Argiak, entzunak izateko

Euskal Herri eta Katalunia arteko tontorrak argiztatuko dituzte Gure Esku-k eta ANCk hilabete barru, bi herrien autodeterminazio eskubidea nazioartean aldarrikatzeko.

Maiatzaren 16an Ganekogorta argiztatu zuen Gure Esku-k, uztailaren 2ko egitasmoaren aurrekari gisa. ITZIAR BASTARRIKA / GURE ESKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Lan handia egin dute dagoeneko, eta lan handia geratzen zaie oraindik. Hilabete barru egingo du Gure Esku-k Pirinioetako Bidea ekinaldia, uztailaren 2an. Kataluniako ANCrekin batera, 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte kideek, eta antolaketa lanetan murgilduta daude oraindik. Miriam Campos, Bilboko Gure Esku-ko koordinatzaileetako batek azaldu duenez, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute, eta Europako agendan ipini: «Ahots bat eroan nahi dugu Europara, eta adierazi hemen autodeterminatzeko bi herri daudela».

Antzeko zenbait ekintza egin dituzte orain arte, baina ez hain handiak. Besteak beste, Aiako Harria, Gaztelugatxeko bidea, Txindoki, Anboto eta beste zenbait mendi argiztatu dituzte Argi Dugu Bidea dinamikan. Oraingoan, ordea, Euskal Herritik Kataluniarako bidea markatuko dute argiekin, Jaizkibeldik hasita, Sant Salvador Saverderaraino. Bizkaiko golkotik Mediterraneora, mendien bidez.

Gure Esku-ko zuzendaritzako Patxi Castillo kidearen arabera, dagoeneko erabakita daukate mendi gehienak zeintzuk izango diren. Hiru zatitan banatu dute ibilbidea: Euskal Herriko mendiak, Erdialdeko Pirinioetakoak eta Katalaluniakoak. Erdialdeko Pirinioetako mendi gehienak Huescan daude, Espainian, eta batzuk mugaren beste aldean, Okzitanian.

Sinbolikoa da ekintza. Camposen berbetan, Agirre lehendakaria eta Lluis Companys Generalitateko presidentearen erbestealdia ekarri nahi dute gogora, biek egin zutelako ihes Pirinioetatik. «Epika apur bat sortuz, istorio hori erabili nahi dugu esateko hemen bizirik dauden herri bi daudela, aktibatuta gaudela eta erabakitzeko helburu irmo bat daukagula», azaldu du.

Katalunian dago ideiaren erroa. Llum i libertad (Argia eta askatasuna) lelopean argiztatu zituzten lehenengoz Montserrat mendiko 131 puntu Artistes per la Republicaren ekimenez eta Omnium Culturalen laguntzarekin, Kataluniaren independentzia eskatzeko. Hari horri tiraka ekin zioten Gure Esku-koek ere antzeko ekintzak egiteari. Oraingoa batera egingo dute autodeterminazioaren aldeko bi taldeek. «Hemen Euskal Herrian hainbat elkartasun keinu egin ditugu katalanekiko: manifestazioak, elkarretaratzeak, mosaikoak... Ailegatu da unea elkartasun horretatik elkarlanera igarotzeko».

«Erreferendumen olatua»

Mendi gorri eta berdeen artean sailkatu dituzte aukeratutako gailurrak. Berdeak «paseoan dabilen mendizale batek igotzeko modukoak» dira, Castilloren arabera, eta gorriak eskarmentu handiagokoentzat. Oraindik zabalik dauzkate izen emateak webgunean eta eskualdekako Gure Esku taldeetan.

Ez dute ausaz aukeratu momentua, Camposen arabera. «Ikusten ari gara irlandarrek hemendik bost bat urtera erreferendum bat egin nahi dutela. Eskoziarrak ere indarrak batzen ari dira beste erreferendum bat egiteko hurrengo urteetan», adierazi du. «Guk ezin dugu horrelako aukera bat galtzen utzi».

Camposek uste du euskal herritarrak «prestatuta» egon behar direla Europara «erreferendumen olatua» heltzen denerako. Castillok adierazi du orain arte egindako ekintzak barrura begirakoak izan direla, bertoko gizarteari eta erakundeei begirakoak. Hau kanpora begira egin nahi dute.

Gure Esku-k hainbat ekinaldi handi egin zituen 2014tik 2018ra; 2014an egin zuen aurreneko giza katea, 2015ean ekitaldiak antolatu zituen Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eta 2018an, 175.000 bat pertsonak giza kate bat osatu zuten Bilbo, Donostia eta Gasteiz artean. Horrez gain, Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko 208 herri galdeketa egin zituzten 2014 eta 2018 bitartean.

Horrek «presentzia publikoa» bermatu zion plataformari, Castilloren aburuz. Ordutik ekintza publiko gutxiago egin dituzte, baina ez dira geldi egon, Castilloren arabera, «sukalde lanean» baizik: «Uztailaren 2ko ekinaldi honen helburuetako bat presentzia hori berreskuratzea izango da».

Castillok gazteei egin die deia: uztailaren 2ko egitasmora batzera eta erakunde batean baino gehiagotan parte har dezaketenei Gure Esku-n sartzera: «Taldean beti urrunago eta sendotasun handiagoz iritsiko gara helburu kolektibo batzuetara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.