalean beste gauza bat zioten... Azkenean, argitu da». Haren esanetan, neurri gogorra da ezarritakoa. «Neuk gerrikoa estutu dezaket, eta okindegiari esker errentak pagatu. Ostalaritza ixteak balioko balu behinik behin, baina uste dut ez duela arazoa konponduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.