Lau eguneko astearekin hasi dira

Eskolan hasi dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak. Lehen mailako gehienek ez dute eskolarik ukanen asteazkenetan, eta agerian geratu da gurasoen genero desoreka
Baionako Oihanako ikastolan ere sartzea izan zuten ikasleek; gurasoek sinbolikoki okupatu zuten ikastola bi orenez.
Baionako Oihanako ikastolan ere sartzea izan zuten ikasleek; gurasoek sinbolikoki okupatu zuten ikastola bi orenez. N.A.L.

Nora Arbelbide Lete -

2018ko irailak 4
Duela lau urte, lau egun eta erdiko astea estreinatu zuten; orain, berriz, lau eguneko astea dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lehen hezkuntzako ikasleek. Hau da, eskolara joaten diren 3 eta 11 urte arteko haurrek ikastetxetik kanpo pasatuko dituzte asteazkenak. Frantziako Gobernuak ez du horretara behartzen berez , baina praktikan ikastetxe gehienek egin dute lau eguneko astera itzultzearen aldeko hautua. Baita Seaskako ikastolek ere.

Asteazkenen berrantolaketa horri aurre egiteko, zenbait proposamen agertu dira, baina oraino aski lausoa da kontua, bereziki diru laguntzei dagokienez. Aisialdiko zentroek egun osoko eskaintzak proposatuko dituzte, hori bai. Euskarazko zerbitzuei dagokienez, Udalekuk, esate baterako, egun osorako eskaintza jarriko du Hendaian, Baionan eta Miarritzen; 10 eta 16 euro arteko kostua izanen du eguneko.

Azken finean, horrela antolatua zen lehen maila ez hain aspaldi ere, eta badirudi bazterrak berriro egokitu direla lau eguneko astera. Hala nabari izan da eskolarako sartzean. Bizkitartean, irakasleek eta ikertzaileek nabarmendu dute ez direla aski aztertu lau egun eta erdiko asteari buruzko zenbait puntu.

Emma Duchini eta Clementine Van Effenterre ekonomialariek azterketa bat egin zuten 2017ko apirilean, ikusteko erritmo kontu horrek zer ondorio ukan dezakeen gurasoen antolaketan. Genero desorekak sumatu zituzten. Adibidez, 2014an, lau egun eta erdiko astera pasatu aitzin, bazen gizon baino bi aldiz emazte gehiago asteazkenetan ez zuena lan egiten. Beste gisa batez erranik: haur bat lehen mailan zuten emazteen artean, %40k baino gehiagok ez zuten lan egiten asteazkenetan. Aldaketaren ondoren, asteazkenetan lan egiteko aukera ukanez geroz, emazte gehiago hasi ziren lanean egun horretan, eta, ondorioz, %15 apaldu zen gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala. Ez kasu guzietan, hala ere: asteazken goizetan lanean hasi diren gehienak emazte arduradunak dira, edo lanbide liberaletan direnak. Alegia, emakume guziek ezin dute beren egutegia egokitu haurren egitarauetara. Bide batez, ikertzaileek ohartarazi zuten sakonki aztertu behar dela horrelako erreformek zer ondorio dituzten emakumeen lan ibilbidean eta soldatetan.

Dena dela, ikerlariek ohartarazi dute merkatuan emazte eta gizonen artean dagoen berdintasun eskasa ez zaiola eskolari bakarrik leporatzen ahal lan. Funtsean, erantzun bera eman du tokiko Snuipp FSU sindikatuko ordezkari Cecile Senderainek: «Ez dut uste eskolari leporatu behar zaionik gizarte patriarkal honen funtzionamendua. Ez da lau eguneko astearen arazoa bakarrik; anitzez sakonagoa da». Sindikatuak ere baieztatu ahal izan du lau egun eta erdira pasatzean anitzez emazte gehiagok lan egiten zutela asteazkenetan, baina ez dute bestelako azterketarik egin. Orain, berriro lau eguneko astera pasatuta, uste du oraindik goizegi dela jakiteko familiak nola antolatuko diren asteazkenetan, baina aitortu du segur aski kasu anitzetan emaztea izanen dela zaintzaren arduradun.

Hasteko, sindikatuan ere damu dira ikerketa zehatzik ez dagoelako, «irakasleen inpresioak baieztatu ahal izateko», bereziki haurren ongizate eta ikaste prozesuari dagokionez. Irakasleen kezka nagusia izan da irakasleak eta haurrak zinez akituak zirela lau egun eta erdiko astearekin, haurrek denbora gehiegi pasatzen zutela kolektibitatean eta aste bukaerak zinez zailak zirela: «Paperean, ideia ona zen, baina sorpresa txarra agertu zaigu. Orain, espero dugu lau egunera pasatzeak lasaitasuna ekarriko duela eskoletara». Hori dute lehentasun sindikatuan.

Asteazkena eskolarik gabeko eguna izateko kontu hori salbuespena da Europan. Kasu honetan, eskola publikoaren eta Eliza katolikoaren arteko hautsi-mautsi baten ondorioa da, asteazkena kristau ikasbide eguna izan baita historikoki.

Okupazio eguna Seaskan

Lau eguneko astearekin ekin diote ikasturte berriari Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxe gehienetan. Kontu horiez gain, hala ere, badira arrangura gehiago. Ikastoletan, adibidez, gurasoek eskolak okupatu zituzten, gehienak oren batez, sinbolikoki protesta agertzeko. Haserrea erakutsi nahi izan zuten, irakasle postuak eskas direla salatzeko; Seaskaren ikastetxeek 230 ikasle gehiagorekin hasi dute ikasturtea, eta Frantziako Gobernuak iragarri du bost irakasle eta erdi finantzatuko dituela. Seaskak, berriz, 25 postu eskatzen ditu. Horrela aurrera egiteko, Seaskak bere gain hartu ditu hamalau postu eta erdi. «Ez bagenitu gure sakelatik ordainduko, sartze hau ezinezkoa zitekeen», ohartarazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Seaskako kideak protestan dira; joan den astean, adibidez, Pauera eraman zuten kexua. Bilera eginen dute gaur bertan. Bordeleko Olivier Dugrip errektorearekin batzartuko dira, errektoreak berak galdeginik. Seaskak ez du gauza handirik espero bilera horretatik; hitzarmenaz mintzatzekoak dira, berritzekoa baitute. Baina Seaskak nabarmendu du akademiak ez duela errespetatu aitzineko hitzarmena bera. Hortaz, «bermeak» ditu eskatzen Seaskak. Baionan eginen dute bilera, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna