EH Bilduk «eredugarri» deritzo estatutu berrirako akordioari

Otegiren eta Iriarteren ustez, legebiltzarrean lortutako akordioak atea zabaltzen dio «gehiengo berriak eraikitzeko aukerari». «Berdinen arteko harremana» sustatu nahi dute

Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte, atzo, Barakaldoko BECeko azken solairuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
EH Bilduk uste du Eusko Legebiltzarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriaren inguruan lortutako akordioa «eredugarria, historikoa eta transbertsala» dela, eta «gehiengo berriak eraikitzeko aukerari atea zabaltzen» diola. Hori adierazi dute Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte koalizioko bozeramaileek Barakaldoko BECen egindako agerraldian.

Otegi eta Iriarte pozik daude egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin, eta nabarmendu dute akordioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politika «beste ardatz batzuen gainean eraikitzeko aurrekari ona» dela. Uste dute «erantzukizunez» jokatu dutela, eta aurrerantzean ere hala egingo dutela azaldu dute, «irekitzen ari den aukera» baliatze aldera.

EH Bilduk nabarmendu du estatutu berrirako proposamenak galdeketak eta erreferendumak egiteko aukera zabaltzen duela, eta garrantzi handia ematen diote horri. «Parte hartzean sinesten dugu, eta herritarrei euren egunerokoan erabaki ahal izateko hitza ematean sinesten dugu, bai eta gure herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko garaian ere», zehaztu du Iriartek.

Era berean, onarturiko testuak «identitate soziokulturala» aitortzen duela esan dute: «Ezaugarri politiko propioak, hizkuntza propioa eta kultura propioa dituen herria gara».

Horretan oinarrituta, «aldebikotasuna» ardatz izango duen harremana eraiki nahi dute Espainiako Estatuarekin, hau da, «berdinen artekoa» eta ez «menpekotasunean» oinarritua: «Horrela baino ez dugu lortu ahal izango gure eskubideak bermatuko dituen etorkizuna eraikitzea».

Era berean, eta «eskubide guztiak betetzen direla zaintzeko», Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «botere judizial propioa» izatea proposatzen du EH Bilduk.

Eskubide sozialak

Otegik eta Iriartek nabarmendu dute Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean hitzarturikoa «testu juridiko-politiko bat baino askoz gehiago» dela; izan ere, «pertsona guztion egunerokoari eragiten dioten gauzei buruz erabakitzeko botere eta burujabetza gehiago eskaintzeko» balioko du. EH Bilduren ustez, «eskubide sozialek» izan behar dute autogobernuaren ardatz, pentsatzen baitute arlo horretan egindako edozein aurrerapausok «herritarron bizitzak hobetzeko» balio behar dutela.

Hala, EH Bilduk azaldu du estatutu berriarekin «pertsona guztiek bizitza duin bat egin ahal izateko gutxieneko diru sarrerak bermatuta izango dituzten herri bat» eraiki nahi dutela. Era berean, hezkuntza eta osasun eskubideek «blindatze bikoitza» izango dutela, eta «zaintza eta ardura partekatua» ere «bermatuta» egongo direla.

Enpleguari dagokionez, Otegik eta Iriartek nabarmendu dute estatutu berrian hori ere «eskubide» izango dela. Sexu, erlijio eta kultur aniztasuna «aintzatetsia» eta «bermatuta» egongo da estatus politiko berrian, EH Bilduren esanetan, eta, gainera, testu berriak beren-beregi jasotzen du emakumeek «bizitza duinak, libreak eta osoak» izango dituztela, «indarkeria matxistarik eta bazterketarik gabe».

EH Bilduk garrantzi handia ematen dio estatutu berrian jasotzen diren eskubide sozialen arloari. «Horiek eta beste asko dira guretzat, gure seme-alabentzat eta etorkizunerako nahi ditugun baldintza sozialak eta ekonomikoak», azaldu dute. «Eta, horregatik, estatus berrian aitortzen da euskal hiritar guztiak direla eskubide guztien jabe, inor baztertu gabe». Eskubide sozialak «autogobernuaren ardatz» bilakatuta,EH Bilduk «herritarren ongizatea» lehenetsi nahi izan du, Otegik eta Iriartek esan dutenez.

Akordio «askotarikoa»

EH Bilduk azaldu du Eusko Legebiltzarraren gehiengo handi batek babesten duela hitzarmen berria, eta akordio «askotarikoa» dela. Haien ustez, horrek balio beharko luke aurrera egin ahal izateko, eta «geldialdiei edo atzerako jarrerei eusteko erresistentziak» gainditzeko.

Iriartek esandakoaren arabera, Eusko Legebiltzarrean erdietsitako akordioa «eredugarria» ez ezik «historikoa» ere bada, «azken berrogei urteotan bi familia abertzaleen artean lortutako akordioa delako, eta etorkizunari begiratzen diolako».

Aurrerantzean ere «etorkizunerako ikuspegiz, herritarren borondateari bidea irekiz eta xantaiarik onartu gabe» lan egiteko prest daudela esateaz gain,EH Bilduk aurrerapauso gehiago emateko deia egin du. «Gure herriak iragan zabala dauka; etorkizun oparoa izateko lan egin dezagun», adierazi dute koalizioaren bozeramaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.