Albistea entzun

Espainiako erregearen abdikazioa. Protestak

Aldaketa hotsak, mutu ez geratzeko

Errepublikaren aldeko aldarria entzunarazi dute milaka lagunek.

Galdeketa egitea nahitaezko dute, eta esku hartzeko garaia iritsi zaiela diote
Monarkia edo errepublikari buruzko galdeketa eske, protestak egin zituzten atzo. Irudian, Donostiakoa.
Monarkia edo errepublikari buruzko galdeketa eske, protestak egin zituzten atzo. Irudian, Donostiakoa. GORKA RUBIO / ARP

Oihan Vitoria -

2014ko ekainak 3

Gainbehera dagoen ereduak lurra jo duela. Atzera bueltarik ez, eta aldaketak egiteko momentu aproposena dela. Baita herritarrei hitza emateko ere. Monarkiaren eta errepublikaren artean erabaki ahal izatea gura dute. Bat edo beste hautatzea. Ezker aldera edo eskuinera joatea. Alegia, mutu geratzeko xederik ez dutela. Halere, badakite isilaraz diezaieketela, iritzia eman ezinik gera daitezkeela. Haiek, ostera, esku hartzeko sasoia heldu zaiela uste dute, baina, neurri handi batean, ez dago haien esku. Juan Carlos I. Espainiako erregeak abdikatuko duela jakin eta berehala, eredua moldatzearen aldeko hotsak sendotu ziren atzo: sare sozialak hartu zituzten lehenbizi; hainbat alderdi eta eragileren balorazioak geroago; eta, azkenik, kaleak. Iluntzean, erreferenduma galdegiteko aldarria karrikara atera zuten herritarrek. Sare sozialen bidez deitu zuten protestara, eta elkarretaratzeak egin zituzten Euskal Herriko eta Espainiako hiri ugaritan.

Deitzaileen artean zeuden, besteak beste, IU, EH Bildu, Podemos eta Equo. Elkar hartuta egin zuten errepublikaren aldeko aldarrikapena, eta galdeketaren «premia» nabarmendu zuten. «Burujabetza herriarena da, ez beste inorena; ezta erregearena ere. Herritarrei dagokie erabakitzea monarkia edo errepublika nahi duten», adierazi zuen Cayo Larak, IUko koordinatzaileak. EH Bilduko eledun Oskar Matuteren hitzetan, abdikazioak ez dakar aldaketarik. Euskal errepublika libre bat eraikitzeko bidean «indarrak metatzeko» deia egin zuten, eta mobilizazioak egin zituzten Donostian, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen.

Iritzi kontrajarriak PSOEn

Ildo beretik mintzatu zen Podemos-Ahal Duguko bozeramaile Pablo Iglesias. Berriki Europako bozetan erdietsitako «arrakasta» presente zuela, mezu zuzena utzi zuen: «Felipe Borboikoak errege izan nahi baldin badu, aurkez dadila hauteskundeetara. Herritarren babesa daukala uste baldin badu, galde diezaiela». Iglesiasen arabera, erregeak kargua laga izanak 1978. urteko erregimentuaren «zatiketa» bizkortuko du.

Iritzi berekoak dira Equoko ordezkariak. Juan Lopez de Uraldek ohartarazi zuen agerian geratu dela eredua «amaituta» dagoela. «Konstituzioa aldatzea ezinbestekoa da, Felipek ezin baitu aitaren tokia hartu galdeketa gabe».

Ezkerrekoen bideari hanka bat falta zitzaiola sumatu zuenik ere bazen. PPrekin bat egin ez dezan galdegin zion Iglesiasek PSOEri: «Sozialistek aukera historikoa dute kasta politikodun hitzarmen bati muzin egiteko, erakusteko ez direla PPren gisakoak, demokraziari beldurrik ez diotela. Orain, urrats ausartak egitea dagokie». Erregearen erabakiari buruz iritzi kontrajarriak sortu ziren PSOEren barruan. Batetik, alderdiaren bertsio epel, ofizial eta neurtuena; monarkiari oztoporik jarri ez dizkioten horiena. Bestetik, erreferenduma premiazkotzat jo dutenena. Azken asteetako zalaparta gehiago ez elikatzeko asmoz, Alfredo Perez Rubalcaba idazkari nagusiak esan zuen Felipe Borboikoak Espainiaren «bermea» duela «arrakasta» ziurtatzeko.

Jose Antonio Perez Tapiasek ahotsa jarri zien kontra dauden kideei: «PSOEk errepublikaren tradizioa lehenetsi beharko luke erreferendumean». Larak PP-PSOE alderdi bitasunaren «hondoratzearekin» lotu zuen erabakia, monarkiaren zutabe izan direla iritzita. Itxaropentsu agertu zen, edonola ere. «Ilusio handia dut, hil baino lehen III. Errepublika ikusteko aukera izan baitezaket. Ez dugu diktadore batek onetsitako sistemarik babestuko».

Katalunian, eraldaketarik ez

Katalunian, berriz, orain arteko bideari eutsiko diote: aldaketarik ez da izango. Horrela jakinarazi zuen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak: «Erregez aldatuko dute, baina Kataluniako prozesuak ez du inolako aldaketarik jasango: aurrera jarraituko du». Azaroaren 9an galdeketa egiteko konpromisoa berretsi, eta herritarren «borondatea» errespeta dezatela exijitu zien erakundeei. Erregeak haren semearengan abdikatzea «logikotzat» jo zuen Ciutadanseko parlamentari Ines Arrimadasek: «Herrira gerturatzen asko lagun dezake».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.