ETB3ren seinalea Iruñerrira zabalduko dute irailetik aurrera

Nafar Telebistak libre utzitako lizentzia baliatuko du Nafarroako Gobernuak ETB2 herrialde osora hedatzeko. UPN, kexu: «Eusko Jaurlaritzarekiko sumisioa erakusten du honek»
Duela bi urteko protesta bat Iruñeko Udaletxe plazan, ETB3ren seinalea Nafarroara zabaltzearen alde.
Duela bi urteko protesta bat Iruñeko Udaletxe plazan, ETB3ren seinalea Nafarroara zabaltzearen alde. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko abuztuak 30
Hasiak dira hesia altxatzen. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du LTD Lurreko Telebista Digitaleko lizentzia bat erabiliko duela, irailetik aurrera, ETB2ren seinalea Nafarroa osora zabaltzeko, eta horrek aukera emanen duela, gainera, ETB3ren programazioa Iruñerrian eskaini ahal izateko.

Kate dantza horren atzean, aurten hutsik gelditu den LTD lizentzia autonomiko bat dago. Nafar Telebista katearen jabe zen Abian Komunikazioa SL enpresak esleitua zuen kanala, baina 2016ko urrian eten zituen emankizunak, eta aurtengo maiatzean itxi da lizentzia baliogabetzeko espedientea. Hortaz, Nafarroako Gobernuak erabaki du abagune hori baliatzea ETB2 lurralde osora hedatzeko. Irailetik aurrera, EITBren gaztelaniazko katea Nafarroa osoan sintonizatu ahalko da, LTDko 26. kanalean.

Nafarroan, EITBren emisioak 2016ko uztailean hasi ziren normalizatzen, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetutako itunari esker. Ordutik, ETB1en seinalea herrialde osoan jasotzen da, kanal autonomikoaren bidez. ETB2 jaso ahal izateko, ordea, beste bide bat aukeratu zuten: tokiko telebistentzako kanalak. Hori dela eta, gaztelaniazko katea ez zen lurralde osora iristen; soilik tokiko telebista kateak dituzten merindadeburuetara eta ingurumarietara: Iruñerrira, Tafalla ingurura, Estellerrira, Zangoza aldera eta Tutera ingurura.

Banaketa horretan, ETB3 Iruñerritik kanpo gelditu zen, hiriburuko LTD kanal guztiak okupatuta zeudelako. Hortaz, orain arte, Nafarroako lekurik populatuenean eta euskaldun gehien bizi diren eskualdean, haurrek ez dute ETB3 ikusterik izan. Hori ere aldatuko da irailetik aurrera: bata bestearen atzetik erortzen diren domino piezen antzera, ETB2ri lizentzia autonomiko bat eman izanak aukera eskainiko du Iruñerriko tokiko telebista kate bat askatzeko, eta hori ETB3ri emanen dio Nafarroako Gobernuak. Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tutera inguruetan, berriz, ETB3 orain arte bezala sintonizatzen jarraitu ahalko dute.

Pilota, Madrilen teilatuan

Euskalgintzako eragileen aspaldiko aldarrikapena da ETB3 Nafarroan jaso ahal izatea, haurrek euskarazko marrazki bizidunak eta telebista saioak ikusteko aukera izan dezaten. Horregatik, erabakia begi onez hartu dute gehienek, baina lizentzia autonomikoa gaztelania hutsean emititzen duen ETB2ri eman eta ETB3 tokian tokiko kateetara mugatu izana kritikatu dute batzuek.

Administrazioan Euskaraz taldeak, adibidez, pozez hartu du ETB3ren seinalea «nafar gehienengana» zabaltzeko erabakia, baina «erdarazko katea lehenetsi izana» txarretsi du, Twitter bidez zabaldutako mezu batean: «Oraindik ez da ETB3 ikusiko mendialdeko toki askotan (Sakanan, adibidez) ezta erdialdeko eta hegoaldeko hainbat herritan ere (Lizarran, Tafallan, Zangozan eta Tuteran salbu)».

Hori konpontzeko giltza, baina, ez dago Iruñean, Madrilen baizik. Irrati-maiztasun espektroa zabaldu beharko luke Espainiako Gobernuak, eta, orain arte, uko egin dio horri.

Auziari buruzko hartu-eman eta bileretan, Nafarroako Gobernuak bi aukera planteatu dizkio Madrili. Lehena, lurreko telebista digitaleko beste lizentzia edo multiplex bat jartzea. Bakarra du Nafarroak, eta lau telebista kate biltzen ditu: bi, gaztelania hutsezko programazioa duen Navarra Television enpresa pribatuarenak; beste bat, ETB1i dagokiona; eta azkena, Nafar Telebistak erabiltzen zuena eta aurrerantzean ETB2k hartuko duena.

Lauko gobernuak planteatu duen bigarren irtenbidea da Nafarroak egun duen multiplex digitalean sei kanal jartzea. Horren bidez, ETB3 ere Nafarroa osoan ikusi ahalko litzateke, murrizketa administratiborik gabe. Azken aukera hori hobesten du Nafarroako Gobernuak, Ana Ollo kontseilariaren hitzetan, «errazagoa eta merkeagoa» izanen litzatekeelako. Espainiako Gobernuak, oraingoz, ez du hitz erdirik ere esan auziari buruz. Ez PPren agintaldian, ezta PSOE agintera iritsi zenetik ere.

Erregionalisten mamuak

Hutsik zeuden lizentziak baliatu eta ETB2ren eta ETB3ren emisioak zabaltzeko erabakiak haserrea piztu du UPNko kideen artean. «Euskal Autonomia Erkidegoko telebista publikoa den ETB Nafarroako telebista autonomiko bihurtu nahi du Barkos presidenteak, iruzur bat erabiliz», salatu du alderdi erregionalistak, ohar batean.

UPNren iritziz, «tranpa» da hutsik dauden kateak berriz esleitzea, «legeak ezartzen baitu lizentzia lortzeko lehiaketa publikoa egin behar dela, Nafarroako telebistek parte hartzeko aukera izan dezaten». Hortaz, alderdi eskuindarraren arabera, «telebista operadore nafarren parte hartzea galarazi du» Nafarroako Gobernuak, «eta, horren ordez, nahieran esleitu dio EAEko erakunde publiko bati». Are: UPNk salatu du laukoak Nafarroako ikus-entzunezko sektoreko enpresak «ekonomikoki itotzen» dituela ETBri «fabore tratua» eman ahal izateko. 2016an itxitako Nafar Telebista eta Vaugham TV Espainiako katea jo ditu horren adibide gisa. Erregionalisten irudiko, horrek guztiak frogatuko luke «Uxue Barkosek Eusko Jaurlaritzarekiko duen sumisioa eta menpekotasun erabatekoa, Foru Komunitatearen kaltetan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna