Koronabirusa

Positibo eta ospitaleratu berriek gora egin dute Hego Euskal Herrian

Beste 1.252 kasu atzeman dituzte: azken bi hilabeteetako daturik txarrena. Azken hamalau egunetan 857 positibo zenbatu dituzte batez beste Hegoaldean. COVID-19a duten 710 lagun daude erietxeetan

Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hirugarren olatuan bete-betean sartu da Hego Euskal Herria, adierazle ia denek agerian uzten dutenez. Azken egunetan nabarmen goratu da kutsatuen kurba, eta gero eta agerikoagoa da transmisioaren larriagotzea. Bilakaera epidemiologikoan mugarri bat ezarri dute azken datuek, argiki. Izan ere, oraintxe bertan, azken hamalau egunetan atzemandako positibo guztien batezbestekoa 857koa da Hegoaldean. Urtarrilaren 2tik, etenik gabe handitu da batezbesteko hori; zehazki, 465ekoa zen egun hartan. Azken hamalau egunetako batezbestekoak ongi islatzen du zein den pandemiaren bilakaera, eta azken egunetako datuek goranzko joera argia erakusten dute kutsatzeetan.

Lau herrialdeak ari dira gerturatzen 100.000 biztanleko 500 positibo berrien intzidentzia metatura. Lurraldeka, Bizkaiak ditu daturik kezkagarrienak: azken orduetan 616 positibo atzeman dira han, eta intzidentzia tasa metatua 489,13koa da. Araban, berriz, 110 positibo zenbatu dituzte proba diagnostikoetan, eta gora egin du han ere intzidentzia metatuak: 411,32koa da orain. Gipuzkoan, berriz, 298 izan dira positibo berriak, eta azken hamalau egunetako batezbestekoa 400 positibora iritsi da. Nafarroak ditu daturik apalenak: 206 dira positiboak, eta 389,33koa intzidentzia tasa. Hiriburuen artean, Iruñea ez gainerakoak ari dira eremu gorrira gerturatzen. Are, Bilbo eremu gorrian dago, eta gaur agertuko da itxiko dituzten udalerrien zerrendan.

Egun bakoitzean atzeman den positibo kopuruari erreparatuta ere, gero eta agerikoagoa da egoera oso makurra dela Hego Euskal Herriko herrialdeetan. Kutsatu berrien kurbak mila kasuren langa gainditu du: 1.252 positibo atzeman zituzten herenegun egindako testetan. Azken bi hilabeteetako daturik txarrena da; zehazki, azaroaren 14tik izan den kutsatu kopururik handiena da. Nolanahi ere, egungo egoera ordukoa baino okerragoa da. Azaroko azken asteetan kasu gutxiago atzematen ziren egunetik egunera, eta orain, berriz, kontrakoa gertatzen ari da: egun batetik bestera ugaritu egiten dira positiboak eta hamalau eguneko datu metatuak.

Osasun agintariek kezkaz begiratu diete datuei. Atzo, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi zuen zantzu guztien arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aste honetan sartuko direla berriro «eremu gorrian». Kutsatzeen kurbaren eta ospitaleratzeen goranzko joera «kezkagarria» dela esan zuen, eta, azken datuak eskuan, datozen asteetan ospitaleetako gela arruntetan eta ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateetan sartuko diren gaixoak gero eta gehiago izango direla aurreratu zuen. Osakidetzak orain 460 ohe baino gehiago ditu birusa duten gaixoekin —ohe guztien %8— eta ospitaleratutako gaixoen % 10ek dute koronabirusa. ZIUetako okupazioari dagokionez, beheranzko joera gelditu egin dela azpimarratu zuen Sagarduik, eta urtarrilaren 4tik goranzko joera «kezkagarria» dela.

Oro har, handitzen ari da Hego Euskal Herriko erietxeen gaineko presioa egunez egun: herenegun, 102 pertsona ospitaleratu zituzten Hegoaldean COVID-19aren eraginez. Astelehenean ere birusak gaixotutako pertsona kopuru bera erietxeratu behar izan zuten. Azken bi egunetako datuok txarrenak dira azaroaren 18tik. Oraintxe, guztira, 710 lagun daude Hegoaldeko erietxeetan koronabirusak jota, eta horietatik 115 daude ZIUetan.

Azken hamalau egunetako batezbestekoak erakusten du ospitaleratzea behar duten gaixoen kopurua handitzen ari den edo ez, eta datuok baieztatu egiten dute goranzko joera hori: urtarrilaren 3ko batez besteko datuek adierazi zuten 37 lagun ospitaleratzen zituztela Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta orain batezbesteko hori 63 lagunekoa da.

Erietxeen egoera

Ospitaleratzeen areagotzea lotuta dago kutsatutakoen adina handitu izanarekin, eta, azken orduetan atzeman diren kasuen artean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %38 izan dira 40 eta 60 urte artekoak, eta %20, berriz, 65 urtetik gorakoak. Nafarroan, berriz, erietxeratu dituztenen artean %19k dituzte 65 urte baino gehiago, eta %31 dira 85 urtetik gorakoak.

Bestalde, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, azken astean koronabirusagatik 77 lagun hil dira Hego Euskal Herriko erietxeetan, aurreko astearen pare. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo beste pertsona bat hil zen birusagatik. Nafarroan, azken astean COVID-19 gaitzagatik hildakoek 35 urte baino gehiago zituzten, eta horietatik %22k, 85 urte baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.