Seaskari zenbait irakasle postu errefusatu dizkiotela salatu dute

Seaskako irakasle eta langileek protesta egin dute Pauen, 25 lanpostuetatik soilik bost eman dizkietelako. Egoera aldatu gabe, Barriere ikuskariak akordio berri bat egin nahi du
Seaskako irakasle eta langileak, zakuak Inspekzio Akademikoaren gainera botatzen, Pauen.
Seaskako irakasle eta langileak, zakuak Inspekzio Akademikoaren gainera botatzen, Pauen. ISABELLE MIQUELESTORENA

Imanol Eppherre -

2018ko irailak 1
Egun beltza izan zen atzokoa Seaskako irakasleentzat. Otsailean Frantziako Hezkuntza Ministerioari 25 irakasle lanpostu berri eskatu zizkion Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, eta horietarik bost eta erdi eman dizkio bakarrik. Seaskak adierazi du oraingoz bere esku hartuko dituela beste hamabost, jakinez baliabide ekonomikorik ez duela horien ordaintzeko. Aldiz, beharrezkoak ikusten dituen bost langile berri gabe egingo du ikasturtea. Sartzea astelehenean egingo dute ikasleek, eta aurreko urteko sartzeari konparatuz, 250 ikasle gehiagok ikasiko dute euskarazko murgiltze ereduan. Ikastolak bere proiektuan zehaztutako «kalitatezko hezkuntza» ministerioak «lanjerrean» jartzen duela eta, haren ustez, Seaskarekin duen hitzarmena ez duela errespetatzen salatzeko, Akademia Ikuskaritzaren Paueko egoitzan bildu dira atzo goizetik ikastoletako 300 irakasle eta langile, beren ikasturte sartze egunean.

09:15ean Baionatik abiatu dira irakaslez eta langilez beteriko lau autobus Paueko bidean (Okzitania). Kasik 11:00ak dira autobusak Akademia Ikuskaritzaren aurrera hurbildu direlarik. Beltzez jantzirik, ikasle motxilekin bizkarrean eta Kasu, ikastola kexu mezuekin eskuan, giro lasaian kafea hartu dute denek batera ondoko tabernan. Ordu erdi barru, ikuskaritzako langile bat atera da eraikinetik, akademia ikuskaria irakasleen ordezkaritza batekin biltzeko prest dela jakinarazteko.

Hortik denbora gutira, erabaki dute, ordezkaritzaz gain, irakasleek ere eraikin administratiboa okupatzea. Giroa makurtu da horretan, baina berriz ere azkar lasaitu. Berrogei bat irakaslek ikuskaritzako harreran postua hartu dute, eta besteek kanpoan itxaron, lau irakaslek zazpigarren solairuan Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariarekin solastatzen duten anartean.

Solasaldi pribatua izan ondoren, bi alderdiek azalpenak eman dituzte, batak bestearen ondotik. Ministerioaren eta akademiaren ikuspegiak, eta Seaskarenak bi muturretara doaz. Barrierek, bere bulegotik, erakutsi nahi izan du irakasleen ordezkaritza bat errezibituz elkarrizketa «irekia» dela eta «krisi momentu hau» gainditu behar dela. Irakasle lanpostu gehiago irekitzearen aldarriari zera erantzun dio: «Nik ez dut, edozein kasutan, baliabide gehigarririk banatzerik». Gainera, emanak izan direnak «zentzuzkoak» direla deritzo. Irakasle postu berrien irekitzeko aurrekontua Asanblea Nazionalak egiten duela erran du, eta aipatu du aurtengo sartzea lanpostu irekitze gabe egingo dela bozkatu dutela.

Gainera, Barrierek uste du lanpostu kopuruan ez dela arazoa, baizik eta «emanak diren baliabideekin antolaketa sistematikoki» egitean. Hezkuntzaren pentsatzeko era hori dute Seaskako irakasle eta langileek salatu. «Azken urteetan ikastolek izan duten garapenaren aurrean eta Barriere jaunak onartu duen kalitatezko sistemaren aurrean», aitzinera egin eta bultzatu behar den hezkuntza proiektua dela aldarrikatu du Seaskaren izenean Irati Salaberria Baigorriko (Nafarroa Beherea) ikastolako irakasleak.

«Gure sistema arrisku handian ezarria da», adierazi du Salaberriak bere lehen hitzetan. Salatu du urte guziz Seaskak egiten duen baliabide eskaeretan gabeziak badirela, baina aurtengoak «zuloa handitu» egin duela: «Harentzat postu xahutze bat baldin bada ikastola baten irekiera, guretzat euskararen garapena da». Hain zuzen ere, Barriere ikuskariak zalantzan jarri du ikastola berri batzuen irekiera beharrezkoa ote den: Lapurdiko Bokaleko ikastola jarri du adibidetzat, ikasle gutxi hartzen dituela argudiatuta. Horri erantzuteko asmoz, Salaberriak adierazi du urteetan frogatu dela, ikastola bat irekitzean, urteak pasatu ahala betetzen dela, eta bilkuran bertan inspektoreak onartu diela datu hori. Azkenik, berriz gogorarazi du ikastolen funtzioa: «Herri bakoitzak euskara izan dezan eta, horrekin, gure herria eraikitzen segi dezagun».

Itun berri bat

Barriere inspektoreak iragarri du hitzarmen berri bat zehaztu beharko dela. Egungoak «pedagogia eta kontratazio arazoak» agerrarazten ez dituela gehitu du.

Akordioaren bi interpretazio izan dira irakasle lanpostu berrien aztertzeko orduan. Akademiak dio hitzarmena errespetatua dela, eta, aldiz, Seaskak dio urratu egin dutela. Baionako Etxepare Lizeoko pedagogia lanetan ari den Filipe Laskarai ere bilkuran zen. Berak salatu du ministerioak Seaska egitura bakar bezala hartu duela kalkulua egiteko orduan, eta, beraz, ikasle kopuru osoa irakasle kopuru osoarekin jarri duela balantzan. «Bidezkoa ez da», uste du Laskaraiek: kalkulu horrekin, «ikastola batzuetan klaseetan ikasle kopurua jasangarria da, eta beste batzuetan, ez». Nabarmendu du kasuan-kasuan aztertu behar direla beharrak.

Irakasleek bizkarrean eramandako motxilak Akademia Ikuskaritza inskripzioa duen sarreraren gainera botaz amaitu da protesta. Asteartean sartze berezia izango da ikasle eta irakasleentzat. Asteartean, berriz, errektorearekin bilduko da Paxkal Indo Seaskaren lehendakaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna