Koronabirusa

Hiru egunean beste 110 herritar ospitaleratu dituzte Hegoaldean

Urriaren 17tik, etengabe handitu da erietxeen okupazioa. Nafarroan, beteta daude ZIUko oheen %39; Indurain kontseilariak dio aste «zailak» datozela: ebakuntzak bertan bera uzten ari dira

joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Positiboak ugaritu ahala, tentsioa handitzen ari da ospitaleetan. Azken hiru egunetan, 110 gehiago ospitaleratu dituzte Osasunbidearen eta Osakidetzaren zentroetan, eta guztira 814 eri daude erietxeratuta oraintxe bertan. ZIU zainketa intentsiboko unitateetako oheak ere betetzen ari dira, eta atzoko azken datuen arabera, 124 lagun daude zerbitzu horretan, orain astebete baino 27 gehiago.

Hego Euskal Herriko ospitaleetan egunero altak ematen ari badira ere, handiagoa da erietxean koronabirusarekin sartzen direnen kopurua, eta ondorioz, apurka, ospitaleak betetzen ari dira. Urriaren 17tik, alta baino ospitaleratze gehiago izan dira, eta hazkundearen erritmoa gero eta azkarragoa da: urriaren 7tik 17ra, ospitaleetako ohiko 36 ohe gehiago bete zituzten COVID-19a diagnostikatutako gaixoek; urriaren 17tik atzo arte, ordea, 239 gehiago.

Presioa arintzeko, erritmo hori geldotu behar litzateke, baina Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jada ohartarazi du datozen bi asteak «oso zailak» izango direla. Kutsatzeekin gertatzen den bezala, Nafarroak ditu daturik kezkagarrienak osasun zerbitzuetan ere: 285 herritar ditu ohiko geletan, eta 50 ZIUetan —ahalmenaren %39ra ailegatu dira ZIUak dagoeneko—. Aitzitik, Osakidetzaren sarean hobea da egoera: ZIUko oheen %24 daude beteta COVID-19a dutenekin.

Indurainek atzo aurreratu zuen premiazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera utzi dituztela. Horregatik, herritarrei eskatu zien neurriak betetzeko, eta harreman sozialak eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko: «Ezin diogu utzi kutsatze kopuruari handitzen jarraitzen, ospitaleen egungo okupazio maila ikusita».

Azaroaren 2rako, osasun etxe guztietara hedatu nahi dituzte koronabirusaren proteinak atzemateko antigeno testak. Kontseilariaren arabera, egun egiten dituzten probekin, atzemandako positiboen %70 lotzen dituzte agerraldi jakinekin eta kontaktuekin. «Baina, halaber, intzidentzia eta birusaren transmisioa handia da». Sintomekin osasun etxera jotzen duten kasu susmagarrien kopurua handitu denez, asteburuetan hiru osasun etxe irekiko dituzte eskariari aurre egiteko, ospitalera joan ez daitezen.

Ezarritako neurri en eraginkortasuna datozen bi asteetan aztertuko dute. «Ez badute balio, egoera gogorragoetara irits gaitezke, baita konfinamendura ere. Orain, hortzak estutzeko garaia da, eta itxaron behar dugu neurriek balio izan dezaten», aipatu zuen Carlos Artundo Osasun zuzendariak. Onartu zuen akatsak egin dituztela, baina ezin direla geldi geratu: «Erabakiak hartu behar dira, hanka sartzeko arrisku eta guzti, ezin baikara konformatu birusaren bilakaerarekin».

1.556 positibo

Kutsatzeek ez dute etenik. Beste 1.556 positiboren berri eman zuten atzo Hego Euskal Herrian. Egindako PCR eta antigeno probetatik %9,8k eman dute positibo —guztira, 15.887 proba egin zituzten—. Atzo ere Nafarroan izan zuten positibo gehien: 578. Bi astean, 100.000 biztanleko 1.066 kasu izan dira. Bizkaian, 457 kasu izan zituzten atzo; Gipuzkoan, 413; eta Araban, 86. Dena den, Nafarroaren ostean, Gipuzkoak du azken hamalau egunetako intzidentzia tasarik handiena: 100.000 biztanleko 765 kutsatu bi aste hauetan.

Heriotzen datuak ere gordinak dira. Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliar bat hil zen atzo, eta Gipuzkoako zentro bateko beste bat. Nafarroako Gobernuak egunotako beste hamabi heriotzaren berri eman du. Jaurlaritzak gaur emango ditu heriotzen datuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.